Beltza Records-en jabea

Luis Vazquez 'Beltza': «Ni ez naiz bildumazalea: pilatzailea naiz, jonkia»

Bizitza osoan pilatutako biniloak bunker batean bildu ditu Vazquezek. Doneztebeko Xabatenea etxean eskaintzen duen esperientzia ezin da hitzez azaldu: «Zerbait fisikoa da, baina badu filosofikotik eta antropologikotik ere»

Luis Vazquez 'Beltza' bere disko bildumarekin, Donezteben (Nafarroa). JON URBE / FOKU
Luis Vazquez 'Beltza' bere disko bildumarekin, Donezteben (Nafarroa). JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Doneztebe
2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Hasiera bat diskoa gaurko egun batez eman zuen argitara Gorka Urbizuk. Urtebete da «pirotekniarik gabeko» bakarkako lehen lana plazaratu zuenetik. Musikariak Luis Vazquez Beltza-ren Doneztebeko (Nafarroa) Xabatenea etxean atera zituen promoziorako argazkiak, ezen diskoz betetako etxe horren ataria zeharkatzea mundu berezi batean murgiltzea da. Vazquezek (Donostia, 1964) bizitzan zehar pilatu dituen diskoen «bunker bat» eratu, eta soularen azken muga esperientzia eskaintzen du han: Beltza Experience.

Urtebete da Gorka Urbizuk bakarkako diskoa argitaratu zuela. Nola sortu zen argazkiak hemen egiteko ideia?

Oso eskertuta gaude Gorkari. Egun jakin batean plazaratu nahi zuen diskoa, eta, ordura arte, oso ezkutuan izan zuen. Sare sozialetan jarraitzen gintuen, eta leku hau bitxia iruditu zitzaion. Bere argazkilari Ibai Arrietari aipatu zion, eta biak etorri ziren. Egun oso batez aritu ziren hemen lanean. Horrela sortu zen ideia, ez dago beste misteriorik. Espazioa interesgarria iruditu zitzaien.

Esperientzia bat eskaintzen duzu etxe honetan.

Bai. Esperientziak modan jarri dira. Nire bikotekidea katalana da, eta haren jaioterrian almendrondoak nola loratzen diren ikusteko esperientziak eskaintzen dituzte. Lleidan betidanik ikusi dute loraketa, eta orain japoniarrak doaz. Etxe hau erosi genuenean nire disko bilduma osoa ekarri nuen. Hiru kamioi behar izan nituen, eta oraindik kutxetan daude. Apaletan jarri behar ditut. 55 urtean egindako bilduma da. Bunker bat da.

Atea zeharkatzean zirrara berezia sentitzen da...

Ezin da hitzez azaldu. Askotan saiatu naiz, baina alferrik da. Bizi egin behar da. Zerbait fisikoa da, baina badu filosofikotik eta antropologikotik ere. Herri kultura garaikidean zeharreko bidaia bat da, herri kulturak duen edertasunean zeharreko bidaia bat. Oso pertsonala da. Askotan esan didate esperientzia neu naizela. Oso teatreroa naiz, eta etortzen den pertsona bakoitzarekin sinergia bat sortzen da. Norberaren bizitzaren ibilbidea ere egin daiteke musikaren bidez.

LUIS VAZQUEZ 'BELTZA'REN BILDUMAKO DISKAK
Luis Vazquez 'Beltza'-ren bildumako diskoak. JON URBE / FOKU
Zer dira diskoak zuretzat?

Hemen dagoen disko bakoitza zoragarria da. Denak dira ederrak. Disko bakoitzaren atzean istorio bat dago, azal bakoitzaren atzean. Asko gustatzen zaizkit argazkilaritza eta ilustrazioa, eta diskoek, hori guztia izateaz gain, musika daukate, beraz, altxorrak dira, bitxiak... Nire semeak dira, eta maite ditut. Guaiak dira.

Nondik datorkizu bildumak egiteko joera?

Ni ez naiz bildumazalea: pilatzailea naiz, jonkia (barrez). Dohain hori daukat, gauzak sistematikoki pilatzeko dohaina, ez besterik. Denetarik pilatzen dut. 5 urterekin hasi nintzen. Nik uste dut ume guztiok egin ditugula bildumak. Kromoak biltzen hasi nintzen, gero txanponak, posterrak, komikiak... Bretxan eta Konstituzio plazan egiten ziren azoketara joaten nintzen. Amak duela urte batzuk eman zizkidan nire jostailuak, eta hortxe ditut. Ilustrazioen bilduma izan zen lehen bilduma serioa. Liluratzen nauten gauzak pilatzen ditut. Pertsona batzuek dituzten gaitasun artistikoekin liluratzeko sentiberatasuna daukat.

