Armaz lepo dagoen polizia talde bat, modu nahiko basatian, familia baten etxean sartuko da bat-batean. Atea bota ostean, etxea hankaz gora jarri, eskaileretan gora abiatu, eta ustekabeko atxiloketa bat egingo dute: 13 urteko nerabe bat atxilotuko dute, ikaskide bat hiltzea leporatuta. Hortik abiatuz, etengabeko tentsio eta emozio zurrunbilo batean murgilduko da ikuslea Adolescence telesailean.
Tentsio horren eragile nagusietako bat alor teknikoa da: atal bakoitza plano sekuentzia bakar batean filmatuta dago, inolako etenik eta mozketarik gabe. Koordinazio zorrotza eta entsegu etengabeak eskatzen dituen ikuspegi horrek gertatu ahalako esperientzia emozional oso sakon batean murgilduko du ikuslea. Horrela grabatua egotea ez da funsgabea: pertsonaiek inguratzen dituzten tentsioetatik ihes egin ezin duten bezala, ikusleak ez du atsedenik izango eta publikoaren eta ekintzaren arteko hesi ikusezin hori ezabatu egingo da. Philip Barantini zuzendariak Boiling Point (2021) filmean jada erabili zuen teknika hori, eta Adolescence telesailean beste maila batera eramango du, etenik gabeko hartualdi bakoitza barruko eta kanpoko anabasa emozionala islatzeko erabiliko baitu. Ikuslea lekuko isil gisa kokatuko du eszenaren barruan, eta, gertatu ahala istorioaren urduritasunak bizitzeaz gain, isilune deserosoek eta leherketa emozionalek bete-betean joko dute. Plano sekuentziak, narratibaren errealismo gordina nabarmentzeaz gain, jorratzen dituen gaien pisua ere indartzen du, hala nola maskulinitate toxikoa, incel komunitatea, misoginia, osasun mentala eta nerabeen gaineko presio soziala.
Ikus-entzunezkoak mozketa azkarrez eta efektu digitalez gainezka dauden garaiotan, plano luze horiek gogoraraziko dute istorioa bera baino garrantzitsuagoa dela istorioa kontatzeko modua.
Telesaila teknikoki harrigarria bada ere, ez da haren indargune bakarra izango, inondik inora ere: antzezpen lanak izugarriak dira.Stephen Grahamek, aitaren rola jokatzen duenak (gidoilari eta ekoizle lanak ere egin ditu), aspaldi frogatua du aktore itzela dela, eta hemen ere hamarrekoa da egiten duena. Erin Dohertyk hirugarren atalean egiten duen lana ere txalotzeko modukoa da. Ezustekorik handiena, ordea, nerabe protagonistarekin iritsi da: Owen Cooper. Harrigarria da, bereziki hirugarren atalean, isilune, begirada, ekintza, eta, jakina, esaldien bidez emozioak transmititzeko duen gaitasuna.
Gidoi zorrotza
Gidoia ere biribila eta oso zorrotza da: lehenengo egunean (lehen atala), familiaren etxetik polizia etxera eramango du ikus-entzulea; hirugarren egunean (bigarren atala), institutura; zazpi hilabete geroago (hirugarren kapituluan), terapeuta independente batek egingo duen ebaluazio psikologikora, eta, hamahiru hilabeteren ondoren (laugarren eta azken atala), familia bisitatuko du, aitaren urtebetetze egunean. Narrazioaren egiturak, iritziak berriro plantearaziko dizkio ikusleari, eta aro digitalean informazioa kontsumitzeko eta iritziak eratzeko dauden moduak zalantzan jarrarazi.
Idazketaren barrutik jaiotzen diren gaiak gordinak dira: maskulinitate toxikoa, osasun mentala eta belaunaldien arteko arrakala. Nerabeen munduarekin dagoen deskonexioa eta haren inguruko ezjakintasuna agerian geratuko dira. Helduek, sarritan, gazteen arriskuak edota kezkak nola gutxiesten dituzten ere erakusten du.
Alor teknikoa narratibaren, aktoreen lanaren, eta, oro har, hizkuntza zinematografikoaren zerbitzura jartzen denean, Adolescence-ren pareko proposamen biribilak eta sendoak jaiotzen dira. Oraingoz, urteko telesaila da. Harribitxi bat.
fitxa
- Sortzailea. Philip Barantini, Stephen Graham eta Jack Thorne.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Aktoreak. Stephen Graham, Owen Cooper, Christine Tremarco, Ashley Walters eta Erin Doherty.
- Urtea. 2025.
- Non ikusi. Netflix.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama, thriller psikologikoa.