Aktore beteranoa da Kandido Uranga (Zumaia, Gipuzkoa, 1957). Denetik egin du: Atxagaren Henry Bengoa Inventarium taularatu, Jon Miranderi ahotsa jarri, eta, azken boladan, Abelena Goenkale-n. Asier Hormazarekin batera, Ira Lewisen Kafe txinatarra antzezlana taularatzen ari dira azken asteotan, euskaraz. Gaur eta bihar arituko dira, Antzoki Zaharrean, Donostian, 20:00etan.
Argazkilari zapuztu batena egiten duzu Kafe txinatarra antzezlanean. Gustuko al dituzu halako pertsonaia galtzaileak?
Zer da galtzailea? Profesionalki arrakastarik izan ez duena da galtzailea; gizartean edo maila pertsonalean nahi duena lortzen ez duena da galtzailea. Orduan, galtzaileak izango gara gehienak bizitza honetan. Beraz, galtzaileak oso gizatiarrak dira, erabat, eta gustuko ditut pertsonaia gizatiarrak egitea, batez ere halako gai eztabaidagarriak jorratzen dituztenak.
Normalean arrakasta izan duten aktoreei intesatzen zaie arrakastarik gabeko pertsonaiena egitea. Ez al da bitxia?
Agian, 57 urte betetzera heltzea arrakasta da, baita duela 30 urte hasitako lanean jarraitzea ere. Aurreko batean entzun nion bati: zahartu ahala, garrantzi gutxiago emango diogu lorpen profesionalei, maila pertsonalean bizitakoei baino.
Galdetu dizut, aktoreak beti kexaka ibiltzen direlako lanbideaz ezin omen delako bizi. Zuk kontrakoa frogatzen duzu?
Hori kolektiboari galdetu beharko zenioke. Antonio Banderasi galdetzen badiozu, baietz erantzungo dizu. Baina Banderasen azpian milaka daude bizi direnik ere ez dakigunak.
Apropos jarri duzu aktore txar bat adibide gisa?
Mesedez! Nola ausartuko nintzateke jendaurrean halakorik esatera! Banderas es un actor de bandera [barre]. Beste izen bat nahi duzu? Peter Mullan. Hori da benetako aktorea, aktore puska, eta inork ez du ezagutzen. Bizitzaren arlo guztietan gertatzen da horrela.
Argi bereizten dituzu zeure lan pertsonalak eta telebistarako egiten dituzun gauzak?
Enkarguak jasotzen ditudanean, pertsonaiak egiten ditut, eta horiek neure-neureak bezala hartzen ditut, baina lineak beste batzuek erabakitzen dituzte. Baina niretzat pertsonaia baino garrantzitsuagoa da proiektua. Prest nago interesgarria den edozein proiektutan parte hartzeko. Nire proiektu personaletan neuk kontrolatzen dut estetika eta ikuskizun osoa. Neure gain hartzen ditudan erantzukizun horiek neure espresioa dira. Hori eskaini egiten dut. Neu azaltzen naiz, neu eta neure sentsibilitatea. Pixka bat liturgia zentzua hartzen du. Hori eskaintza bat da, eta besteen iritzia ez dut oso aintzat hartzen.
Beste muturrean Goenkale dago. Kondenaturik zaude ezagunago izatera horregatik?
Ageri-agerikoa da telebista. Ez al du pena ematen bakarrik heltzea ageriko lan horiei? Henry Bengoa Inventarium egin nuen. Gero, Pedro Alberdiren Txakurrek haginka. Eta, orain, Jon Mirande ikuskizuna erakusten ari naiz. Horiek dira nire ganbaratik, arimatik eta bihotzetik egindako lanak; besteen lan literarioak agertokira eramateko neure saioak. Baina ba al daki jendeak nor den Jon Mirande, hemen, euskalduna izanik? Interesa pizten al du? Ez dut horren zantzurik ikusten. Eta hori bai dela interesgarria.
Kandido Uranga. Aktorea
«Neure lan pertsonalak eskaintza bat dira, eta liturgia zentzua hartzen dute»
'Kafe txinatarra' lana antzeztuko du aktoreak gaur Donostian, Asier Hormazarekin batera. Bere sorkuntza lanez, telebistarentzat egindakoez, arrakastaz eta Antonio Banderasez mintzo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu