Hamasei ur jauzi daude, orotara, Euskal Herrian. Ezaugarri komunak dituzte batzuek; kolorea, altuera, inguratzen dituen natura eta kokapena, erraterako. Bada, kokapenarena ez da auzi erraza izan batzuentzat, ur jauzi guztiak ez baitira beti herri jakin bakarrean kokatzen. Zer gertatzen da ur jauzi bat bi herriren artean dagoenean? Zein herrik du haren aitortza?
Kasurik onenean, bi herriak probintzia berekoak izanen dira, eta, herri batean edo bertzean egon, ur jauziari berari ez zaio ezaugarri berezirik aldatuko. Gerta daiteke, ordea, bi probintziaren arteko mugan egotea; edo, are, bi herrialderen artean egotea. Kasu horietan auzia ez da hain erraza ebazten, bi aldeek egiten dutelako tira altxorra beren aldera erortzeko. Horixe gertatzen da Nerbioi ur jauziarekin: Araba da? Edo Burgos (Espainia)?
Ur jauziaren luzera bertzerik ez zuen jakin nahi Andoni Zabala irakasleak, ikasgelan Nerbioi ibaiari buruzko informazioa emateko. Wikipedian sartu eta altueraren datuak aurkitu baino lehen, ordea, kokapenak eman zion arreta, jartzen baitzuen Arabaren eta Burgosen artean zegoela, baina ez zehazki non. «Aldatzen saiatu nintzen, Araban zegoela jartzen; baina ez nekien Wikipediako datuak aldatzeko baldintza jakin batzuk bete behar zirenik». Baldintza horietako bat zen, hain zuzen ere, gehituko zen informazio berri horrek nonbait egon behar zuela argitaratuta; fidagarritasuna eduki zezan, batik bat. «Sinesgarritasun horren bila arakatu nituen Interneteko ez dakit zenbat orri, baina bakar batek ere ez du esaten Nerbioi ur jauzia Araban dagoenik».
Ez zegoen webgunerik ur jauzia Araban zegoela erraten zuenik, baina berak hagitz argi zuen Burgos hurbil egonagatik ere, Nerbioik Arabako bi herriren artean egiten zuela jauzi: Kuartangon hasi eta Amurrion bukatu. Zabalak ez zuen ulertzen euskal erakundeek zergatik ez zuten lekuaren aitortzarik egiten, eta, beraz, bere kabuz hasi zen hariak mugitzen. «Amurrioko Udalera deitu nuen, eta haiek kokapenaren alde egiteko bideak eman zizkidaten. Turismo bulegoetara deitu nuen, baita hainbat euskal erakundetara ere; baina inork ez zidan esaten ur jauzia Amurrioren eta Kuartangoren artean zegoela». Mugan zegoela erraten zioten denek; ez han, ez hemen. Ez batzuena, ez bertzeena; biena. «Iberiar penintsulako ur jauzirik handiena da Nerbioikoa, eta ez dut ulertzen zergatik erakutsi duten hain interes gutxi; gurea baldin bada, gurea da».

Euskal Herrian, geologia aldetik eremu asko dira garrantzitsuak, baina Nerbioiko ur jauzia «berezia» da Inmaculada Mugerza Perello Elgoibarko (Gipuzkoa) geologoarentzat. «222 metro inguru ditu jauziak, eta metatuta dauden kareharriak Goi Kretazeoko kareharriak dira. Subijanako kareharriak eratzen dira ur jauzian, eta horren bereizgarritasuna da akuifero handi bat osatzen dutela», azaldu du. Zail da begiratu hutsean hori guztia ikustea, baina, jauzian barrenera eginez gero, hainbat leize daude. Euria egiten duenean, ura harrietan barrena sartzen da, eta, gainezka egiten duenean, ura atera egiten da.
Goialdeko kobazulo batean hainbat erreka elkartzen dira, eta pare bat kilometro egiten dituzte elkarrekin, amildegian behera erortzen diren arte. «Kobazulo horretan euria egiten duenean, ura goian dauden zuloetatik sartzen da, eta, euri jasa handia denean, zulo horiek ez daukate behar beste gaitasun ur hori xurgatzeko, eta errekatxoak sortzen dira», argitu du geologoak.
