Josefina Lamberto. Vicente Lambertoren alaba eta Maravillas Lambertoren ahizpa

«Nire aita aurkitu nahi nuen, ez besterik, baina ez zidaten utzi»

36ko gerran fusilatu zituzten Josefina Lambertoren aita eta ahizpa; Maravillasen gorpua erre zutela uste dute, eta Vicenterena oraindik ez da agertu. Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin oraino.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi urte zituen arren, Josefina Lambertok (Larraga, Nafarroa, 1929) ez du erraz ahaztuko bere aita Vicente eta ahizpa Maravillas inolako azalpenik gabe eraman eta fusilatu zituzten eguna. Aitari UGTko kide izatea egotzi zioten, eta ahizparen «bekatua» aita zaindu nahi izatea izan zen. Nahiz eta 78 urte pasatu, Lambertok borrokan segitzen du, justiziaren bila; ez du etsiko aita topatu arte.

36ko gerran, 3.400 lagun inguru fusilatu zituzten; haien artean, zure aita eta ahizpa. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Gogoan dut 1936ko abuztuaren 15ean gure etxeko atea jo zutela goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan. Hala, gizon horiek metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitaren bila joan ziren. Nire ahizpa Maravillasek 14 urte zituen momentu hartan, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko.

Biak eraman zituzten orduan.

Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Aita Larragako udaletxe azpian dagoen kartzelara eraman zuten, eta ahizpa, berriz, gora igo zuten, idazkaritzara. Ezin dugu ziur jakin, baina badirudi nahi izan zuten guztia egin zutela harekin, inguruko bizilagunek jantzi guztiak txiki-txiki eginda zituela ikusi baitzuten. Gauza onik ez zioten egin, beraz. Hurrengo goizean, amak esnatu gintuen, eta aitari gosaria eramateko esan zigun. Baina, zoritxarrez, nire ahizpa Pilar eta biok udaletxera iritsi ginenerako, aita jada ez zegoen han.

Maravillasi buruz zerbait esan zizuen amak momentu hartan?

Ezertxo ere ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz. Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten, edo hori da behintzat guri esan zigutena. Halere, gorpuzkiak ez dira agertu; aitarena orain dela gutxi bilatu zuten, ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat ustelduta zegoen, eta erre egin ei zuten.

Momentu latzak izan ziren.

Latzegiak. Aita eraman zutenetik, gure bizitza errotik aldatu zen:ama kartzelara eraman zuten, lurrak kendu zizkiguten, behor bat eraman ziguten, etxeko objektuak lapurtu zizkiguten, eta abar. Ezer gabe utzi gintuzten. Gogoan dut egun batean gozoki batekin etorri zirela gure etxera, ni engainatu nahian, gure aitaren armak erakusteko eskatuz. Irudi hori ez dut erraz kenduko burutik. Gainera, ama bizpahiru egunez egon zen kartzelan, eta ahizpa eta biok bakar-bakarrik geratu ginen etxean. Bizilagunek ez ziguten ogi zati txiki bat ere eman. Behin ama espetxetik aterata, militar baten etxera joan zen lanera, eta gu beste familia batekin utzi gintuen urtebetez. Oso egoera txarrean bizi ginen, eta behin eta berriz mespretxatzen gintuzten. Ez hori bakarrik: etxe hartatik atera ondoren jakin genuen etxe hartako semeak bortxatu eta hil zuela gure ahizpa. Handik Iruñera joan ginen.

Iruñean zuen bizitza hobetzen hasi zen?

Ez pentsa. Guztia kendu ziguten falangistek, eta gure ama eskean ibili zen hasieran. Gero, lantxo bat atera zitzaion Estafeta kalean, porlanezko zakuak josten. Miseria bat ordaintzen zioten, eta maiz ez zioten ematen zor zioten guztia. Handik gutxira gaixotu egin zen, eta ezin izan zen lanera joan. Horren ondorioz, errentan hartua genuen etxetik bota gintuzten, eta eskaileretan egin behar izaten genuen lo. Oso haurtzaro tristea izan genuen.

