'Streaming' plataformak

Netflixek urtean 200 ordu azpidatziko ditu euskaraz, eta 20 ordu bikoiztu

2022ko katalogoan txertatuko ditu lan horiek streaming plataformak. Ikus-entzunezko gehienak azpititulatu egingo dituzte, eta haurrentzako eduki batzuk, berriz, bikoiztu. Jaurlaritzak adierazi du «oso garrantzitsua» dela Netflixek bere kabuz horrelako erabaki bat hartu izana. Kataluniako Generalitateak esan du «lehen pauso bat» baino ez dela.

Netflixen Kaliforniako (AEB) egoitza, artxiboko irudi batean. JOHN G. MABANGLO / EFE
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 15a
09:37
Entzun

Euskarak, galegoak eta katalanak presentzia handiagoa izango dute Netflixen 2022an. Netflixek, denera, 70 ikus-entzunezko inguru txertatuko ditu 2022ko bere katalogoan, eta pixkanaka jarriko ditu eskuragarri. Urtez urte sorta hori handitzea da AEBetako konpainiaren asmoa.

2022an txertatuko dituzten ikus-entzunezkoetan nazioarteko film eta serieen 600 ordu azpititulatuko dituzte, eta haurrentzako 60 ordu bikoiztu ere bai; euskaraz 200 ordu azpidatziko dituzte, eta 20 ordu bikoiztu. Jakinarazi dutenez, bikoiztutako ordu horiek haurrei zuzendutako edukiak izango dira. Netflixen eduki propioak izango dira horiek guztiak —hau da, ez dira beste plataforma batera mugituko—, eta zerbitzuan betirako geldituko dira. Besteak beste, The Mother, Garra, Sandman eta Pinocho filmak azpidatzi edo bikoiztuko dituzte.

Hala, 190 herrialdetako erabiltzaileek ikusi ahal izango dituzte serie eta film batzuk euskaraz, galegoz edo katalanez. Netflixeko bozeramaile batek azaldu duenez, «istorio onenak» mundu guztira eraman nahi dituzte, eta urrats bat gehiago da gaur iragarritakoa: «Ikus-entzunezko horiek aurten jarriko ditugu eskuragarri, eta datozen urteetan eskaintza handitzea da asmoa». Netflixek berak hartuko du bikoizketa eta azpidatzi horien kostua.

Gaur egun, Netflixek 5.559 film eta serie eskaintzen ditu Hego Euskal Herrian. Euskaraz dauden bakarrak dira Handia, Errementari eta Black is Beltza; Akelarre filmaren elkarrizketen erdiak ere euskaraz dira. Katalanez 30 lan inguru daude itzulita. Galegozko telesail bat ere bada: O sabor das margaridas.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuak zera esan du: «Eusko Jaurlaritzak harreman etengabea izan du hainbat plataformarekin. Bereziki harreman estua izan dugu Netflix plataformarekin, bai gure interesagatik, bai Netflixek berak interesa azaldu zigulako, eta guregana hurbildu zelako». Bileratan aztertu dituzte aukera guztiak, Netflixek edukiak euskaraz ere eman ditzan. «Netflixek ahalegin bat egin du: lege bidetik etor daitezkeen beharrizan batzuei edo betebehar batzuei itxaron gabe, bere neurriak hartu ditu. Denok dakigu gure gizarteak zer-nolako kontsumo maila duen, eta bere kabuz eta bere borondatez horrelako erabaki bat hartzea oso garrantzitsua da euskarak ikus-entzunezko aisialdian ere presentzia eduki dezan eta bermatua egon dadin».

Pantailak Euskaraz taldeak zera adierazi du Netflixen albistea jakin bezain laster: «Aurrerapauso bat da, baina ez da nahikoa». Honako hau gaineratu du taldeak: «Ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hori ekinbide propioz egin duten, hala tramitazio parlamentarioan dagoen eta 2023rako indarrean egotea espero den Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak ezarri ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten». Pantailak Euskaraz-ek uste du Galiza, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko hizkuntza mugimenduek eta hainbat herri ekimenek egindako lanak eta plataformei eta erakundeei egindako eskakizunek ere izan dutela bere eragina Netflixek hartutako erabaki horretan. Pantailak Euskaraz-ek nabarmendu du Netflixek iragarritakoa ez zaiola nahikoa iruditzen. «Euskararen presentzia %0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako. Urteko film eta telesailik arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta eskaintzea, eta katalogo osoa euskaraz azpidatzita eskaintzea da Pantailak Euskaraz-en eskaera». Eskaerekin aurrera jarraituko du taldeak, euskarazko edukiak ugaritzearen aldeko «apustu sendoa» behar dela uste baitu. «Euskarazko edukien ekoizpenera bideratutako diru kopuruak handitu behar dira, eta nazioarteko edukien bikoizketara bideratutako diru laguntza lerro sendoak sortu».

EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak, bestetik, hau adierazi du: «Pozgarria da Netflix bezalako plataforma batek sentsibilitatea azaltzea hizkuntza gutxituekin. Baina hartutako erabakia ez da nahikoa. Gaia ezin da plataformen nahien eta borondatearen arabera utzi. Lege bat behar da gaia ondo arautuko duena, eta lege hori orain ari da tramitatzen».

Kataluniako Generalitateko Kultura sailburu Natalia Garrigak ontzat jo du albistea. «Baina lehen pausoa baino ez da. Netflixekin lanean ari gara katalanera bikoiztuta dauden film guztien audioak katalogoan txerta ditzaten». Katalanezko azpidatziak izango dituzten telesailen artean Emily in Paris dago. Garrigak espero du Netflixen ekimen hori «adibide baliagarria» izatea beste streaming plataformentzat. «Generalitatean lan egingo dugu katalanez ikusi ahalko diren edukien kopurua handiagoa izan dadin».

Katalaneko bikoiztaileak elkartzen dituen talde batek ohartarazi du Netflixek bikoiztuko dituen eduki horiek haurrentzako izango direla, eta ez dela helduentzako edukirik egongo horien artean. Ontzat jo du, edonola ere, plataformak bikoizketa eta azpidatzi horien kostua bere gain hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.