BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (I)

Nepal ezagutu artean

Bhaktapurreko Taumadhi plazaren ikuspegi orokorra, Nyatapola tenplua erdian dela. JON HAITZ LEGARRETA.
2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
BERRIAk 2015ean antolatutako bidaia eta mendi kroniken lehiaketa bukatuta, lan onenak argitaratuko dira aste honetan egunkarian. Aingeru Epaltzaren 'Bi belarrien mendian, altuera altueragoa denean' lana izan da aurtengo garailea, eta igandean irakurri ahalko da.

Oso atzean geratu delakoa daukat. Ezabatu gabe, oroitzapenak azkarregi lausotu ziren. Haatik, bost astek egun asko dituztelakoa izan nuen bertan. Egun asko bizi izan nituelakoa.

Heltzerakoan aurreneko hartu-emana, aduanako funtzionarioarekin: pasaporteko orriei so, batek zein baldintza duen, kulturarik duen ausaz, harat-honat ibili den begiratzea dute laket.

Zabala da Katmandu; amaigabea. Beroa eta hezetasuna dira berehala sumatzen. Apenas dagoen espaloirik; galtzada lurrarekin nahasten da. Trafikoa kaosaren irudi. Ezkerretik gidatzen dute. Egin beharko dut kontu. Kaleek ez daukate izenik jarrita; gertuen dagoen tenplua da erreferentzia. Mapa laguntza laburra da. Negozioak bata bestearen atzetik dira pilatzen. Hautsak hartutako gaiak agerian dauden, denden kanpoaldeetan. Egun bi Katmandun; ohartzen hasia naiz. Bhaktapurrera bideari ekin behar diot.

Saraswatiren eskolatik

Saraswati English School Haur eta Lehen Hezkuntza eskolan Circulo de Cooperacion gobernuz kanpoko erakundearentzat ariko naiz lanean Nepalen. 25 bat haur daude; mutiko zein neska, babu zein nanu. Zapatak txikituta, legez trajearekin janztera derrigortuta. Jaiegunen biharamunetan hamar haurretara ez da iristen zenbaketa.

Didik egunero du bazkaria prestatzen. Zopa egun batean, arroza biharamunean eta pasta biharamunagoan. Hiru egunetik behin errepikatzen den erritua. Minez sobera; ur tantarik edan gabe bukatuz noa platerak, eguna joan, eguna etorri.

Eskola orduak hasi aurretik gaztelera ikasteko ahaleginetan dabilen gazte talde batekin ikastaroa izaten dut. Goizeko zazpietan hasi eta ordu eta erdiz, astean sei egunez, larunbata asteko jaiegun bakarra baita Nepalen. Hizkuntza, balizko etorkizun hobe baterako giltza. Kate horretan dihardut. Koldok ohar bat utzia dit. Irakurtzen dudana ikusezina zait begietara.

Entelegatzea zait ulergaitz

Vikram Samvat: 2071. urtean gaude. Egunsentia goiz dator Nepalen; bostak aldera. Beleen nahiz zakurren marmarra. Gau iluna arratsaldeko zazpi eta erdietarako. Montzoiaren garaia; egunero kasik euri jasa bat. Karrikak lokatzez betetzen dira, baina bizitza ezin da eten. Argirik ez egotea da traba Nepalen. Eskolari goizez egokitzen zitzaion txanda; bizi nintzen etxeari arratsaldez. Iluntzean zuen argitzen. Load shedding edo hozkailurik eza. Arrandegiak usain bat dario; harategiari so. Bhaktapurreko alde zaharrean egunero antolatzen da plaza, goizeko seietarako.

Puja. Jainkoei gurtza eguneko aurreneko zeregina. Lore, intsentsu eta baji orrien gainean jarritako arroz apurtu eskaintzak emakumeen ardura dira. Gizonek tenpluen ondotik pasatu, pareta ukitu eta zintzilik izaten den kanpaia jo ondoren eskua burura daramate. Bakoitzak bere papera. Zaila zait pobrezia erretratatzen. Heldu nintzenetik lehen aldiz gurasoekin hitz egitean hitzak hastea kosta zait.

Bhaktapurren Newari etnia da nagusi populazioan. Jatorriz, indoariar eta tibetar-birmaniar kultura eta hizkuntza dauzkan herria.