1990ean zabaldu zenuen Beltza Records.

Umetatik nekien denda bat izango nuela. Komiki denda izango zela uste nuen. Artzain Onaren plazako Ereña dendara joaten nintzen eskolatik ateratzean. Lopez Espiren azalekin flipatu egiten nuen. Sekulako maisua zen, jenio hutsa. Beltza Recordsen beti egon dira komikiak. Londresera joan nintzen kazetaritza ikasi ostean, eta bueltan zabaldu nuen denda. Punkaren eta rock-and-rollaren garaia bizitzea tokatu zitzaidan. Donostiako Alde Zaharrean bizi nintzen, eta etxe bakoitzeko onenak elkartzen ginen. Sorkuntza leherketa bat izan zen; oso garai ernagarria eta arriskutsua izan zen. Musika odolean sartu zitzaigun. Lou Reeden Rock and Roll Animal diskoaren azalak sortu zigun zirraraz akordatzen naiz, Heroin kantaz... Beltza Records garai basati horren emaitza da. 

Euskal rock erradikalaren garaia ere bazen...

Bai. Euskal rock erradikala nire bizitzaren parte izan da. Kortaturen kontzertu pila batean izan naiz. Fermin Muguruzaren fana naiz. Musika beltzarekin ere obsesionatu nintzen. Estatu Batuetara joaten nintzen soul eta musika beltza erostera. Hemen apenas zegoen ezer.

LUIS VAZQUEZ 'BELTZA'
Luis Vazquez, Gorka Urbizuren 'Hasiera bat' diskoa eskuan. JON URBE / FOKU
Beltza Recordsen erreplika moduko bat da etxe hau.

Beltza Recordsen luxuzko biltegia da. Semeari utzi diot denda, eta hona etorri naiz, lasai egotera, eta musika ikertzera eta entzutera. Hogeita lau orduz dut musika. Diskoak sailkatzen ditut. Hau guztia ordenatzea hiru urteko lana izan da, eta oraindik ez dut amaitu. 

Denda bat ere baduzue ezkaratzean.

Bai. Parroquia 13, gure kalea eta zenbakia. Ultramarinos bat da. Donostiako dendan ultramarinos bat izan zuten aurretik nire gurasoek; Faroe uharteetako bakailaoa saltzen zuten. Hau ultramarinos pop bat da. Gu gaude islatuta hemen. Gu gara. Produktu bakoitzak bere istorioa dauka. Galiziako Terras Mancaseko ardo zuri bat daukagu. Aita hangoa zen. Olioa ere ekarri dugu handik. Kataluniako gauzak ere baditugu, eta bertakoak: gazta, marmelada, gatza... Bigarren eskuko arropa ere saltzen dugu.

Eta kontzertuak egiten hasi zarete.

Bai. Intuizioz egiten ditut gauzak. Hamahiru bizi izena jarri diogu. Joseba Irazoki etorriko da hilaren 25ean. Tiny Desk Concerts egitasmoan inspiratu gara. Victor Herrero gitarra jotzaileak eman zuen lehenengo kontzertua. Laster argitaratuko dugu. Azokak ere egiten ditugu. Jupiterren azokak.

Jupiterrenak? Ez Marterenak?

Bai. Lorategian dugun zuhaitza da Jupiter. Hemen denak dauka bere zergatia. Barojaren Berako [Nafarroa] etxean halako bat dago, eder-ederra, baina hemengo hau gaixorik dago. Bere omenez jarri genien izena azokei. Bigarren eskuko gauzak saltzera dator jendea, eta musika, jatekoa eta edatekoa jartzen dugu. Martxoan egingo dugu hurrengoa.

lotsabako

Zenbat disko dituzu? Beti egiten didate galdera hori, eta ez dut inoiz erantzuten. 

Erreferente bat? Baroja eta Oteiza. Askotan joaten naiz Itzeara eta Agiñara. 

Euskal musikaren disko azal bat? Haizea folk taldearen bigarren diskoa; mitikoa da. Xoxoak argitaratu zuen.

Haizea taldearen diskoaren azal ikonikoa.
Haizea taldearen diskoaren azal ikonikoa. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.