Iban Barrenetxea. Ilustratzailea

«Neure burua ez dut ilustratzailetzat: istorio kontalari bat naiz»

Ilustrazioaren Txokoa inauguratu dute Donostiako Aieteko Kultur Etxean, ilustratzaileen lana ezagutarazteko asmoz. Iban Barrenetxearen lanak daude ikusgai, urtarrilaren 27 arte.

IBAN BARRENETXEA.
Adrian Garcia.
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Ilustratzea ez da testuak esaten duena zehatz-mehatz iruditan jartzea, gure interpretazioa islatzea baizik». Halaxe ikusten du Iban Barrenetxeak (Elgoibar, 1973) ilustratzailearen lana. Diseinu grafikoaren arloan hainbat urtez aritu ostean, orain hiru urte hasi zen ilustratzaile lanetan. Denbora gutxian liburu mordoa ilustratu ez ezik, hainbat sari ere jaso ditu. Bombastica Naturalis liburuarengatik Euskadi saria eta Bratislavako Biurtekoaren ohorezko plaka irabazi zituen 2011n. Urte berean Kirico saria jaso zuen El cuento del Carpintero-gatik.

Nola sartu zinen ilustrazioaren mundu horretan?

Modu profesionalean berandu hasi nintzen ilustrazioan, baina bizitza osoa eman dut marrazten eta idazten. Nire bizitzan liburuek betidanik eduki dute leku handi bat. Nire blogean hasi nintzen jartzen egindako marrazkiak, eta liburuak ilustratzeko aukerak sortzen hasi zitzaizkidan. Azkenean, pauso hori ematera ausartu nintzen.

Orduz geroztik, ez duzu denbora askorik galdu.

Ez. Lehenengo urtea lasaiagoa izan zen, baina gero agentzia batekin enkargu asko hartzen hasi nintzen. Orain proiektu pertsonalak landu nahi ditut, eta lasaiago hartuko dut aurrerantzean.

Hainbat sari jaso dituzu jada. Zer esan nahi dute sariok zuretzat?

Ilusio eta ohore bat izan da niretzat. Lanbide hau oso zaila izan da betidanik, eta are gehiago, garai hauetan. Sari bat irabaztea zure proiektuak aurrera eraman ahal izateko denbora erostea bezala da. Nire estudioan giltzapetuta ibiltzen naiz lanean, eta sariak benetako munduaren berri izatea bezala da.

Sariok, gainera, zuk idatzi eta marraztu dituzun liburuengatik dira.

Niretzat idaztea eta marraztea batera doaz, ez ditut bereizten. Istorioak kontatzea izan dut gogoko txikitatik, eta horretarako, idazketa eta marrazkigintza erabiltzen ditut. Neure burua ez dut ilustratzaile edo idazletzat: istorio kontalari bat naiz. Asmo baterako erremintak besterik ez dira. Sariak jaso dituzten liburuak nire bi proiektu pertsonalak izan dira, eta, noski, ilusioa bikoitza izan da.

Erraz bereiz daitezke zure marrazkiak. Nola definituko zenuke zure estiloa?

Zaila egiten zait nire lanari buruz hitz egitea. Nik egiten dudanari buruzko pertzepzioa oso distortsionatuta daukat. Badakit literaturak eragin handia izan duela nire lanean. Estetika oso ingelesa du, Ingalaterrako literatura oso gustuko dudalako. Ilustratzeko hartzen ditudan enkarguak ere bide horretatik doaz. Adibidez, Dickensen obrak ilustratu ditut.

Haur literaturako liburuak ilustratzen dituzu soilik?

Teorian bai, baina nik oraindik ez dut inor ezagutu soilik haurrentzako marrazkiak egiten dituela esaten duenik. Guk liburuak, marrazkiak, testuak... egiten ditugu. Ondoren irakurleak aukeratuko du zer liburu irakurri. Edozeinentzako moduko liburuak egiten ditugu.

Testua eta irudia lotzean, beste interpretazio bat ematen saiatzen al zara?

Horixe da, hain zuzen, liburua ilustratzea. Ez da dekorazio hutsa. Ez da testuak esaten duena zehatz-mehatz irudietan jartzea, gure interpretazioa liburuan islatzea baizik. Ilustratzaileok liburuaren egile ere bilakatzen gara, irudien bitartez irakurleen pertzepzioa alda baitezakegu. Gure interpretazioa gehitzen diogu, eta bien artean bide berri bat osatzen dugu.

Nola prestatzen zara testuari irudiak gehitzeko?

Stanislavski metodoaren antzeko bat daukat. Asko sartzen naiz testuetan. Egile baten testua ematen didatenean, idazle horren testu guztiak, biografia... saiatzen naiz irakurtzen. Batez ere egile klasikoak ilustratu ditut orain arte. Asko dokumentatzen naiz. Lagundu egiten dute idazlearen mundu horretan sartzera.

Zein proiektu dauzkazu orain esku artean?

Klasiko ingeles bat ilustratzen nabil. Halere, enkarguak alde batera utzi eta nire proiektu pertsonal batean murgiltzeko gogoa daukat.

Nolakoa da ilustratzaileen egoera Euskal Herrian?

Lanbide hau beti egon da krisian. Oso polita, baina konplexua da. Guretzat saririk onena lanbide honetan jarraitzea da, gure bizibidea izatea, eta ez aisialdian egiteko zaletasun bat. Asko borrokatu behar da, asko mugitu, eta, noski, zortea eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.