Neke psikologikoa, fisikoa bezain astuna

Euskarabentura iritsi da kostaldera. Burua ere nekatzen ari da pixkanaka. «Nabaria da gazteak pandemia bat bizitzen ari garela osasun mentalari dagokionez», esan du Noa Andueza monitoreak.

Euskarabenturako gazteak, atzo goizean, Kontxako pasealekuan, Donostian, Igeldora bidean. JON URBE / FOKU
Euskarabenturako gazteak, atzo goizean, Kontxako pasealekuan, Donostian, Igeldora bidean. JON URBE / FOKU
Donostia
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Uztailaren 1ean irten zen Euskarabentura Atharratzetik (Zuberoa). Atzo, Zarautzera (Gipuzkoa) iritsi ziren. 24 egun, hogei etapa, mila bizipen. Hainbeste egunen ostean, neke fisikoa nabaria da. Askok, hankak babaz josita, beste askok lotailuetako mina eta giharretako gainkarga. Ordu asko dira egunero oinez, eta pauso bat bera ere ematea gero eta gehiago kostatzen zaie. Baina amaiera gertu ikusten dute, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen die.

Bada, ordea, neke fisikoaren parekoa den beste faktore bat: neke psikologikoa. Noa Andueza, Aitor Odriozola eta Josu Carte Euskarabenturako monitoreen arabera, «espedizioaren momentu honetan, neke fisikoaz gain, nabaria da neke psikologikoa ere». «Hainbeste etaparen ondoren, normala da fisikoki nekatuta egotea, eta horrek asko eragiten du gazteen neke psikologikoan ere», gehitu du Cartek. Horrelako espedizio batean, arlo fisikoaz gain, buru osasuna ere garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan dute monitoreek, eta Anduezal hau adierazi du: «neke fisikoak eta neke psikologikoak elkarri eragiten diote».

Gazteek buru osasunari dagokionez arazoren bat daukatenean, «konfiantzarik handienekotzat» daukaten monitorearengana joaten direla aitortu dute monitoreek, eta, ondoren, bakoitzak daukan jakintza horretatik, saiatzen direla gazteei laguntzen eta konfiantza eremu bat sortzen. Hala ere, egoera ez da hain polita izaten kasu guztietan. Anduezak buru osasunaren gaineko prestakuntza falta sumatzen du, «jakintza minimo batzuk» edukitzea; izan ere, uste du ez direla gai «gazteen hainbat egoerari erantzuteko». «Nabaria da gazteak pandemia bat bizitzen ari garela osasun mentalari dagokionez», gehitu du.

«Hainbeste etaparen ondoren, normala da fisikoki nekatuta egotea, eta horrek asko eragiten du gazteen neke psikologikoan ere»

JOSU CARTE Euskarabenturako monitorea

Anduezaren hitzetan, horrelako abentura bat emozionalki «bonba» bat da, eta «posible da edonorentzat aproposa ez izatea». «Euskarabenturan egun bakoitza oso gorabeheratsua da», azpimarratu du. Monitoreek esplikatu dute gazte bakoitzaren arazoen «motxila txikia» espedizioan «are astunago» bihurtzen dela; izan ere, gazte askok lehen aldia dute etxetik kanpo hainbeste denboran daudela, hainbeste pertsonarekin, hainbeste lekutan...

Neke psikologiko horren kausen artean, gazteen arteko harremanak nabarmendu dituzte monitoreek. «Beti dauzkazu arazo txikiak norbaitekin, eta horrelako esperientzia batean edozein txikikeriatik izugarrizko arazoa sortu ohi duzu. Azkenean, gaztea zara, eta ez dakizu egoera hori kudeatzen», azaldu du Odriozolak. Horrez gain, «gainestimulazioak» aipatu ditu Anduezak. «Egunez oso estimulatuta daude gazteak, ez dira geldirik egoten. Agian, ez daukate denborarik emozionalki nola sentitzen diren pentsatzeko ere», zehaztu du.

Kostaldeko arnasbidea

Euskarabenturan badira momentu zailak, baina baita momentu onak ere. Momentu alai horien adibidetzat, kostaldeko etapak nabarmendu dituzte begiraleek, kostaldeko «freskotasuna», esate baterako. Astelehenean iritsi ziren Donostiara, eta monitoreek adierazi dute barnealdeko lekuetan bero handia eta itzal eta haize fresko falta sumatu dituztela. «Kostara iritsi eta uretara sartzen direnean, txipa aldatzen zaie», adierazi du Cartek. Anduezaren ustetan, etapa horien gakoa «paisaia aldaketan» dago. «21 egun itsasoa ikusi gabe egon ostean, bertara iristea oso momentu berezia da».

Jzioquitarrak ari dira pixkanaka helmugara iristen. Bitartean, sei etapa dauzkate aurretik, kostaldeko «freskotasunak» lagundurik. Zazpi egun, sei etapa, mila bizipen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.