Netflix telesail bat ari da grabatzen Lekunberrin eta Leitzan

'Tú no eres especial' gazteentzako komedia bi hilabetez grabatuko dute Nafarroan

Oscar de la Fuente, Delia Brufau, Ainara Perez eta Jaime Wang aktoreak, Lekunberrin. ITZIAR LAKUNZA / NETFLIX.
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Netflix plataformak lehen aldiz Nafarroa aukeratu du bere telesail propio bat grabatzeko. Badira egun batzuk Tú no eres especial gazteen telesaila Leitzan eta Lekunberrin grabatzen hasi zirela; bi hilabete iraungo dute sei atalen grabaketek, eta Nafarroako beste herri batzuetara ere joango da lantaldea. Plataformak zabaldu dituen irudi bakarrak Lekunberrin atera dituzte, Plazaolako bide berdean.

Estibaliz Burgaletak (Tutera, Nafarroa, 1976) sortu du fikzioa; Skam-en Espainiako bertsioaren gidoilari koordinatzailea da. Gidoien sorkuntzan laguntzaile izan ditu Alberto Grondona eta Sergio Granda. Zuzendaria Inma Torrent izango da —Netflixentzat Valeria telesaila zuzendu du—.

Amaia izeneko gazte bat da istorioaren protagonista. Nazkatuta dago bere bizitzarekin, eta, Bartzelona utzita, amaren herrira joatea erabakiko du. Ustez, herri horretan ez da inoiz ezer gertatzen. Baina egun batean deskubrituko du amonaren botereak jaso dituela. Amona sorgina zela esaten zuten, Salabarria herrian egon den sorgin bakarra.

Hain zuzen ere, Salabarria fikziozko herriaren harira, eztabaidak izan ziren abenduan Netflixek sare sozialetan argazki bat zabaldu zuelako eta orduko hartan Salavarria ageri zelako, v hizkiarekin. Kritikak zabaldu ziren, toponimoaren grafiak ez zuelako tokikoarekin bat egiten. Azkenean, ordea, Salabarria izango da fikzioaren herria.

Tú no eres especial telesaila Oria Audiovisual Nafarroako ekoiztetxearen produkzio bat da. Montxo Armendariz zinemagileak eta Puy Oria ekoizleak sortu zuten Oria Audiovisual, eta azkeneko hogei urteetan makina bat film ekoitzi ditu.

Telesaileko aktoreen artean, bestalde, honako hauek daude: Delia Brufau, Oscar de la Fuente, Ainara Perez, Jaime Wang, Elia Galera, Jordi Aguilar, Gabriel Gebara eta Miriam Cabeza. Azken hori ETB2ko Vaya semanita-n eta umorezko beste saio batzuetan aritu izan da. Unai Arana, Victor Perez, Maria Mercado eta Hilary Yanela ere agertuko dira komedian.

Netflix plataformaren informazioaren arabera, lantaldeko profesionalen erdiak baino gehiago Euskal Herrikoak dira.

Bizkaian, 'Intimidad'

Tú no eres especial ez da Netflix Euskal Herrian grabatzen ari den telesail bakarra: Txintxua Films ekoiztetxea Intimidad telesaila ari da grabatzen. Bizkaian egin dituzte grabaketa gehienak —tartean, EITBren Bilboko egoitzan eszena batzuk grabatu zituzten—. Itziar Ituño da telesail horretako aktore protagonista.

Gaztelaniaz egingo ditu Netflixek bi telesail horiek. Euskarazkorik, ordea, ez du orain arte grabatu plataformak. Euskarara bikoiztutako telesailik ere ez dago ikusgai ordainpeko zerbitzuan. Netflix Euskaraz taldeak 12.700 sinadura bildu ditu plataformari eskatzeko edukiak euskaraz eman ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.