Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa

«Neanderthalgo eta Cro-magnongo gizakiek ez zuten hemen topo egin»

Karbono 14aren azterketan kutsadura organikoa baztertu ezean, azterketa horretatik lortutako ondorioak ezberdinak izan daitezke. Hala izan da 'neanderthalen' eta 'cro-magnonen' ikerketan ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte hauetako ustea izan da, baina aldatu da joera. Arkeologoek Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakiek iberiar penintsulan topo egin zutela uste zuten. Ez hori bakarrik, 10.000 urtez elkarbizitzen egon zirela ere bai. Baina uste hori bertan behera geratu da, Gironako L'Arbreda (Katalunia), Asturiasko La Viña (Espainia) eta Gipuzkoako Labeko Kobako indusketatik bildutako materiala berriz ikertu ondoren. Iraganean egindako datazioak ez ziren egokiak izan, eta orain jakin ahal izan da bi espezieek ez zutela topo egin. Iberiar penintsulan ez, behintzat. Australian National Universityko, Oxfordeko Unibertsitateko, Marylandeko Unibertsitateko, Universitat de Gironako, Oviedoko Unibertsitateko eta EHUko ikerlariek hartu dute parte ikerketan, eta Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu dute artikulua. Horien artean dago Alvaro Arrizabalaga (Oñati, 1965) arkeologoa.

Urte hauetako ustearen arabera, neanderthalek eta cro-magnonek topo egin zuten Iberiar penintsulan. Baina ez zen horrela izan...

1990 ingurutik pentsatu izan dugu bi espezieen arteko elkarbizitza luze bat egon zela Iberiar penintsulan. Informazio hori karbono 14 metodoa erabilita lortu izan da, oso prozesu konplikatua. Hartan emandako informazioak zehatza zirudien, ordea, eta teoria horrekin ibili gara hogeita bost urtez bueltaka, eta pentsatu izan dugu bien arteko elkarbizitzak 10.000 urtean iraun zuela.

Indusketa berdinetako hondakinak berriz ikertu dituzue, eta emaitza ezberdina lortu. Zer aldatu da prozesuan?

Karbono 14 metodoaren erresoluzioa. Karbono atomo guztien artean trilioi batetik behin agertzen da karbono 14arena, eta hor neurtzen dugu nola joan den desagertuz atomo hori. Horrela jakiten dugu aztarna baten antzinatasuna. Baina oso data zaharrekin ari bagara, kutsadura organikoa sar dakioke, eta karbono 14 berria sortu. Beraz, lehendik zegoenarekin nahasten da. Orduan, kutsadura txikia bada ere, zenbakietan erabakigarria izan daiteke, emaitza aldatzen baitu.

Eta horixe gertatu da.

Bai. Azken hamar urte hauetan kutsadura hori garbitzeko teknika hobetu egin da, eta lagina aztertu aurretik garbitzen da. Baina karbono 14aren ikerketa orain arteko makina eta baliabide berberekin neurtzen da, eta horrela datazio fidagarriagoak lortzen ditugu. Metodologia aldaketa izan da hori, eta sistematikoki erabiltzen hasi da neanderthalen desagerpena eta cro-magnonen agerpena ikertzeko. 2009tikaurrera hasi ziren teknika horrekin egindako lehen txostenak argitaratzen, eta orain dauzkagun emaitzen antzekoak dira. Hau da, atera diren data guztiak ordura artekoak baino zaharragoak dira. Eta Iberiar penintsulan egon ziren neanderthalak eta cro-magnonak berriz datatzeko aukera egon denean jakin dugu horiek ere kutsadura zeukatela.

Noiz egon ziren neanderthalak eta cro-magnonak Iberiar penintsulan?

Lehengo ikerketen arabera, gizaki moderno edo cro-magnonak duela 35.000 urte agertu ziren lehenengoz, eta azken neanderthalak duela 30.000 urte inguru desagertu ziren. 7.000 edo 10.000 urteetako zapaldura egon zela zirudien. Azken ikerketan arabera, ordea, azken neanderthalak duela 44.000 urte desagertu ziren, eta lehen cro-magnonen datazioak duela 42.000 edo 43.000 urtekoak dira. Beraz, Neanderthalgo eta Cro-magnongo gizakiak ez ziren penintsulan aurkitu.

Gipuzkoa, Asturias eta Kataluniako aztarnategietako indusketak erabili dituzue ikerketan. Zergatik horiek?

Guk Labeko Koba eta Leze Txiki ikertu ditugu. Labeko Koba duela 25 urte aztertu genuen, eta Leze Txikik lagundu du jakiten azken neanderthalak noizkoak diren. Ikerketa horiek, berriz, lehen gizaki modernoen aztarnak noizkoak izan ziren jakiteko egingenituen, eta beste artikulu batean zehaztu genuen azken neanderthala noizkoa den. Beraz, bi ikerketa mota horiek hartu behar izan dira kontuan ondorio horretara iristeko. Kontuak kontu, Labeko Koba oso gertu dago mendebaldeko Pirinioen pasabidetik, eta Gironako L'Arbreda ekialdetik. Hau da, populazio berriak Iberiar penintsulara sartzean, biek hortik pasatu behar izan zuten, eta jakin dugu noiz izan zen kasu hori. Bestalde, Asturiasko La Viña Kantauri aldeko populazioa neurtzeko baliagarria izan da. Hau da, ikusita zein alde dagoen La Viñaren eta Labeko Kobaren artean, jakin ahal izan dugu hedapena zein abiadan eman zen.

Neanderthalek eta cro-magnonek Iberiar penintsulan ez zuten topo egin, baina Europan ere antzeko joera egon zen, ala?

Frantzian, Erresuma Batuan, Italian eta Alemanian ere indusketa ugari egin dira, eta joera antzekoa izan da. Bi espezieen arteko zapaldura egon baldin bada, ez da oso luzea izan. Garrantzitsua da hori jakitea, hibridazio biologiko edo kulturalak egon daitezkeelako kasu horietan. Cro-magnonekneanderthalen teknologia edo kulturaren eragina izan zezaten, elkarbizitza epe luzea behar zen.

Bi espezieen artean elkarbizitza egon zen, ordea.

Bai, hibridazio biologikoa egon dela badakigu. Baina ez dirudi bi espezieen arteko hibridazio hori Iberiar penintsulan egon denik,behintzat. Horretarako agertoki egokia Ekialde Hurbila da. Han batera egon ziren, gutxienez, 50.000 urtez. Beraz, halako nahasketa biologikoak egoteko aukera handiagoak daude han.

Bi espezieek Europako zati batean eta Iberiar penintsulan bat egin ez izanak zer ondorio ekar ditzake? Orain arte kontrakoa uste baitzen...

Alor guztietan dauka eragina. Hogeita bost urte hauetan frogatutzat geneukana ilusio bat izan da, arazo metodologiko bat egon delako tartean. Ikusi beharko da, ordea, agertoki berri hori benetakoa izango ote den; baina inondik inora ere ez ginateke lehengo egoerara itzuliko. Bide bat ixten du, eta perspektiba berri bat zabaltzen. Garrantzitsua izan daiteke, esaterako, labar-arteko lehenengo adierazpenak norenak izan ziren zehazteko. Datazioaren arabera, neanderthalenak edo cro-magnonenak izan baitaitezke. Gainera, linguistikan, antropologian, zientzian, historian edo arkeologian ere garrantzia izan dezake, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.