Neurria baino askoz gehiago

Apirilaren 13an zendu zen Mary Quant, minigona merkaturatzeagatik ezagun egindako diseinatzaile britainiarra. Hain zuzen, minigona emakumeen iraultzaren sinboloa izan zen 60ko hamarkadan. Quantek ordura arteko modaren industria «demokratizatu» zuen, ekonomikoki eskuragarriagoa eginda.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gaur egun neurri, kolore eta mota guztietako gonak aurkitu daitezke bai dendetan eta baita kalean ere. Hori, ordea, pentsaezina zen duela 60 urte pasatxo. Gonek belaunetik behera behar zuten izan, ezta zentimetro bakar bat ere gutxiago, gaizki ikusita baitzegoen emakumeek hankak erakustea belaunetik gora. Gona horiek ahalik eta gehien ezkutatu behar zuten emakumeen gorputza, eta ez ziren batere erosoak haientzat. «Nerabeetan eta haur gazteagoetan ondo ikusita zeuden belaunetik gorako gonak, eta emakumeek gaztetan zuten erosotasun hori berreskuratu nahi zuten», aipatu du Jokin Aierregarai kazetari eta estilistak. Irudi aholkulari gisa lan egiten du, eta telesailetako jantzitegietan.

Quanten dendara joaten ziren emakumeek gona gero eta motzagoak nahi zituzten; jostunak, beraz, gona motz haiek saltzen hastea erabaki zuen: minigonak. Minigona, jostunak gustuko zituen Mini autoengatik.

Minigonak belaunak agerian utzi zituen lehen aldiz, eta izugarrizko arrakasta izan zuen emakumeen artean. Aukera izan zuten erabakitzeko zer jantzi zezaketen eta gorputza noraino erakutsi nahi zuten,eta ordura arte pentsaezina zen hori. Javier Barroeta jostunak «iraultza» gisa definitu du minigonaren sorrera: «Emakume guztiek izan nahi zuten iraultza horren parte». Goi joskintzan aditua da Barroeta, eta bere izena daraman eskola bat du Bilbon.

Hain egin zen famatua minigona, ezen Londresetik kanpo ere iritsi baitzen haren oihartzuna. Aierregarairen hitzetan, Brigitte Bardot aktorea eta Jackie Kennedy —John F. Kennedyren emaztea— ere hasi ziren minigona janzten ekitaldi publikoetan.

Erosotasuna

Hori ez zen minigonak egindako ekarpen bakarra, ordea. Emakumeek erosotasuna zuten helburu janzteko orduan, eta, minigonak janzten hasi ziren bezala, prakak janzten ere bai. «Eguneroko moda askoz ere informalagoa bihurtzen hasi zen», esan du Barroetak.

Minigona famatu egin eta segituan, hainbat diseinatzailek, gizonezkoak gehienak, aldarrikatu zuten eurek asmatua zutela jantzi hori, aurretik, eta esan zuten Quantek ez zuela ezer berririk egin. Kasurik entzutetsuena Andre Courreges diseinatzaile frantsesarena izan zen. Coco Chanel diseinatzaileak ere ez zuen begi onez ikusi minigona: «zeharo itsusia» iruditzen zitzaion. Chanelek argudiatu zuen belaunak emakumeen gorputzetako atalik itsusienetakoak zirela.

50eko eta 60ko hamarkadetan, marka handiek gidatzen zuten modaren mundua: zeintzuk izango ziren modako koloreak, arropak, estiloak... Gainera, dirudunek soilik eros zezaketen kalitatezko arropa. Dirurik ez zutenek seriean ekoitzitako arropa erosteko aukera besterik ez zuten izaten.

«Quantek jende gaztearentzat josten zuen. Jende gazteak egiten zuen iraultza, eta hark nahi zuen iraultza horrek jarraipena izatea», kontatu du Aierregaraik. Bazekien bere bezeroek ez zutela dirurik, eta materialak eta ekoizpenak erosle horientzat egokitzen zituen. Kazetari eta estilistaren ustez, Quantek moda «demokratizatu» zuen bere sorkuntzekin.

Prêt à porter delakoa —eramateko prest dagoen moda— nagusitzen hasi zen, baita etxerik garrantzitsuetan ere. Yves Saint Laurentek, esaterako, minigona «arau» gisa hartu zuen bere bildumetarako, Barroetak esan duenez. «Aldarrikapen gisa sortutako jantzi hura errotu egin zen, baita marka handietan ere, beharrezkotzat jotzen baitzuten euren jantzietan txertatzea». Hala ere, garai hartako kutsu iraultzailearen arrazoietako bat minigona izan zen arren, jostunak garrantzia eman nahi izan dio musikari ere; protesta musikari, besteak beste.

