Hego Euskal Herriko Netflixeko harpidedunek hilaren 21a baino lehen jakinarazi behar dute plataforman zein den bere kokalekua, eta aurrerantzean diru gehiago ordaindu beharko dute etxekoak ez direnek zerbitzua erabiltzeagatik: ikusle berri bakoitzak hilean 5,99 euro gehiago ordaindu beharko du. Kontuak partekatzeko ohiko erabilera amaitu nahi du modu horretan Netflixek. Plataformaren arabera, 100 milioi harpidedun inguruk partekatzen dituzte pasahitzak.
Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ez ezik, Portugalen, Zeelanda Berrian eta Kanadan ere jarri dute martxan aste honetan sistema berria.
Harpidedunak bidaia batean edo beste etxe batera joanez gero, ez dira zerbitzurik gabe geldituko: beren gailu pertsonaletan ikusi ahalko dute Netflix, edo saioa hasi ahalko dute beste telebista aparailu batean.
Espainiako Barlovento Comunicacion agentziak egin duen inkesta baten arabera, Netflixeko erabiltzaileen %61,3k baja emango dute ezin badute pasahitza partekatu.
Netflixek 231 milioi harpidedun ditu mundu osoan. Azaroan, harpidetza merkeago baten aukera sortu zuen, iragarkiekin. 2022an, konpainiak 4.141 milioi euroren irabaziak izan zituen.
Netflixeko kontuak partekatzeak jada kostu gehigarria du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu