Karta jokoaren egilea

Asier Urrutikoetxea: «Nire helburua ez da jokoetatik dirua lortzea, euskara sustatzea baizik»

Euskal Herriko ibaien eta mendien karta jokoa kaleratu du Urrutikoetxeak, Euskal Herriaren eta euskararen inguruko jolas hezigarri moduan. Bertze ale batzuk ateratzeko lanean ari da orain.

Asier Urrutikoetxea, duela bi aste, karta jokoa eskuan duela, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Asier Urrutikoetxea, duela bi aste, karta jokoa eskuan duela, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun

Maita daitezke Euskal Herriko bazterrak lanbroak ezkutatzen dituenean, eta maita daitezke eguzki argitan ere. Are, karta jokoetan. Euskal Herriko ibaien eta mendien karta jokoa sortu du Asier Urrutikoetxeak (Galdakao, Bizkaia, 1981), euskaraz eta Euskal Herriaz aritzeko baliabideak egon daitezen.

Kartazalea zara?

Bai, banaiz. Zoritxarrez, belauna apurtu nuen eta denbora asko pasatu behar izan nuen etxean. Zer egin ez nekiela, Gernika-ren puzzlea egin nuen, 100.000 piezakoa. Hori amaitu nuenean joko bat sortzea otu zitzaidan, Euskal Herriko ezaugarriak eta jokoak uztartuko zituena. 

Kanpora atera ezin, eta kanpokoa ekarri zenuen etxera.

Euskal Herriaren gaineko zerbait egin nahi nuen, euskaraz eta gure herriaz ikasteko. Ezaugarri asko ditu Euskal Herriak; horietako bi, ibaiak eta mendiak. 

Paisaia politen bila ez baita urrunera joan behar.

Euskaldunak, oro har, oso mendizaleak gara. Bereziki mendizalea ez izanda ere egiten ditugun plan eta egun asko izaten dira mendiaren bueltan egindakoak. Baina normalean gertatzen da izenak eta ikastolan ikasitako datuak ahaztu egiten direla. Ahaztu baino gehiago, galdu. Norberak haren inguruko datuak eta izenak dakizki, bizitzak eta bizimoduak hala eraginda. Baina hortik harago ez dugu hainbeste ezagutzen. 

Ikasteko ere balio du jokoak, beraz.

Bai, uste dut hezitzailea eta baliagarria dela karten joko hau. Jokoaren bidez ikas daitezke izenak, ezaugarriak eta kokapenak. Arituaren arituaz, gainera, buruan sartzen dira eta ez dira ateratzen. Nik badakit, adibidez, Ebro ibaiak 930 km dauzkala; Aturrik 350 km; Aragoi Pirinioetan jaiotzen dela, 2.100 metro inguruan... Hori dena jokoaren bidez ikasi dut.

Bertze ikasgai batzuetan ere aplika liteke?

Bai, noski. Eginda daukat Euskal Herriko hegaztien karta sorta, eta ugaztunena prestatzen ari naiz. Egin nahi nuke perretxikoena, zuhaitzena, landareena, pertsonaia mitologikoena... alor guztietarako izan daiteke lagungarria. 

Ibai eta mendi denak sartu dituzu jokoan?

Denak ezin izan ditut sartu, noski. Hor erabaki bat hartu behar izan nuen: zein bai eta zein ez. Berrogei kartako jokoa egitea erabaki nuen, bost lurraldetan banatuta. Zazpi beharrean, bost, Iparraldeko hirurak lurralde bakarrean sartuta. Lurralde bakoitzetik zortzi ibai eta zortzi mendi. Zeudenetan esanguratsuenak hautatu ditut, ezagunenak direnak-edo. 

Bide erraza izan da dokumentazioarena?

Batzuetan kosta egin zait, ibaien jokoan gehienbat. Interneten eta liburuetan informazio asko dago, eta galderak eginez ere datu asko lortu ditut. Ur agentzietara deitu dut, udaletara... Ur emariaren datuak topatzea zaila izan da, adibidez; horretarako adituekin batu behar izan dut. Mendiena errazagoa izan da, baina federazioko baten batekin ere aritu naiz. Asko faltako dira, baina ezinezkoa zen denak sartzea. Lurraldetasuna zaintzen eta lurralde bakoitzeko izen garrantzitsuenak sartzen saiatu naiz. Luze joan da, karta bakoitzean zer datu jarri pentsatu behar bainuen. Ibaiena argiago nuen: luzera, altuera, non isurtzen den, ur emaria, beste zer ibairekin gurutzatzen den... Gero, joko motak erabaki behar nituen, karta horiekin eta haien konbinazioekin egin zitezkeenak. Ideia hasi zenetik bukatu den arte denbora asko pasatu da, baina etxean ez neukan beste zereginik, eta nahiko arin joan da. 

Diru bilketa urtarrilaren 15ean itxi zen.

Diru bilketa bat egin nuen joko aleak inprimatu eta diseinatzaileari ordaindu ahal izateko. Diru laguntza baten esperoan egon nintzen luzaroan, baina ez nuen lortu. Orduan otu zitzaidan bazela beste finantzaketa bide bat. Ez da dirua ematea soilik, noski, aurrez erosteko modu bat da: 15 euroko ekarpena egin dutenei joko bat bidaliko diegu, eta, 25 eurokoa egin dutenei, bi jokoak. Gutxienez zenbat diru lortu nahi nuen zehaztu nuen, eta bete egin da; bete eta pixka bat gehiago lortu, gainera. Oso pozik nago. 

Beraz, orain saltzeko txanda da.

Lehen prozesua inprimatzera bidaltzea da, eta, behin iritsitakoan, ekarpena egin dutenei jokoak bidaltzea. Gero, ahaleginduko naiz saltzen, bai; izan daiteke eskoletan, liburu dendetan, azoketan...

Bi joko mota daude; nola jokatzen da bakoitzean?

Familia jokoa eta kateto jokoa daude. Familia jokoan karta guztiak banatzen zaizkie parte hartzaileei, eta lurralde bakoitzeko bost mendiak edo ibaiak lortzen saiatuko da bakoitza. Kateto jokoan datuak asmatu behar dira, eta gehien gerturatzen denak irabazten du. 

Karta joko anitz daude, baina euskara hutsean ez dira hain errazak lortzen. 

Nik euskarazko baliabide bat sortu nahi izan dut, eskoletan eta etxeetan baliagarria izango dena. Euskal Herriko ikuspegia zaintzen eta erakusten saiatu naiz, niretzat oso garrantzitsua delako gure herria ezagutzea eta euskara sustatzea. Nire helburua ez da jokoetatik dirua lortzea, euskara sustatzea eta nire alea jartzea baizik. Ea zer bide egiten duen!

LOTSABAKO

Igo duzun azken mendia?
Anboto.

Gustuko mendi bat?
Hiru Erregeen Mahaia.

Euskal Herriko ibairik luzeena?
Ebro.

Karta jokoko lurralde bat?
Iparraldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.