Paisaia ikusgarria du Nerbioi ur jauziak, eta, Zabalaren eta Mugerzaren aburuz, ikusgarritasun horrek biltzen ditu egunero hainbat eta hainbat bisitari. Ur jauziagatik ez ezik, isurialdeen banalerroa izateagatik ere bada berezia eremua: «Uraren zati bat hegoalderantz doa, eta Mediterraneora iristen da; amildegitik jausten den urak, berriz, iparralderantz egiten du, eta isurialde atlantikoan itsasoratzen da», zehaztu du Mugerzak. Horrek guztiak, bertzeak bertze, faunan eta floran eragiten du, eta horren adibide da sortzen den landaredia eta hegazti nahasketa aberatsa.
Eremua aztertzen ari zela, Zabala ohartu zen Burgosko erakundeek ere ez zutela datu zehatzik erakusten: «Haiek ezin dute esan Burgosen dagoenik, ez baita hala, baina zalantzan uzten dute auzia; horrela badirudi haiena ere izan daitekeela». Itsaso handi baten erdian kontrako norabidean ari zen Zabala igerian, eta, azkenerako, zalantzan jarri zuen bere burua: «'Agian ez dago Araban, agian okertu naiz', pentsatu nuen».
«Ur jauziko kareharriak Euskal Herria itsas azpian zegoenean sortu ziren, eta orduko fosil pila bat daude orain»
INMACULADA MUGERZA Geologoa
Erantzun argien bila, Espainiako Geografia Institutura deitu zuen, eta «mapa pila bat» bidali zizkioten bueltan. Mapak bai, baina erantzun argi bat ere bai: Nerbioiko ur jauzia oso-osorik Araban dagoela. «Lasaitua eta poza hartu nuen».
Behin mapak eta «frogak» esku artean zituela, Wikipediara idatzi zuen berriz: «Mapa horiek erakutsi nizkien, baina esan zidaten oso interpretagarriak zirela, eta hor ezin zela ezer garbirik ikusi. Mapa horiek, gainera, argitaratuta egon behar zuten, eta ez zen nahikoa nik azaltzea mapa horietan zer ikusten zen». Mapa bakoitzaren azpian zegokion azalpena egin zioten Zabalari, eta orduantxe izan zuen lehen aldiz Kuartango herriaren berri. «Ordura arteko datuetan ikusi nuen Amurrion zegoela, baina ez nekien Kuartangoren eta Amurrioren arteko mugan zegoela».
Bi herriren arteko ikusmira hori, dena dela, aspaldian sortutakoa da, Mugerzak kontatu duenez. «Ur jauziko kareharriak Euskal Herria itsas azpian zegoenean sortu ziren, eta orduko fosil pila bat daude orain». Beraz, tarteka urak estaltzen dituen arren, orain 200 bat miloi urteko materialak daude barrenean. «Kareharria karbonato kaltzikoz osatuta dago, eta, uraren azidotasunak disolbatu egiten duenez, pixkanaka pitzaduretatik sartuz joaten da kareharria. Horregatik sortzen dira hutsune eta leize horiek».
Bide posibleak
Zabalak uste du inoiz ez dela informaziorik egiaztatu, eta horixe dela arazoa, inor ez dela saiatu auzia ebazten. «Uste dut inork ez duela begiratu non dagoen ur jauzia, eta, urte askoz esan denez mugan dagoela, uste horri eutsi zaiola, informaziorik egiaztatu gabe. Mugan egoteak beti ekartzen ditu zalantzak, baina hau ez dago mugan». Hainbat bide daude ur jauzira joateko —begiratokira—, baina Burgosen dago gertueneko herria. Autoz egiteko biderik errazena Burgosko Berberana herritik joatea da, eta, beraz, jende gehiena eremu horretatik iristen da ur jauzira. «Begiratoki nagusia Burgosko diputazioak kudeatzen du, baina Araban dago». Zabalaren aburuz, Burgosi ez datorkio ongi erratea ur jauzia Araban dagoela, «hura aterako delako galtzen».
