ATZEKOZ AURRERA. Tairi Felipe. MPA eta Via Campesinako kidea

«Nekazariek merkatuan sartzeko izaten dute zailtasun gehien»

Felipek salatu du nekazaritza ez dela inoiz «lehentasun» bat izan Brasilgo politiketan. Goseari aurre egiteko programetan elikagaiak nekazariei zuzenean erosi behar zaizkiela adierazi du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Bilbo
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
MPA sigladun bisera gorri bat darama soinean Tairi Felipek (Guaruja, Brasil, 1985). Brasilgo Nekazari Txikien Mugimenduko kidea da, eta baita Via Campesina nekazarien aldeko nazioarteko mugimendukoa ere. Elikadura burujabetzaren aldeko borrokan dabil buru-belarri. Bilbon izan da asteon, Elikaldiadinamikaren barruan, Brasilgo nekazarien esperientziak kontatzen eta elikadura burujabetzarekin lotutako borrokei eta erronkei buruzko hitzaldi bat ematen, besteak beste.

Nola hurbildu zinen nekazaritza mundura?

Nekazarien semea naiz ni. Nire familiak eta haien arbasoek beti izan dute lotura nekazaritzarekin. 5 edo 6 urte nituenerako, lanean aritzen nintzen; denok geneukan zereginen bat. Oraindik ere aitarekin aritzen naiz, baina gehienbat militantzian jarduten dut.

Gertutik bizi izan dituzu, hortaz, nekazarien zailtasunak?

Portugalgo inperioaren iritsieraz geroztik, eta latifundioan oinarritutako antolaketaren aurretik, Brasilen nekazariek ekoitzi dituzte elikagaiak: nekazarien familiek, indigenek... Baina nekazaritza ez da inoizlehentasun bat izan Brasilgo politikan.

Industrializazioa hasi zenean, 1930eko eta 1940ko hamarkadetan hain zuzen, nekazariei egokitu zitzaien prest agertzea industriaren lan indarra izateko. Ordura arte, nekazaritza hazten ari zen, eta biztanleriaren %80 landa eremuan bizi zen. Baina Brasilgo Estatuaren politikak nekazaritza bultzatzeari utzi zion, eta nekazaritza lurretik kentzen hasi zen, jendea hirira mugitu zedin.

Zer ekarri zuen horrek?

Gaur egun, biztanleriaren %20 baino gutxiago bizi da landa eremuan, eta, gobernu aurrerakoiek jendea hirietara joatea geldiarazi nahi izan bazuten ere, gazteek jarraitzen dute hirietara migratzen oraindik ere.

Zergatik migratzen dute?

Ez dagoelako pizgarririk. Gosearekin arazoak daude Brasilen, nahiz eta biztanleriarentzat behar den janaria baino gehiago ekoizten den. 33,1 milioi pertsona daude goseak, eta muturreko gosearen portzentajea handiagoa da landa eremuan. Hori nekazaritzaren abandonuaren seinale garbi bat da. Nekazariak hirira joaten dira beste aukerarik ez daukatenean: iraupen kontua da.

MPAko eta Via Campesinako kidea zara. Zertan datza zuen jarduna?

MPA nekazarien erakunde bat da, oraindik landa eremuan dauden nekazarien familiek antolatzen dutena. Horiek ekoizten dute Brasilgo elikaduraren %70, partzela txiki bat daukaten familietatik hasi eta jabego kolektiboak dituzten komunitateetaraino.

Dena den, MPAk kontsigna gisa dauka nekazarien eta langileen aliantza elikadura burujabetzara lortzeko. Uste baitugu beharrezkoa dela aliantza oso indartsu bat izatea nekazarien eta langileen artean. Elikagaiak dira bi klase sozialak elkartzen dituen eraztuna.

Arlo askotan egiten duzue lan, ezta?

Lan egiten dugu lurrerako sarbidea eta baliabide naturalak eskuratzeko, jendeak prestakuntza politiko eta teknikoa izateko, nekazarien eta herritarren feminismoan, nekazari belaunaldi berrien gaian, elikagai osasuntsuen agroekologiarekin lotutako gaietan, hornidura estrategietan... Politika publikoen alde borrokatzen gara.

Elikagaiak erosteko programa publikoari buruz hitz egin duzu Elikaldian, besteak beste. Zer da?

Egiturazko politika bat da, nekazariak merkatu seguru batean sartzeko baldintzak sortzen dituelako; programa horrek konpondu du hein handi batean Brasilen gosea. Guk planteatu genuen gosearen aurkako borrokarako erosten ziren elikagaiak zuzenean erosi behar zitzaizkiela nekazariei. Nekazari familiek kredituak jasotzen dituzte elikagaiak ekoizteko, eta hamabi hilabete dituzte elikagaiak gobernuari emateko. Epe hori baino lehenago itzultzen dizkiote, haientzat oso erraza baita elikagaiak ekoiztea; merkatuan sartzeko izaten dute zailtasun gehien.

Aliantzak eraikitzeko balioko dizue Elikaldiak. Zer moduz joan da orain artekoa?

MPA antolakunde nazional bat izateko jaio zen, eta nazioarteko kontaktuak izateko. Egun hauetan ikusten ari gara antzeko arazoak ditugula merkatuetara sartzeko. Oztopo fiskal, sanitario, administratibo, juridiko... handiak topatzen ditugu. Uste dugu aldaketak ez direla herrialde bakar batean egiten; kapitalismoa sistema globala da, munduko toki guztietan eragiten du, eta arazoak antzekoak dira herri horietan guztietan. Beraz, konponbideek ere antzekoak izan behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.