Abuztuak 11 dauzka gaur. Gaijatra, Newarien Domu Santu eguna. Kalean jendetza dago. Zalaparta. San Sebastian egunaren traza hartu diot: etengabeko kalejira, jantzi bereziak eta danbor eta makil hotsa.

Momentu batean alde zaharretik aldendu naiz. Mutiko bat hurbildu zait, Sanjay. Ez omen du senitartekoekin egon nahi. Gauean etxeratzean joko duten itauntzen diot. Aitzin egunetako ospakizunek ez dute etenik.

Bedeinkapen bila

Boudhanathen hitzordua daukat GKEetako koordinatzaileekin eta Sankhun dagoen beste boluntarioarekin, Andrearekin. Boudhanath, munduko estuparik handiena. Budistek Tibetetik at duten gurtza tokirik garrantzitsuena; mundu osoko budismo eskola garrantzitsuak inguruan. Emakume zahar bat estuparen inguruan. Urrats bi egin ondoren, gorputzari lotuta dion zakuaren gainean etzan eta lurrari musu ematen dio. Urrats bi egin ondoren, gorputzari lotuta dion zakuaren gainean etzan eta lurrari musu ematen dio. Urrats bi egin ondoren...

Otoitz oihalak estuparen tokirik garaienetik, Budaren domeinuetatik, zintzilik daude. Mantrak airean hedatzea da kontua. Tibetarrez irakurtzen jakin ez, eta irakaspenak nireganatu nahian nabil. Budaren begiei erreparatzen diet. Gure bileraren lekuko isil.

Egun hezeetan egurra erretzen deneko usaina bezperan. Biharamun goizean sargori dago. Kea urrunetik ikusten da. Sadhuak, Pashupatinahko biztanle, hinduisten jainkoen jarraitzaile leial, gurtzen diren gizaki. Begietara deigarri egiten diren tonu bizidun jantziak daramatzate, aurpegia koloreztatuta. Jainkoekin darabilen solasaldia aintzat hartu nahirik, makinaren objektiboa distantziara zuzentzean, zuhurtziaz, betaurrekoak jartzen ditu sadhuak. Edo aurpegia du estaltzen. Alboko metalezko ontzia da gakoa. Sadhuen aszeta bizitza ez da doakoa. Sadhu batek mugikor bat darabil esku artean.

Ondoko etxolako sadhuarekin whatsapp-ak trukatzeko erabilgarri zaiola pentsatzen nagoen horretan, goizeko sargoriak trumoiari eta zaparradari eman die bide. Baina jendeak zain dirau. Egurra eta lastoa ekartzen hasi dira.

Atertzera egin du. Sendia agertu da. Errausketetan gizonezkoak baino ez daude baimenduta. Hildakoa kolore ikusgarridun oihalez eta lorez estalita dakarte. Bagmatiren ibaiertzean lore eta oihalak kendu, eta uretara botatzen dituzte. Bagmati ibaiaren ur bedeinkatuz zipriztintzen dute. Hiru itzuli eman dizkiote su lekuaren inguruan, eta lastoz estali dute. Hildakoaren oinei musu ematen diete. Kosta zaio su hartzea. Ez dago malkorik. Dharmari leial izan bazaio, bere karmak goragoko kasta baten berraragiztatzeko aukera emango dio.

Momentu horretan ilea moztea da sakratu. Ile adats bat uzten dute hildakoaren oroimenez. Budistek senitarteko bat hiltzean ilea larru-arras mozten dute. Batek ez ditu bestearen ohiturak lohitzen. Noizean behin, Bagmatiren emariak hildako piztiak, behiren bat eta haren memoriak daramatza.

Durbar Squaren beste jainko bati eskaini nahi diot arreta, edo berak nigana begiak lerratzerik dut nahi. Kohl beltzez margotutako begi lerro luzeak. Budistentzat Vajradevi jainkosa gorenaren haragitzea; hinduistentzat Durgaren aldaeretako bat den Taleju jainkoaren haragitzea, (Katmanduko) Kumaria edo Kumari Devia, «haur garbia». Leihora hurbildu behar duela zabaldu da.

