Bakarlari moduan jarri zen publikoaren aurrean lehen aldiz Lorea Zulaika (Ziortza-Bolibar, Bizkaia, 1996), baina bere lehen diskoa Azalera taldearekin kaleratu zuen. Lehen disko horren ostean desegin zen taldea, baina Zulaikari ez zitzaion itzali musikarako grina. Konfinamendua baliatu zuen berriro sortzen hasteko, eta bakarlari gisa kontzertuak ematen hasi da berriro. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako Egin Leku deialdiaren irabazleetako bat izan da, eta han joko du kontzertua gaur, 19:00etan.
Noiz igo zinen lehen aldiz taula gainera?
13 urterekin hasi nintzen gitarra ikasten, eta Lea-Artibain antolatzen ziren ekitaldietan eta kantu txapelketetan parte hartzen hasi nintzen orduan, bakarlari moduan.
Zuk sortutako kantuak jotzen zenituen?
Hasieran bertsioak soilik jotzen nituen, baina, gerora, nire kantu propioak sortzen hasi nintzen pixkanaka. Bakarka zein beste lagun batzuekin jotzen nuen garai hartan.
Youtubera bideoak igotzen ere hasi zinen garai hartan.
Bai, hiru kantu igo nituen, eta horiexek aurkeztu nituen Laudion egin zen Gazte Danbadan. Oholtza gainean bakerik ez izeneko dinamika zeukaten martxan, eta horrek aukera eman zidan bertan jotzeko.
Horren ondoren sortu zenuten Azalera taldea?
Bai. 2018. urtean atera genuen lehenengo diskoa, eta 2019. urtean utzi genuen taldea. Ez geneukan denborarik proiektuari eskaintzeko, eta nahiko modu naturalean gertatu zen prozesua.
Taldean eta bakarka ibili zara. Zein duzu nahiago?
Taldean kantatu egiten nuen bakarrik, eta gero melodiak eta hitzak sortzen nituen. Gitarra ez nuen jotzen, eta orain, bakarlari moduan, bai. Pertsonalki, nahiago dut horrela; hobeto sentitzen naiz neure buruarekin gitarra jotzen dudanean.
Zer dela eta?
Esango nuke segurtasuna irabazi nahi dudala gitarra jole moduan.
Konfinamenduan hasi zara berriro musika sortzen.
Bai, denbora sobran izan nuen, eta kantuak idazteko grina sortu zitzaidan berriro.
Zer helarazi nahi duzu zure musikarekin?
Gai sozialak lantzea gustuko dut, batez ere. Baina egia da arlo pertsonalean zerbaitek bereziki eragiten badit horren inguruan sortzea eskatzen didala barruak askotan.
Nolakoa da sorkuntza prozesu hori?
Kantu bakoitzaren prozesua oso ezberdina da. Adibidez, badaukat kantu bat pelikula batean oinarritzen dena. Biolentzia matxista jasaten duen emakume bati buruzkoa da, eta, emozio bortitzak eragin zizkidan film bat ikusi ondoren, barrutik atera zitzaidan kantua.
Hitzekin batera etortzen zaizu melodia ere?
Kantuaren arabera. Lehenengo ideiak etortzen dira batzuetan, edo hitzak egiten ditut. Eta gero jartzen diot melodia. Eta, beste batzuetan, melodia bat ateratzen zait gitarra jotzen nabilenean, eta horri hitzak jartzen dizkiot. Batzuetan bakarka egiten dut, baina, adibidez, Saray Robles bertsolariarekin egindako letra bat ere badaukat.
Zer da musika zuretzat?
Bizitzako zati garrantzitsu bat, dudarik gabe. Ilusioa sortzen didan gauza bat da, eta bizipoz handia ematen didana. Hala ere, buruko min asko ere ematen dizkit! Kar- kar-kar!
Zer asmo dituzu etorkizunera begira?
Orain kantuak etxean grabatzen ditut, beste lagun batzuekin talde bat egin nahi dudalako. Disko bat ateratzea da asmoa.
ATZEKOZ AURRERA. Lorea Zulaika. Musikaria
«Neure buruarekin hobeto sentitzen naiz gitarra jotzen dudanean»
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako 'Egin leku' gazteentzako musika deialdiaren irabazleetako bat da Zulaika. Azalera taldea atzean utzita, bakarlari dabil orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu