Mikel Delika. Beiragilea

«Nire ametsetan ere ez nuke pentsatuko sari hau emango zidatenik»

Beiragintzaren alorrean egindako lanagatik, 2020ko Urrezko Zeledon saria jasoko du Delikak irailaren 22an. Hala ere, atzo eman zioten horren adierazle den saria. Adierazi du «oso maitatua» sentitu dela hasieratik.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Mikel Delika beiragileak (Gasteiz, 1960) jasoko du 2020ko Urrezko Zeledon saria, beiragintzaren arloan egindako lanagatik, hain zuzen. Azaldu duenez, ez zuen halakorik espero, baina pozik dago egindako aitortzarekin. Haren arabera, hainbat herritarrek ere pozez hartu dute sariaren berria, eta adierazi du «maitatua» sentitu dela. Gainera, txistularia eta Arabako Foru Aldundiko tronpetaria ere bada, eta, beraz, aski ezaguna da hirian. Jada jaso du saria emateko hautatutako pertsonari jaietan banatu ohi zaion zapia, atzo egindako ekitaldi batean; ekitaldi nagusia irailaren 22an egingo dute.

Sari horrek zer esan nahi du?

Gasteizen eman diezazuketen saririk handiena da. Berria emateko deitu zidatenean uste nuen nahastu egin zirela, eta beste pertsona bati deitu nahi ziotela. Izan ere, Gasteizko giroan beti dago norbait pentsatzen duzuna fitxak botatzen ari dela Urrezko Zeledona irabazteko, zenbait mugimendutan sartuta dagoelako, izatez sariarengatik egiten ez badu ere. Nik ez nuen inoiz pentsatuko hau emango zidatenik, ezta ametsetan ere. Txistularia naiz, eta [Arabako] diputazioko tronpetaria, baina saria ez didate horregatik eman, baizik eta beiragile gisa egindako lanagatik.

Sariarekin zure lana zabaltzeko aukera egongo da.

Bai, eta hori da gogoko dudana: beirateen alorra zabaltzea. Horren adibide da nire lantegia beti irekita dagoela. Gainera, normalean, horrelako lanetan, Erdi Arokoetan, sekretismo handia egon ohi da.

Beraz, zure lanaren aitortza bat da saria?

Aitortza bat da, eta, gainera, zure lurraldean. Niri gertatu zait beirateriaren munduan norbaitek ezagutzea, baina, Gasteizen, uste dute beste zereginik ez duzulako zabiltzala jardun horretan, polita delako. Ados, ederra da, baina hilabete amaierara ere iritsi behar da.

Santa Maria katedralean eginiko lanak goraipatu dituzte.

Fernando Cortes Pizanorekin egindako lan bat izan zen. Katedraleko beirateen plan bat egin genuen, zer zegoen eta gerora zer egin zitekeen. Krisiaren ondorioz, baina, egindako lana ezin izan genuen argitaratu urte batzuk igaro arte. Behin hori argitaratuta, ospe handia izan zuen, eta Ingalaterrako elkarte ospetsu batek ere bere argitalpen batean jardunbide egoki baten adibide gisa aipatu zuen guk eginiko lana.

Jaietan egiten den Farolen prozesiorako ere egin duzu lanen bat edo beste.

Hori da. Farolak arrosario bat dira, eta arrosarioek beren misterioak dituzte: mingarriak, loriatsuak eta gozagarriak. Hala ere, 2002an aita santuak beste misterio bat gehitu zuen: argitsuak. Misterioak areagotuz gero, beraz, prozesioa ere handitu egin behar da, eta horretarako karrozak egiten aritu nintzen. Estetika klasikoa eta irakurterraza izan behar zen, ukitu modernoekin, baina gainerako guztia errespetatuz. Farolak egiten ere hasi nintzen iaz.

Jaizalea al zara?

Jaiak intentsitate handiz bizitzen ditut, eta askotan ez dakit nola azaldu ere. Erabat barneratuta daukadan gauza bat da. Normalean ez dut ezer hitzartua izaten. Blusa ere banaiz, baina urteko 365 egunetan. Batzuek gorroto dituzte blusak, eta arrazoiarekin, hainbatek uste baitute blusa janztean edozein astakeria egin dezaketela, baina errespetuz jokatu behar da.

Beraz, kaleko giroa ere gustuko duzu?

Nik beti diot oso gasteiztarra, oso euskalduna eta oso nafarra naizela. Sari honen ostean, gainera, oso maitatua sentitu naiz. Zenbaitek honen berri izatean ere esan izan didate merezia nuela, lehenago eman behar zidatela, besteak beste, txistua jotzen aritzen naizelako kalean, nahiz eta oraingoan lanagatik eman didaten. Baina ni pertsona arrunt bat naiz, eta uste nuen halako sariak soilik egunkarietan-eta agertzen zirenei ematen zizkietela.

Hala ere, ez dago jairik aurten ere, bigarren urtez jarraian. Nola amaituko dituzu?

Blusarekin ateratzen naiz normalean, lagunekin, eta txistua ere jo izan dut ama birjinari egiten zaion lore eskaintzan. Kalejiraren bat edo beste ere egiteko asmoa badugu, baina plan lasaian. Egoera zein den jakin behar da, baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta ez dugu geure burua zigortu behar. Horrez gainera, Urrezko Zeledonen elkarteak zapi pertsonalizatu bat eman zidan atzo sariarengatik. Hala ere, irailaren 22an egingo da sari banaketa ofiziala. Ez dakit oraindik zer esango dudan, ezta zer egingo dudan ere; ez daukat ezer pentsatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.