Gero, moja sartu zinen.

Bai, baina asko damutu naiz nire bizitzako berrogeita sei urte eta nire osasuna bizimodu hari eskaini izanaz. Kriminal hutsak dira: ez dute beste izenik merezi. Komentuan sartzean ez nekien non sartzen nintzen, baina segituan erakutsi zidaten esklaboak behar zituztela, eta ez mojak. Ez naiz besterik izan, esklabo bat.

Non egin duzu lan?

Pakistanen, Iruñean eta Madrilen. Hogeita bost urterekin, Pakistanera bidali ninduten hamalau urtez. Hango klima oso gogorra da, eta malaria pasatu behar izan nuen. Egia esateko, oso gaizki tratatu ninduten; gaztea nintzenez, edozer egin ahalko nuela uste zuten, eta nahiko abandonatuta utzi ninduten. Pakistandik bueltan, Iruñera etorri nintzen, baina etxe barruan lan egitera behartzen ninduten. Esan bezala, esklabo bat nintzen. Garbitegian, sukaldean, etxea garbitzen eta halakoetan pasatzen nuen eguna.

Lanik gogorrena egitera behartzen zintuzten, beraz.

Zalantzarik gabe. Familia aberatsetakoak ez ginenak neskametzat gintuzten. Komentuan lan egitea galgarri handia izan da niretzat, pertsona gisa. Sartu nintzen momentutik gutxiesteaz gain, haientzat ez nintzen ezer. Haien nahiak betetzeko eta haiek zikindutakoa garbitzeko nengoen. Gainera, ezin nien erantzun, ia ezin nuen hitzik ere egin... Guztiari amen esan behar zitzaion; haien amen, noski. Esklabotasun osoa zen hura.

Nola lortu zenuen komentutik ateratzea?

Franco hil zenean, gure aitaren bila joateko baimena eman ziguten, eta ni ere joan nintzen. Nik aita aurkitu nahi nuen, ez besterik, baina ez zidaten utzi. Mojek debekatu egin zidaten, eta, aurre egin nienez, Madrilera bidali ninduten. Hango komentuan beste hamabi urte eman ondoren, zulo hartatik ateratzea eta behingoz ni neu izatea erabaki nuen, ez inoren neskame. Geroztik, nik nahi dudana naiz. Orain dela hemezortzi urte utzi nuen komentua, baina izugarri kosta zitzaidan, handik aterata ezer eta inor gabe geratu bainintzen. Ez nuen batere dirurik, eta inor ez zegoen laguntzeko prest. Halere, ez nuen hondoa jo, eta, borrokatuz, azkenean Iruñera itzultzea lortu nuen. Mojek hondoratuta ikusi nahi ninduten, baina ez nien plazer hori eman, ezta emango ere. Asko kostatu arren, aurrera egin behar da, eta indarra ez dagoen tokitik atera behar da. Egia da izugarri sufritu dudala, baina sufrimendu horrek indartsuagoa egin nau.

Hainbeste urteren ostean, zer sentitzen duzu garai hauetan?

Guztia pizten zait ostera; berriz bizitzen dut garai hartako miseria, miseria gorria. Gainera, orain buruargi batzuk esaten hasi dira dirua kobratzeko asmoz ari garela nire aitaren bila eta beste hainbat fusilaturen bila. Jada ez dakite zer asmatu. Harrigarria da oraindik nolako mina egin dezaketen!

Noizbait alarma faltsuren bat izan duzue?

Behin, gizon bat hurbildu zitzaidan, ezagutzen ninduela esanez. Aipatu zidan bazekiela non zeuden Larragako herritarren bi gorpu. Momentu hartan barrua mugitu zitzaidan, eta ahizpari galdetu nion ea ez ote zen gure aita izango horietako bat. Hark ezetz erantzun zidan, gorpuzki horiek Añorben zeudela, eta gure aita Ibirikun zegoela, baina, halere, hara joatea erabaki genuen. Hantxe zegoen Larragako norbaiten eskeletoa; lepotik behera oso-osorik, baina burezurra falta zitzaion. Ikusgarria zen. Kontua da hara joan ginela, alde guztietara joan garela, eta aita ez dela agertzen. Itxaropena galtzen da azkena, baina jada ez dakit horrelakorik ba ote dudan.

