Zortzigarren eta azken denboraldia grabatzen ari da GOTen lantaldea: 2017ko udan eman zuten zazpigarrena, eta 2019ra arte ez dute emango hurrengoa, azkena izango dena, zaleen etsigarri. Konparazio baterako: orain arte egindakoen artean, GOTen sortzaileek Battle of Bastards kapituluko batailan inbertitu dute denbora gehien: 25 grabazio egun —gehi 600 ekoizle, 500 extra eta 70 zaldi—. Beraz, 30 egun gehiago behar izan dituzte zortzigarren denboraldiko gudu bakar bat grabatzeko: ia bi hilabete oso. Pentsatzekoa da aise gaindituko dutela Battle of Bastards gaindiezin hura.
«Gehiegikeria bat zela pentsatu nuen, neurriz kanpokoa erabat, baina joera hori nabaritu da denboraldiz denboraldi», nabarmendu du Katixa Agirrek, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko irakasleak. «Badakigu azken aurreko kapituluan egongo dela horrelako bataila handi bat —ia ia telesailaren marka bat—, eta hein batean ulergarria da azken denboraldia izanda, marka horri eutsi nahi izatea, eta, gainera, modu esajeratu horretan». Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle Idoia Astigarraga Agirrek datu argigarri bat aipatu du, 55 eguneko grabazioari neurria hartzeko: «Harrigarria da 55 egun eman behar izatea gudu bakarrean, kontuan hartuta Handia filmak zortzi asteko grabazioa behar izan zuela».
Agirreri eta Astigarragari ez zaizkie askorik interesatzen batailak, baina ulertzen dute GOTen zaleen artean egongo dela atsegin dituenik eta haiekin gozatuko duenik. «Asko harritu izan nau beti zelako iraupena izaten duten batailek: grabazio egunak gehitzea dakar horrek, eta, beraz, baita aurrekontua biderkatzea ere», nabarmendu du Astigarragak. «Imajinatzen dut sekulako lana egongo dela horren atzean, eta izugarria dela, baina niretzat zineman, orokorrean, batailak eta pertsekuzioak ez dira interesgarriak: azkarrago pasatuko nituzke pasarte horiek; flash forward egin, eta aurrera», esan du Agirrek.
Filmen adinako kontuak
Denbora eta dirua ondo inbertitzen dituztela uste du Astigarragak, asko dela iruditu arren: «GOTen kapitulu bat ikusten duen edonork garbi esango dizu sekulako lana egiten dutela, eta ez da askorik jakin behar produkzioaz edo zinemagintzaz horrekin ohartzeko: kontuan hartuta antzinako garaietan girotua dagoela, animazioa ere sartzen dutela eta benetako lekuak dezente aldatzen dituztela, produkzio handiko telesaila da, duda barik».
Aurrekontuek ematen dute GOT eta tankerako telesailen neurria. GOTen kasuan, zazpigarren denboraldira arte, 100 milioi dolar inguruko aurrekontua izan dute —10 milioi kapituluko—; zortzigarrenean 15 milioira ere irits daitezkeela zabaldu da. Aurreko sei denboraldietan ez bezala, ordea, kontuan izatekoa da zazpigarren denboraldiak zazpi kapitulu izan zituela —zortzigarrenak sei izango ditu—: beraz, azken bi denboraldietan igo egin da kapitulu bakoitzari eskainitako batez besteko aurrekontua. Konparaziorako, 20,5 milioikoa izan zen 2017ko Oscar sarietan film onenaren sarietan izendatu zituzten bederatzi pelikulen batez besteko aurrekontua. Garestiena Denis Villeneuven Arrival izan zen, (47 milioi dolar), eta merkeenak Barry Jenkinsen Moonlight eta Denzel Washingtonen Fences, bosna milioi dolarrekoak —Moonlight izan zen irabazle—.
Kontuan izanda zer nolakoak diren telesailak darabiltzan baliabideak, Astigarraga ez du gehiegi harritzen halako aurrekontua izateak. Produkzio arruntagoak dituzten baina hala ere aurrekontu handiak dituzten telesailek gehiago harritzen dute: «Esaterako, Friends-en kasuan, harritu egiten naute aktoreen ordainsari altuek, eta berdin The Big Bang Theory-koek ere: ia dena da platoa. Eguna eta gaua bezalakoak dira».
Hainbeste diru gastatuta, errentagarriak dira telesailok? Bada, bai: GOTi esker, HBOk mundu guztian lortutako harpidedunen %2arekin soilik berdintzen ditu gastuak. «Argi dago gaur egun negozioaren parte handi bat telesailetan dagoela: pelikulen kalitatea dute, eta pixka bat laburragoak dira, baina ez hainbeste ere, ordubete ingurukoak izaten baitira kapitulu gehienak», nabarmendu du Agirrek. Iritzi berekoa da Astigarraga: azken urteetan lehen hain liga desberdinetan jokatzen zuten telesail eta filmak gero eta parekoagoak dira, haren ustez. «Lehenago, pelikulak artea ziren, eta telesailak, telebistako programen barruan zeuden heinean, beste maila batean zeuden. Gaur, kalitateari begira, esango nuke dibisio berean ari direla jokatzen batekoak eta bestekoak».
Hortxe beste gako bat: telesailok, produktu gisa funtzionatzeaz gain, marketin amu garrantzitsu bihurtu dira HBO eta Netflixen tankerako plataformentzat, Agirrek azaldu duenez: «Bi gauza dira aldi berean: ekoizleak eta harpidetza bidezko zerbitzuak. Haientzat oso inportantea da telesail bat izatea eta haien ikur bihurtzea, jendea katigatuko duelako: ez bakarrik telesail hori ikusteko, baizik eta harpidetu eta luzarorako bezero bihurtzeko».