Euskal Herritik ere, dena dela, hainbat bide daude ur jauzia ikustera joateko: Delika herritik bata, eta goitiago dagoen auzo txiki batetik bertzea. «Normalean ez da urik egoten, euri asko edo elurra eduki behar duelako. Negua da joateko garairik onena». Mugerzak azaldu duenez, baina, behealdetik ikusten da jauzia hobekien, urak zati horretan iturburuak sortzen dituelako eta gainazalera ateratzen direlako.
Gaztelugatxerekin alderatu du Zabalak Amurrioko eta Kuartangoko auziarena: «Gaztelugatxe Bermeon [Bizkaia] dago, baina Bakiotik [Bizkaia] oso-oso hurbil dago. Inork ez du zalantzan jartzen Bermeon dagoenik, hango udalak beti esan duelako Bermeon dagoela. Nerbioiko ur jauziarekin ez da hori gertatzen; besteak beste, Euskal Herriko erakundeek ez dutelako inoiz esan Euskal Herrian dagoenik».
Arazo «handiak» eduki ditu Wikipedia webgunearekin; ez zioten informaziorik aldatzen uzten, ez zioten sinesten, eta ez zioten uzten bere burua defendatzen. «Mezu elektroniko bat bidali nuen Euskadiko Turismo Sailera, eta han esan zidaten haiek ere bidaliko zutela mezu bat Espainiako Geografia Institutura, kokapen zehatza zein zen galdetzeko. Eta hor pentsatu nuen: 'Euskadiko Turismo Sailak ere ez daki non dagoen Nerbioiko ur jauzia?'; larria iruditu zitzaidan».
«Mapa horiek erakutsi nizkien, baina esan zidaten oso interpretagarriak zirela, eta hor ezin zela ezer garbirik ikusi»
ANDONI ZABALAIrakaslea
Amurrioko Udalaren erantzun bera eman zion Turismo Sailak: informazio zehatza eskuratu ondotik eguneratuko zutela webgunea.
Arabako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jarri zen harremanetan, eta ahaleginak egin zituen Burgosko erakundeekin hitz egiteko eta kontua ixten saiatzeko. Aldatu beharreko webgune anitz zeuden sarean, baina «justizia» eske jarraitu zuen Zabalak. «Nik etorri behar dut ur jauzia Amurrio eta Kuartango artean dagoela esatera? Lehendik ez zekien inork?».
Jende anitzek ur jauzia mugan dagoela uste duen bezala, bertze batzuek Burgosi ematen diote aitortza. «Gernikako [Bizkaia] liburutegian inprimatu nituen mapak, eta bertako langileak —Amurriokoa da— esan zidan: 'A, bai, hori Burgosen dago, ezta?'. Ez, ez dago Burgosen. Guk geuk ez badakigu hemen dagoela, zeinek defendatuko du?». Gogoan du Tiktok sare sozialean duela gutxi ikusitako bideo bat ere: «Nerbioi ur jauziaren bideo bat agertu zitzaidan, eta iruzkinetan denek egiten zuten zalantza: «Hori Araba da»; «ez, hori Burgos da». Inork ez zekien zehazki non zegoen, baina zalantza bazegoen behintzat, eta hori, hein batean, positiboa da». Informazioa argia ez izateak eragiten duen gatazka eta zalantza.

Duela hilabete inguru hasi zen Zabala Wikipediarekin eztabaidan; antza denez, hura izan baita inoiz Nerbioiko datuak aldatzen saiatu den lehena. Azkenerako, lortu du informazioa aldatzea, baina ez nahi zuen moduan: «Orain esan dute ez dela ur jauzi bat, baizik eta interes geografikoko eremu bat. Noski, interes geografikoak eremu zabalagoa hartzen du, eta eremu horrek Burgos ere hartzen du; beraz, orain esaten dute eremua Burgosen dagoela, baina badagoela ur jauzi bat Amurrion dagoena». Auzi bat itxi eta bertze bat ireki.
Ez dago mugimendurik horren alde borrokatzen denik; indibidualki ari da borrokan Zabala, baina baditu inguruan bidera batu zaizkion lagunak ere. Topatu ditu auziak «amorrua» ematen dioten kideak; «gurea delako eta inork ez digulako esaten hala denik».