ZINEMA.Negu hurbilak filmak Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen atzo Suitzan, Locarnoko 76. zinema jaialdian. Negu Kolektiboaren lehen lana da, eta asteon aurkeztu du bertan, Cineasti dei presenti sailean. Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak zuzendu dute, eta Maluta Filmsek eta Cornelius Filmsek ekoitzi. Nafarroako Zubieta herrian girotua, ihesean ari den emakume gazte baten egoera kontatzen du lanak.
Bi urte eman ditu taldeak filma sortzen; Jone Laspiur da aktore profesional bakarra, eta zubietarrak dira gainerako partaideak. Egunotako «esperientzia biribiltzeko modua» izan da aitortza, taldekideen hitzetan: «Hemen egotea jada saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa, sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu».
Bestalde, Ali Ahmadzadeh zuzendari irandarrak Teherango kaleetan klandestinoki filmatutako Mantagheye bohrani (Critical Zone) lanak eraman zuen sari nagusia, Urrezko Lehoinabarra. Eapaimahaiaren Sari Berezia Radu Jude zinemagilearen Nu Astepta Pre Mult de la Sfarsitul Lumii filmarentzat izan zen; eta antzezpen onenaren sariak, berriz, Dimitra Vlagopoulou eta Renee Soutendijk aktoreentzat.
'Negu hurbilak' filma, Locarnoko jaialdian saritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu