Mikel Urdangarin musikariaren ustez (Zornotza, Bizkaia, 1971), kontzertu bakoitza ospakizunerako arrazoi da, baita Gasteizko Printzipal Antzokian etzi, hilaren 23an, egingo duen emanaldia ere. 21:30ean izango da, eta banda Izurdeen lekua lanarekin taularatuko da; kanta berrien eta zaharren arteko koherentzia izango du hizpide. Datozen hilabeteetan ere ez dira geldirik egongo.
Prest al zaudete kontzerturako?
Bolada zaila daramagu, eta gogotsu gaude. Baina ez bakarrik Gasteizerako, baizik eta datozen guztietarako ere bai. Beti izan da ospakizun bat oholtza gainera ateratzea: ez dut sekula normalizatu, ez dut sekula arrunt bilakatu. Ospakizun bat da, taula gainera ateratzea ospatzen dugulako, eta jendaurrean jotzea.
Izurdeen lekua lana aurkeztuko duzue. Egin dezakezu emanaldiaren aurrerapen bat?
Kontzertua bi zatitan banatu ohi dugu. Lehenengoan, diskoaren aurkezpen osoa egiten dugu, hasi eta bukatu; bigarrengoa errepertorio zaharreko hautaketa bat izaten da. Bi parteen artean ahalik eta koherentziarik eta harmoniarik handiena egon dadin saiatzen gara.
Nolakoa izan da orain arteko harrera?
Gustura gaude. Bost kontzerturekin abiatu ginen abenduan. Urtea hastearekin batera, geldialdia egon zen, baina pozik geunden ordura artekoarekin. Oso lan berezia da niretzat, eta, gainera, oraindik pozik nago egindako lanarekin, adiskidetuta. Izan ere, sarri, denbora pasatu, eta sortzen duzunaren inguruko sentipenak aldatu egiten dira.
Zergatik da berezia?
Amari eskainita dagoelako. Nik amari kantatu izan diot bizirik zela, baina, bizirik ez zela, lehenengo aldiz kantatu diot; amaren eta bion unibertso magiko batetik edan dut idazterako orduan. Honek guztiak dolu garai baten erdian harrapatu nau, eta nire bizitzako lanik bereziena egiten saiatu naiz. Lortu dudan ala ez, hori jendeak esango du.
Zeuretzat, behintzat, bada.
Zugandik idazten duzu, baina zugandik harago heltzeko ametsarekin. Oso barnetik kantatu ditut gauzak, baina, aldi berean, barnekotasun unibertsal batetik. Kantak entzun dituenak edo irakurri dituenak ikus dezake neure gertuko ikusmira hori besteen ikusmira izan daitekeela; horretan saiatu naiz. Beti saiatzen gara gure eremutik harago helduko den zerbait sortzen. Ni, bederen.
Eta zer dio jendeak?
Orain bi hilabete berreskuratu dugu bira, eta jendearen erantzunarekin ez ezik, pozik gaude taldea ematen ari denarekin ere. Esango nuke azken urteetan oso bolada goxoan gaudela zuzenekoari dagokionez, eta taldea traineru baten pare dagoela. Bost arraunlari ditut inguruan, eta denak batean ari dira. Sentsazio hori areagotu egiten da urtero.
Hala ere, zailtasunak ere egon dira izurritearengatik.
Sentipenak eta bizipenak nahiko hurbil egon dira, eta modu kolektiboan bizi izan dugu hau. Ni ez nago hortik oso aparte. Kulturari dagokionez, nahiko zigor handia bizi izan du; ez gara bakarrak izan izurritearen alde bortitza bizitzen, baina bereziki nabarmena izan da gurekin.
Kultura hasi al da plazak berreskuratzen?
Badirudi agendak hornitzen hasi direla; niri dagokidanez, esan dezaket datozen hilabeteetan lana dudala, baina ikusi beharko da nola dagoen benetan kultur sarea. Pandemiaren aurretik ere baziren gabeziak eta zer hobetuak, eta oraindik hor daude; baliteke pixka bat era larriagoan azaleratzea ere. Beti diot: ea aprobetxatzen dugun izurritearen ostean datorrena aurretik zegoena hobetzeko. Balia dezagun aukera hori gure ekosistema lehenago baino aberatsagoa izateko.
Zer hobetu behar da?
Euskal kulturari dagokionez, ikusgarritasuna eta plazak. Guk, musikariok, kontzientzia handia dugu, baina, kultur politikak kudeatzen dituztenak urrunegi sentitzen ditugu sarritan. Uste dut zenbait talentudun proposamenek, diziplina bat edo beste izan, ez direla jendaurrean aurkezten hala izan beharko litzatekeenean, eta hori eragotzi beharko genuke. Edonola ere, ez naiz negar eta kexa zalea; gehiago da nolabaiteko errealitatearen isla bat.
Are, mende laurden beteko du laster zure lehen diskoak. Ba al daukazu erronkarik esku artean?
Lan honekin egongo gara datorren otsailera arte; horrela jasota daukagu agendan, eta Haitzetan nire lehendabiziko diskoak 25 urte beteko ditu urtearen amaieran. Egitasmo indartsu bat dago urteurrenerako; ospakizun urtea izango da 2022a, baina ezin dut ezer zehaztu oraindik, goizegi delako.
ATZEKOZ AURRERA. Mikel Urdangarin. Musikaria
«Nire gertuko ikusmira besteena izan daiteke; horretan saiatu naiz»
Urdangarin disko berriaren birarekin hasi zen abenduan, taldearekin batera, eta Gasteizen egongo da etzi. Haren arabera, taldea «traineru baten pare» dago, eta datozen hilabeteetan ere lana izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu