Euskalgintzako, ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskal komunikazio esparruko askotariko eragileen babesarekin, agerraldi publikoa egin zuen atzo Netflix Euskaraz herritar taldeak, Durangoko Landakon (Bizkaia).
Izaskun Rekaldek, Netflix Euskaraz taldearen izenean, honela esan zuen: «Azkeneko urteotan, asko aldatu dira ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan, eta euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Horien artean, Netflix da merkatu kuotarik handiena duena. Plataforma horietan, ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixen, adibidez, 3.500 film baino gehiagoko katalogotik lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere». Hartara, herri mugimenduak euskararen larrialdiaz ohartarazi nahi zuen: «Euskarak bizi gura badu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukan baino presentzia handiagoa izan behar du».
Rekalderekin batera, Eñaut Zearra, Jon Gomez Garai, Patxo Larrinoa eta Ibon Iza dira taldearen sustatzaile nagusiak. BERRIAri emandako elkarrizketa batean, honela adierazi zuten: «Masa kritiko sendo bat irudikatu nahi dugu». Durangoko agerraldian, agerian gelditu zen taldea jasotzen ari den babesa eta sinadura bilketak izan duen oihartzuna. Talde hauek eman zieten babesa atzo: Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea, Uema, Disney Euskaraz, Tinko euskara elkartea, Ibaia (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Napar (Nafarroako ekoizleen elkartea), Hekimen euskal hedabideen elkartea, Euskal Hedabideen Behategia, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea, AEK, Game Erauntsia eta Euskal Encondings webgunea.
Netflix Euskaraz taldeko Izaskun Rekalderekin eta Patxo Larrinoarekin hitz egin zuen BERRIA TBk, agerraldiaren aurretik:
[Youtube]https://youtu.be/6EbRV8obn0g[/Youtube]
Gaia testuinguruan jarri zuen atzo Rekaldek: «Gaur egun, batez beste, egunean hiru-lau ordu ematen ditugu pantailen aurrean; horrek eragin zuzena dauka gure hizkuntza ohituretan eta errealitatea ulertzeko moduan. Badakigu ikus-entzunezkoen gaia, herri gisa, euskarari bide eman nahi badiogu, estrategikoa dela, eta eztabaidaren erdigunera ekartzea izan da gure asmoa, eta neurri batean lortu dugu. Kanpotik datorkigun kultura uholde honen aurrean, euskaldunon kontzientziak astintzeko eta ahalduntzeko momentua dela deritzogu».
Disney Euskaraz eta Twitz
Netflix Euskaraz taldekoak ez dira bakarrak. Disney Euskaraz taldeak ia 6.000 sinadura bildu ditu Disney Plus plataforman edukiak euskaraz eskatzeko. Agerraldia ere egin dute Eusko Legebiltzarrean. Halaber, 3.000 Twitz egitasmoak 4.000 sinadura inguru bildu ditu; Twitch plataforma berria euskaraz egotea eskatzen dute.
Netflix Euskaraz taldearen aldarrikapenak, gainera, une garrantzitsu batean iritsi dira. Bi arrazoirengatik, Rekaldek azaldu moduan: «Batetik, plataformek indar handia hartu dutelako, eta itsaso gero eta zabalago horretan euskararen presentzia gero eta txikiagoa delako. Bestetik, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berria tramitatzen ari direlako, eta aukera ikusten dugulako gure indarrarekin lege horretan eragiteko. Plataforma horien jarduera arautu behar da, euskarazko eskaintza izan dezagun».
Hartaz, eskaera hau egin nahi dio herri mugimenduak Netflix plataformari: «Tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere badituela gogorarazi nahi diogu. Euskara, eta plataforma honen kontsumitzaile potentzial garen hemengo eta hango 800.000 euskal hiztunen beharrizanak ase ditzala. Euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugu. Netflixek antzeko kasuetan esan izan du benetan eskaria balego eskainiko lituzkeela edukiak hizkuntza gutxituan. Hemen dituzu 10.500 sinadura, eta gehiago etorriko dira; eskaria badago». AEBetako plataforma erraldoiari gogoratu diote bere balioetan zera jasotzen duela: «Jatorri, kultura eta ikuspegi desberdinetako pertsonak barne hartzea».
Ikus-entzunezkoen legea
Epe laburrean Espainiako Kongresuan onartuko duten Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriari dagokionez, Netflix Euskaraz taldeak nahiko luke lege horretan hizkuntza aniztasuna jasota gera dadila, eta streaming plataformetan hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztea eta bermatzea. Alderdi politikoei, hartaz, eskatu die beren gain hartzeko dagokien erantzukizuna. «Lege horrek gure eskubideak jaso behar ditu, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan behar du», azaldu du Rekaldek. Eta hau ere eskatu diete alderdi politikoei: «Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egiteko eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babesteko»
Halaber, Netflix Euskaraz taldeak uste du Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunen eskubideak bermatzea. Horretarako tresna egokiak behar direla deritzote: «Batetik, Euskal Herriko parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzen dugu. Beste alde batetik, ez daukagu benetako egitura sendorik. Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa».
Bi hilabeteko epean 10.500 sinadura bildu ostean, taldearen bidea ez dela amaitu ohartarazi zuten. Batetik, sinadura bilketak aurrera jarraituko du, abenduaren 3ra arte, euskararen egunera arte. Helburua 20.000 sinadura lortzea da.
«Bestetik, gure ekimena mugatua da, behar zabalago baten isla, eta aurrerantzean bidea ez dugu bakarrik egingo», adierazi du Rekaldek. «Gaiari behingoz sendo helduko dion nazio mailako herritar mugimendu bat behar dugu. Berandu baino lehen elkartu gaitezen ikus-entzunezkoen arloko Euskal Herri osoko eragileak».
[Youtube]https://youtu.be/wCc9OCxQ_z0[/Youtube]