Iazko abenduaren 5ean Nafarroako Parlamentuak Memoria Historikoaren legea onartu zuen. Zerbait egin dute geroztik?

Iseka egin digute lege horrekin. Ez digute kasurik egin, eta ez diote aurre egin beren erantzukizunari. Niri aita non dagoen esaten ez didaten bitartean, ez dut inongo legetan sinetsiko. Sartagudako parkean egin nahi dena ere ez dute ordaindu nahi. Hildakoak onartzen dituen paper batek ez du ezer moldatzen. Zer egingo dut nik paper batekin? Orain gobernuan daudenek hor jarraitzen duten bitartean, ez dute ezer egingo. Hitz asko, baina egin, ezer ez. Horrela ez goaz inora.

Urte hasieran 52 hobitan lan egiteko asmoa zenuten, 350 biktimaren arrastoak aurkitzeko xedez.

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartekoak leku askotara joaten dira, zerbait aurkitu nahian, eta pixkanaka-pixkanaka ari dira arrasto zenbait aurkitzen. Dena dela, Nafarroako Gobernuak 20.000 euroko aurrekontu bat prestatu zuen gure ikerketara bideratzeko, baina diru horretako xentimorik ere ez dugu ikusi.

Horrez gain, orain Argentinan frankismoko krimenak ikertzen hasi dira. Zer iruditzen zaizu atzerrira jo beharra justiziaren bila?

Tamalgarria. Halere, zerbaitetarako balio duela ziurtatuko balidate, Argentinaraino joango nintzateke behar denari laguntzera. Baina haiek badakite oraindik bizirik nagoela, eta ez dute ezer egin. Hasteko, itzul dezatela lapurtutakoa. Dena ez bada ere, zerbait itzultzea lehenengo pausoa litzateke. Aitaren eta ahizparen bizitza ezin didate itzuli, baina ostutakoa bai. Orduan hasiko nintzateke justizian sinesten. Ez dut inolako itxaropenik ez Argentinan, ez Nafarroan eta ez inon.

Zerk dauka lehentasuna zuretzat?

Aita topatzeak, behingoagatik deskantsa dezan. Hori bai, nikez diot inori ezer barkatuko; ez dago eskubiderik inori bizitza lapurtzeko, eta, are gutxiago, inolako arrazoirik gabe. Moja maltzur horiei ere ez diet barkatuko nire bizitza izorratzen saiatu izana.

Maiatzean, Iruñeko Ziudadelanerakusketa bat jarri zuten Espainiako armadako America 66 erregimentua omentzeko. Zer iritzi duzu erakusketa horren inguruan?

Oso lotsagarria iruditzen zait. Horrekin ere iseka egin digute. Zaila da familian fusilaturen bat duen norbaitek horrelako basakeria bat onartzea eta ulertzea. Burla egiten digute behin eta berriz, eta ez dira nekatzen.

Orain, zein da zure egunerokoa?

Goizero zazpietatik bederatzi eta erdietara, Miserikordia etxean garbitegian laguntzen dut, arropa guztiak garbitzen eta tolesten. Horren truke, 98 euro ematen dizkidate hilean. Gero, Iruñeko jantoki solidario batera joaten naiz laguntzera, eta arratsaldean elbarri dagoen gizon bat zaintzen dut, koitaduak ez baitu beste inor bizitza honetan.

Gertatu zaizun guztia eta gero,zoriontsu zara?

Komentuan baino askoz ere zoriontsuago. Lagun zoragarriak ditut, eta Gorka Moreno ere hor dago, beti laguntzeko prest. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko kideak ere nire ondoan daude, behar dudanerako. Zer gehiago eska dezaket? Ez daukat familiakorik, baina lagun bikainak ditut. Gertatzen dena gertatzen dela, badakit ez nautela bakarrik utziko, eta, orain arte bezala, beti aurrera egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.