Hilberria

Nikolas Aldai kazetaria hil da

Bertsolaritzari buruzko irratsaioak zuzendu eta aurkeztu zituen Herri Irratian eta Euskadi Irratian. Jose Lizaso, Mattin eta Uztapide bertsolariei buruzko liburuak idatzi zituen, besteak beste.

Nikolas Aldai. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
urtzi urkizu
2020ko urriaren 21a
16:36
Entzun

Bertsolaritzaren memoria historikoa jasotzen eta irratian herritarrei plazaratzen ordu, egun, aste, hilabete eta urte ugari egin zituen. Irratiari eta errimari emanak. Herri Irratian eta Euskadi Irratian egin zuen lanarekin akordatuko dira makina bat entzule euskaldun. Nikolas Aldai (Errezil, Gipuzkoa, 1947) kazetaria hil da gaur.

Errezilgo Artziola baserrian jaio zen Aldai, eta, 10 urte betetzear zela, fraideekin ikastera joan zen —anaia zaharrena joana zen lehenago—. «Baina ez nuen ikusten nire bidea zenik. Artean sinetsita nengoen hainbat gauzatan, baina nik landu beharreko baratzea beste bat zen», kontatu zion Karlos Aizpuruari, BERRIAn, 2005ean. Filosofia ikasketak egin zituen, baina teologia baztertu zuen.

Soldaduska egiten ari zela, Herri Irratian hasi zen. Han egin zuen aurreneko irratsaioa bertsolaritzari buruz. 1970eko hamarkada zen. Kazetaritzan aritu nahi zuela argi zuen. Eta Deia egunkarian aritu zen beharrean gero, Iruñean.

1982an, berriz, Euskadi Irratira iritsi zen, eta irratiko sorrera parte hartu zuen kazetarietako bat izan zen; hasierako ordezkari sindikalekoa izan zen (ELAkoa). Magazinetan aritu zen aurreneko urteetan. 1987an, berriz, bertsolaritzari buruzko programa egiteko ardura eman zioten Euskadi Irratian. Lehenbizi, Patxi Mujikaren euskal perlak saioa gidatu zuen; 1960ko hamarkadan Mujikak grabatu zituen bertso saioetatik alerik ederrenak ematen zituzten. 1989ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa iritsi zenean, plazako momentu hartako bertsolaritzari heldu behar izan zion. Lehengo eta oraingo bertsolaritza biltzen eta lantzen jardun zuen hurrengo urteetan. 1993. urtean, Eta hitza jolas bihurtu zen irratsaioa sortu zuen. Horretan jardun zuen hamabost urtez, 2008an erretiroa hartu zuen arte.

Irratian ez ezik, liburuetan eta testuetan ere landu zuen azkeneko hamarkadetako bertsolaritza. Baita lehenagokoa ere. «XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako bertsolaritza ahal den neurrian bildu eta datatu dut», azaldu zuen BERRIAn, irratian erretiroa hartu berritan. Geroztik ere jarraitu zuen bertsolaritzarekin lotutako argitalpenetan lanean. Aldairenak dira Jose Lizaso: nere aldiko kronika, Mattin irriaren giltza: bertso hautatzailea eta Uztapide berriro plazara liburuak.

Arraunaren zalea zen Aldai. Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zen, eta haren bi seme arraunlariak izan dira.

Odile Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendari ohiak nabarmendu du Aldai gizon "konprometitua" izan zela: euskalgintzan, kazetaritzan eta bertsolaritzan. "Patxi Mujikaren grabaketak, bertso saioenak, gordinean hartu eta sailkatu, orraztu eta datu base batean sartu zituen. Sekulako lana egin zuen, txingurri lana". Kruzetaren ustez, Xabier Sukiak bertsolaritza saioaren erreleboa hartu zuenean "bide bat urratua" zegoen. "Material asko txukundua iritsi zitzaion Sukiari". Kruzetak uste du belaunaldi berriek aitortza egin behar diotela Aldairi.

Bertsolari aldizkariaren hurrengo zenbakian Aldairekin egindako elkarrizketa bat argitaratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.