Kumariaren begiek begiratzen duenaren eta jainkoen artean zubia eratzen dutela uste da. Denboran galtzen den ohitura; Newariek bizirik mantentzen dutena. Haurren eskubideen defendatzaileek aspaldiko urteetan salatu dutena. Kumariak budisten Shakya edo Vajracharya apaizen kasta gorenetako sendi batekoa izan behar du. Ohore gorena. Estatuak berdintzen ez duen badaezpadako gastua familiarentzat. Odol isuririk txikiena daukan momentuan, izan urratu bat zein hilekoa, beragan bizi den jainkosaren izpirituak, shaktiak, bere gorputza utzi egiten du. Jainkosa izatetik gizaki hilkor izaterako trantsizioa ez da aise.

Hinduista ez garenok patioan itxarotera kondenatuta gaude. Lanpetuegi omen dago; ezin gaitu guztiak kontent eduki. Ez da agertu. Kumariaren babesik gabe bizitzen jarraitu beharko dudala ikasten dut.

Ilunabarra da autobusa hartzerako. Bidaien prezioa zorizko aldagai: joanekoan 45 errupia eta bueltakoan 25 gaurkoan.

Albaintzen

Bhaktapurren gurtzen den bestelako izaki batengandik hurbil bizi naiz. Jainkoek hala nahi izan dute. Nava Durga, deabruaren bizileku. Tenpluaren zaindariak egunero du orrazten deabrua, bufaloak du eskertzen arreta. Brahma, Vishnu, Shiva eta gainerako jainkoek sortutako Durga jainkosak bufalo iduriko deabrua akatzeko mandatua jaso zuen. Jaiotza eta heriotza da Durga. Berak nahi duenean hasten da bizitza, berak nahi duenean finitzen. Dashain jaian Durgaren omenez deabrua akatuko dute hinduistek.

Nire antzera, bufaloaren ezagun behar du Bhaktapurreko alde zaharrean hara eta hona dabilen txahalak. Ahaide izanagatik, laratza baino hagitzez beltzagoa den bufaloak badaki bera akatu egingo duten bitartean txahalak biziraunen duela.

Arratsaldero ikusten nituen emakumeak trikotatzen. Neguak gogorra behar du han, horrenbeste lan hartzen baitute. Golmadhiko atseden txoko haretan, bospasei lagun inguruan zituela, otoitzei ekiten zietenaren letania memorian dut idatzia. Gauero, Taumadhi plazako Bhairavnath tenpluaren zein Dattatreya plazako Dattatreya tenpluaren atarian, beilen suaz inguratuta, otoitzei ekiten zietenen irudia marraztuta daukadan bezala.

Sanjayrekin egin dut topo. Astelehen gauean etxeratzean jo egin omen zuten. Marrazten diharduen Thanka eskolara narama. Agintzen diot itzuli aurretik bertan bilatu eta berak egindako mandala bat erosiko dudala.

Hariren bati heldu nahirik ibiltzen nintzen maiz arratsaldetan, hiriko alde zaharrean, harresien babesean. Halako batean, harresietatik at nenbilela, mugez gaindi ere badela bizitza ohartu nintzen; Hanumante ibaiaren ertzetako errausketa egituretan hasten baita Bhaktapurrez haratago dagoen bizitza.

Sanjayren mandala

Sanjay Thanka eskolan zen itauntzean neork ez zuen ezagutzen; beste hainbat gazte izan zitezkeen Sanjay. Thanka eskolara edonor joan zitekeen, baimenik eskatu gabe. Askok aurrez ohartarazi gabe uzten zioten joateari. Hurrengo boluntarioak begi bista Nepalen jarria behar du; kateak, lankidetza zirkuluak, ez dauka etenik.

Irailak 6. Departed jarri dute nire pasaportean. Menditzarrak hodeitzaren atzean ziren ezkutatu. Zutabe mardul eta zurrunbilotsu. Egitura handi bat eraistean sortzen den hautsa.

2015eko apirilak 25 ditu gaur. Minutuak igaroz doaz goizean. Baina minutu eskas batek asko iraun dezakeela jakiten dut. Ziurrenik hirian nora ezean zebilela jakin zuen Sanjayk minutu eskas batek asko iraun dezakeela.

Sanjayren Ommani padme hum mantra mandala Agurtzaneri oparitu nion. Sanjayk ez zuen adiorik esan; agian, berriz, ausaz, elkar topo egingo genuelakoan. Oraindik ere Nepal hizki larriz dut idatzia ikusten. Izan ere, sindur akarren auzoan aurkitu nuen gidak esan zidan bezala, ez baitut oraindik Nepal ezagutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.