Neguanbaratzean ez dago ezer», azokara joaten den baserritar moduan sarritan entzun behar izaten dut hori. Egia da badirela hilabete batzuk, otsaila eta martxoa batez ere, baratzea nahiko triste dagoena, uda eta udazkenean egindako landaketek eman dute jada beraien uzta eta urtarrila-otsailean ereindakoak ez du tiradizo handirik hotza dela medio.
Hala ere, horretara iritsi baino lehen, hilabete ugari izaten ditugu azoketako postuak neguko barazkiekin bete-bete eginda ikusteko: aza, azalorea, brokolia, arbia, eskarola, ziazerba, borraja, porrua eta udazkenetik gordeta dauden tipula, kalabaza desberdinak, sagarrak, intxaurrak... Baina jende askorentzat azokara joateko egunak piper, tomate eta leka sasoiarekin batera bukatzen dira. «Ez zaizkit azak-eta gustatzen, sukaldatzean usain txarra dute» eta «aspertu egiten naiz beti berdina jaten» dira gehien erabiltzen diren esaldiak; «supermerkatuan tomatea, lekak eta abar badaudenez, urte guztian berdina jaten jarrai dezaket». Eta hori ez al da aspergarria? Gainera, zer dakigu produktu horien inguruan? Nola, non, nork eta zein baldintzatan landu dira? Argentina, Txina edo Marokotik datozen produktuak hemengoak baino merkeagoak izateak batzuetan pista bat ematen du.
Garbi dago neguko ortuariek ez dutela udakoek bezainbesteko izenik edo arrakastarik oro har. Janaria prestatzeko orduan ere badirudi ez dagoela ezer betikotik harago, egosita eta kito. Nork ez du tomatea entsaladan, saltsan eta salpikoietan dastatu? Zergatik ez aza entsalada bat mahaspasa eta intxaurrekin? Edo enpanada batzuen barruan beste barazki batzuekin lagundurik? Nola prestatu ez dakiela dioenak aitzakiak alde batera utzi eta Interneten hitz bakarra sartzearekin amaigabeko errezeta zerrenda lortuko du, edo sukaldaritzako liburu bati begiratu bat emanda.
Naturak, gu baino azkarragoa izaki, gure gorputzarentzat urtaro bakoitzean egokienak diren ortuariak eskaintzen dizkigu. Neguan kanpoko hotzetik babesteko, barrua berotuko digun zopa eta salda egiteko arbi, azenario eta porruak ditugu; ondoren, udazkenetik gordeta ederki mantentzen diren babarrun goxoak, aza eta sakramentuekin lagundurik, noski. Horra hor konplikazio eta buruko min gutxirekin eginiko otordu osoa eta geure-geurea.
Elika gaitezen logikaz. Euskal Herriko negu hotzari aurre egiteko prestaturik kontsumitzeko barazki gehiago eskaintzen dizkigu naturak; hala ere, monotonian ez erortzeko hor ditugu osterzuri, txikoria eta aza entsaladak. Fruta gutxi daukagu uda sasoiarekin alderatuz —jada zimeltzen dauden baina goxo-goxoak diren sagarrak, kiwiak...— gure gorputzak ez duelako hainbeste ur behar.
Bukatzeko, esaldi borobila: sasoian sasoikoa eta tokian tokikoa. Tamalez, azkenaldian, jendeak gero eta lan gehiago du sasoikoa bereizten, urte guztian denetik aurkitzen dugulako; eta zer esanik ez tokiko produktuei buruz. Hala ere, kontsumitzaileok badugu aukeratzerik, erosi aurretik galdetu eta ondoren erabaki.
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.[email protected]
Eko-tik
Neguan ere, azoketako postuak beteta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu