Patricia Espinar

«Nerbio handiko pertsona naiz»

Ikasketak egiten hasi zenean Athletic futbol taldean aritu zen Patricia Espinar. Egun, goi mailako paleta jokalaria da; 'Basetxea' programan ere parte hartu zuen.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Usansolokoa da Patricia Espinar. Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean egin zituen ikasketak. Laster beteko ditu 26 urte, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan Emakumea Pilotariegitasmoko teknikaria da.

Garbi al zenuen ikasketak herritik kanpora eta kirolaren ingurukoak egingo zenituela?

Garbi neukan SHEEn ikasi nahi nuela, eta berdin zitzaidan nora joan. Horrez gain, gurasoenetik ateratzeko gogoa nuen, eta aitzakia ezin hobea izan zen.

Umetan pilotan mutilekin aritzen omen zinen txapelketetan. Eurak baino hobea zinen?

Ondo moldatzen nintzen. Eskuz zazpi urtez jokatu nuen. Bizkaian hiruzpalau neska genbiltzan, baina besteek goiz utzi zuten. Mutilen indarra gaina hartzen hasi zenean utzi egin behar izan nuen. Roberto Arauzo entrenatzaileak asko lagundu zidan, eta hark animatuta hasi nintzen paletan.

Emakumea Pilotari proiektua noiz hasi zen?

2004-2005eko denboraldian jarri zuen martxan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Emakumeek pilota munduan duten parte hartzea sustatzea du helburu. Hiru arlotan egiten dugu lan: eskola kirolean, kirol federatuan eta partaidetzako edo aisialdiko egitasmoetan. Ikastaroak, topaketak, teknifikazio entrenamenduak, txapelketak… Denetik egiten dugu.

Iaz Pauen jokatu zen munduko pilota txapelketarako hautagaietako bat zinen, baina azken unean ez zen posible izan.

2005ean Txilen izan zen 22 urtez azpikoen munduko txapelketara eraman ninduten, eta urrea irabazi genuen, baina handik bi urtera disko hernia izan nuen bizkarrean, eta paleta uzteko zorian egon nintzen. Azken bi urteotan buru-belarri aritu naiz entrenatzen, eta Kutxako goi mailako txapelketan finalera heltzea lortu dut, baina nonbait hori ez da aski izan. Zaila da hautatzailearen konfiantza berreskuratzea. Oso une gogorrak izan ziren. Medikuak kirola uzteko aholkatu zidan, pentsa! Gainera, munduko txapelketara joan ziren bi aurrelariak oso onak ziren, eta ez zegoen erraza.

Garai batean Ameriketara joan ziren hemengo emakumeak. Kontatuko al didazu pixka bat horren inguruan?

Ni ere ez naiz oso aditua, baina XX. mendean emakumeak erraketarekin jokatzen hasi ziren Ildefonso Anabitartek bultzatuta. Hasieran Madril eta Bartzelonan ibili ziren, baina berehala zeharkatu zuten Atlantikoa Kuba eta Mexiko aldera. Hasierako urteetan ez, baina gero profesionalki bizitzeko parada izan zuten. Burdinazko sokadun erraketa bereziekin eta larruzko pilotarekin jokatzen zuten. Bizi-maila ona eta prestigio handia zuten. Txikita de Anoeta oso ezaguna omen zen, baina tamalez ia denak hilda daude. Nik Txikita de Aizarna ezagutzeko zoria izan dut. Gustura egingo nuke berarekin arratsalde pasa kontu kontari.

Txikita de Aizarnari eta haren modukoei zergatik ez zaie inoiz omenaldirik egiten?

Hori da nik ulertzen ez dudana! Oso gutxi dakigu garai haiei buruz. Omenaldiren bat egin diete Madrilen duela gutxi, oraindik bizirik zeuden erraketariak elkartuta, baina hemen ez dut halakorik ikusi. Aurtengo Lilatoia lasterketan omenalditxo bat egin zitzaion Emakumea Pilotari talde moduan saria eman ziguten unean, baina ohore bat litzateke Aizarna herriak ere egingo balio.

Basetxea-n ere parte hartu zenuen. Horrelako programa batera joateko lotsagabea izatea ezinbestekoa al da?

Garai horretan telebistan agertzeak lotsa handia ematen zidan, oso gaztea bainintzen. 19 urte baino ez nituen, eta euskaldun berria izanik euskara maila nahiko eskasa nuen. Hala ere, neure burua estutasunean jarri nahi nuen. Bizipen berrien gose nintzen, eta oso aberasgarria izan zen. Egoera zailetan neure burua psikologikoki gogorra zen edo ez ikusi nahi nuen. Balio asko garatu nituen, eta bizitzako gauza oro gehiago baloratzen lagundu dit.

Conquistador del fin del mundo-ra joango al zinateke?

Iaz arte baietz nioen, baina programa ikusi ahala geroz eta gutxiago gustatzen zait zer bihurtzen ari den ikustea. Antolatzaileek audientziaren arabera aldatzen dituzte euren interes eta arauak, irabaztea komeni den taldearen neurrira.

Kanpotik begiratuta, itxurari erreparatuta, ez dirudi beso horietan indar eta nerbio handirik dagoenik.

Kar, kar, kar. Ez duzu nire bizepsa ikusi! Pultsua botatzea nahi? Argala nago, baina nerbio handiko pertsona naiz.

Zer eman dizu kirol munduak?

Nire bizitza kirolaren inguruan mugitzen da. Agerian dauden gauzez gain, lagunak, bizipoza, zoriontasuna, tituluak, autoestimua, autokonfiantza eta autokontrola eman dizkit, besteak beste.

Gaur egun, Urnietako borda batean bizi zara. Zer esango zenieke kritika egiten dizutenei edo ondo iruditzen ez zaienei?

Gauza gutxi. Bakoitzak nahi duena egin dezake besteak errespetatuz gero. Zoriontsua naizela esango nieke. Ez da gauza material gehiegi behar horretarako. Luxu handia da naturaz inguratuta bizitzea.

Eta zerk ez dizu zoriontsu izaten uzten?

Lesio edo osasun arazoek eta egiten dudanak ez asebetetzeak. Munduko desorekek eta egoera politikoak, bizi dugun errepresio eta faxismoak; gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubide eta adierazpen askatasunik ez izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.