Lucio Urtubia Jimenez (Cascante, Nafarroa, 1931-Paris, 2020) XX. mendeko Robin Hood nafarra. Iruzurgilea eta militante anarkista, bankuei lapurtu eta dirua ezkerreko mugimendu iraultzaileei ematen zien igeltseroa. City Bankeko txekeak faltsutzen aritu zen Parisen, eta bere trikimailuek mundu kapitalistako hainbat boteretsu kinka larrian jarri zituen. Askorako ematen du Urtubiaren bizitzak. Idatzi dira liburuak hari buruz, argitaratu dira komikiak, eta ekoitzi dira dokumentalak. Netflix plataformak, berriz, fikziozko film bat estreinatuko du hilaren 30ean: Un hombre de acción. Ez dute zinema aretoetan proiektatuko.
Netflixek iragarri duenez, Lucio Urtubiaren bizitzan libreki inspiratutako fikziozko pelikula bat da. Nahiz eta Nafarroako anarkistak txekeak faltsutzen egin zituenak benetako gertaeretan oinarrituko duten, hainbat osagai fikziozkoak izango dira.
Pelikulak Urtubiaren bizitzako bost hamarkada jasotzen ditu: 1940ko hamarkadan haurra eta nerabea zenetik 1980ko hamarkadaraino. Gazterik joan zen Urtubia Nafarroatik Parisera, Francisco Francoren diktadurako urteetan, eta hiri horretan bizi izan zen zahartzarora arte. Horregatik, Parisen daude girotuta filmeko sekuentzia gehienak.
Patxi Amezkua Iruñeko zinemagile eta gidoilariak idatzi du filmaren gidoia. Amezkuak azkeneko urteetan zenbait filmen eta telesailen gidoiak idatzi ditu, tartean Sin límites telesailarenak —Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren ingurukoa—.
Filmeko zuzendaria Javier Ruiz Caldera da, eta argazki zuzendaria Sergi Villanova. Urtubiaren rola, bestalde, Juan Jose Ballesta aktoreak beteko du. Gazterik hasi zen Ballesta zenbait filmetan protagonista izaten: El Bola, Planta 4ª, 7 vírgenes... Azken film horretan egindako lanagatik aktorerik onenaren saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Azkeneko hamarkadan, ordea, apenas agertu den inongo pelikuletan eta telesailetan. Igeltsero lanak ezagunak ditu Ballestak, eta igeltsero berezi batena egingo du orain. Miki Esparbe da beste aktore protagonistetako bat. Bigarren mailako roletan ageri da, berriz, aktore euskaldun bat: Josean Bengoetxea. Bestetik, Liah O'Prey, Alexandre Blazy, Juan Olivares eta Ben Temple ere aktoreen artean daude.
Hiru ekoiztetxe daude proiektuaren atzean: Ikiru Films, La Pulga y el Elefante eta La Terraza Films. Filma gaztelaniaz da, eta munduko herrialde gehienetan estreinatuko du Netflixek.
Moriartikoen dokumentala
Netflixen filma iritsi aurretik, 2007. urtean Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak Lucio dokumentala zuzendu zuten. Moriartik eta Irusoinek ekoitzitako lan hori zinema aretoetan estreinatu zuten, eta Goya sarietan dokumentalik onenaren hautagai izan zen. RTVE Play doako plataforman zein Filmin ordainpeko zerbitzuan ikus daiteke dokumentala osorik.