Estilo berezia

Minigona ikono bilakatuta, Quantek bere estilo propioa zabaldu zuen; Chelsea estiloa, hain zuzen. Koloretako leotardoak, margaritaren irudia zeramaten jantziak, Bob ile orrazkera (motz moztua), gona eta soineko motzak, bota altuak... «Oso pertsonala» zen jostun britainiarraren estiloa, Barroetaren arabera.

Nahiz eta estilo hori duela 60 urte hasi zen zabaltzen, gaur egun «ikonikoak» diren estilo askoren atzean dago, Aierregaraik aipatu duenez. «Quantek esan zuen minigona onartuta zegoela ikusi zuenean galdu egin zuela jantzi horren inguruko interesa», eta gona oso luzeak eta praka zabalak sortzen hasi zen 70eko hamarkadan, hau da, garai hartako kontzeptuekin bat egiten zuten jantziak. Hippy munduarekin, adibidez.

Gona motzak merkaturatzen hasi zenez, eta emakumeak ez zeudenez ohituta hankak erakustera, hanketarako produktuak saltzen ere hasi zen. Kremak saltzen zituen gehienbat, baina, urteen poderioz, makillajea saltzen ere bai.

Barroetak ondo oroitzen du emakumeen jantzietan izandako iraultza, baita Euskal Herrira iritsi zenean ere: «Kontserbadoreagoak izan gara beti hemen, eta beranduago iritsi zen. Garai hartan, Euskal Herrian ondo jantzita joateak ekonomikoki goi mailakoa zinela esan nahi zuen». Hala ere, hori alde batera geratu dela gehitu du.

Puritanismoa, alde batera

Itziar Ziga kazetari eta idazle feministak emakumeen lotsagabetasuna aldarrikatzen du Devenir perra liburuan (Melusina, 2009), norberak une oro nahi duena egiteko aktibismoarekin lotuta.

Minigonak batzuetan jantzi polemikoak bilakatzen direla ikusita, Zigari ez zaio batere gustatzen jantzi horren inguruan sortzen den puritanismoa; are gehiago, «izugarrizko amorrua» ematen diola kontatu du. Bi puritanismo mota bereizten ditu idazleak. Batetik, behar baino gehiago ez erakusteko gailentzen den ideia, «norbaitek zuri eraso egitea eragingo duzulako».

Bestetik, « eta are okerrago», feminismoaren barruko puritanismoa dago: «Badago jendea esaten duena emakumeak euren gorputza objektu bilakatzen ari direla galtzak edo gona oso motzak eramateagatik», gehitu du.

«Minigonarekin gertatzen den arazorik handiena, nire ustez, hau da: ez erakutsi alua». Ezkutuan, gordeta, eta ia inori erakutsi gabe mantendu behar den zerbait dela uste du, eta «guztiz pornografikoa» bilakatu dela. «Ez da erakutsi behar, baina jendeari ahaztu egiten zaio hortik jaioa dela!». Ezkutuan iraunarazteko ideia hori gailentzen denez, are garrantzitsuagoa iruditzen zaio minigonak eramatea.

«Urteen poderioz, zentimetroz zentimetro irabazi dugu gure izterrak erakusteko eskubidea, eta nahi duguna janzteko eta egiteko eskubidea lortu dugu», esan du idazleak. Gona motzarekin gertatu bezala, prakak janztea ere lorpen handia izan zen emakumeentzat, eta, gaur egungo auzietara joz, kalera bularretakorik gabe irtetea aipatu du, esaterako. «Boterearen begiradan dago arazoa».

Patriarkatuak du arazoa, beraz. Zigak Devenir perra liburuan azaltzen du nola 1989an kaleratutako sententzia batean errudunari kondena murriztu zitzaion erasoa jasan zuen emakumeak «nahi gabe izanda ere, bere janzkerarengatik erasotzailea limurtu zezakeelako». Rodrigo Pita epaileak eman zuen epaia, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi. Minigona sententziak izenez ezagutzen dira horrelako kasuak.

Nahiz eta garaiak aldatuz joan diren eta gizarteak, pixkana bada ere, jantzi berriak onartu dituen, minigonak ez du aldarrikatzeko balioa galdu. Aierregaraik aipatu duenez, Mendebaldeko ikuspuntutik minigona onartua dagoen arren, hainbat herrialdetan debekatuta dago oraindik ere. Gainera,Mendebaldean bestelako kutsu bat hartu du minigonak: «Jendea generoaren edo gizonen eta emakumezkoen desberdintasunak apurtzeko erabiltzen ari da moda». Asko dira gona erabiltzeko hautua egin duten gizonezkoak. «Oraindik ere ibilbide luzea izango du jantzi horrek, nire ustez, ez baita txoko guztietara iritsi», kontatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.