Apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzea. Erronka hori finkatu du Netflix Euskaraz mugimenduak. Sinadura bilketan Netflix plataformari eskatzen diote edukiak euskaraz jar ditzala. Otsailaren 16an sortu zuten Netflix Euskaraz mugimendu herritarra, eta sinadurak biltzeari ekin zioten Internet bidez. Bi astean 6.000 sinadura lortzea lortu zuen taldeak. Baina gehiago nahi dituzte, eta deialdi berezia egin diote euskal gizarteari. Ahalik eta sinadura gehien bereganatu nahi dituzte, indar handiagoz jotzeko euskal erakundeengana.
«Herritarrak hauspotu» egin nahi dituzte sinadura bilketarekin. «10.000 sinadurako kopuruarekin euskal erakundeen aurrean indarra egiten has gintezkeela uste dugu; bai, behintzat, euskalgintzako entitateekin», dio herritar mugimenduak. «Behin erakundeek kasu eginda, euskalgintza batzea eta Espainiako Gobernuari eskaera zehatza egitea da asmoa: exijitu diezaiotela espainiar estatuan jardun nahi duten ikus-entzunezkoen plataformei euskara ere kontuan hartzea euren bikoizketa lanetan zein ekoizpen propioetan».
Netflix Euskaraz taldearen arabera, Netflixek eta beste streaming plataformek etekin «ikaragarriak» dituzte, eta ez diote erreparatzen tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari. «Plataforma horiek, ez bakarrik Netflix, dituzten irabazien zati nabarmen bat bertako ikus-entzunezko lanetan inbertitzera derrigortu behar dira, baita euskarazko lanetan ere». Ohartarazi dute «orain» dela horretarako garaia, Espainiako Kongresuan ikus-entzunezko lege berria tramitatzen ari direlako.
Ildo horretatik, Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak eskatu dustreaming plataformak behartzea Espainiako Estatuan ekoizten dituzten edukien erdiak euskaraz, katalanez eta galegoz egitea. Atzeratzen ari da legearen tramitazioa, baina datozen asteetan onar dezakete.
Netflix Euskaraz taldeak iragarri du datozen egunetan «indarrak batzeari» eta «pauso zehatzak emateari» ekingo diola. «Baina lehen pausoak emateko, 10.000 sinadura behar ditugu apirilaren 15a baino lehen».
Akelarre Netflixen da jada
Netflix plataformak gaur egun 203,7 milioi harpidedun baino gehiago ditu mundu osoan. Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira zerbitzu horren erabiltzaileak. Katalogoko edukietan, ordea, nekez entzun daiteke euskaraz. Handia eta Errementari euskara hutsezko filmak ikus daitezke. Eta, gaurtik aurrera, Hego Euskal Herrian Akelarre filma ere ikusgai dago —Euskal Herriko pertsonaiek euskaraz egiten dute, eta Inkisiziokoek, gaztelaniaz—. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zinema aretoetan ezin izan dute oraindik estreinatu, eta ondorioz, Netflixen ere ez. Pelikula horrek bost Goya sari jaso zituen joan den larunbatean.
Hilaren 26an, Fermin Muguruzaren Black is beltza animaziozko filma jarriko dute, Hego Euskal Herrian hori ere.