Erakusteak adina balio izaten du irakasteak. Eta erakutsiz irakastea da Bizkaiko Arkeologia Museoan ikusgai dagoen erakusketaren helburua: Neandertalak, Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia. Erakusten dituztenak jatorrizko 150 pieza inguru baitira. Irakasten dituztenak neandertalek Euskal Herrian izan zuten bizimodua, bilakaera eta desagertzeko arrazoiak baitira. Zalantzan jartzen dituztenak haiei buruzko mitoak eta uste okerrak baitira.
Beira arasetan jarrita, panelen bidez gidatuta, eta Emmanuel Roudierrek marraztutako eszenez lagunduta, neandertalei buruzko galderak eta erantzunak plazaratzen dira, benetan nortzuk izan ziren jakiteko eta Euskal Herrian izan zuten historia harrigarria eta luzea argitzeko. Duela urte gutxi arte uste zen baino gizarte aurreratuagoa zela azaltzeko.
Abri Olha (Kanbo, Lapurdi) eta Ventalaperra (Karrantza, Bizkaia) aztarnategietan egindako lehen indusketekin hasten da erakusketa, eta piezarik ustez baliotsuenarekin jarraitu: berriki Karrantzako El Polvorin leizean aurkitutako Andereren aztarnak. Euskal Herrian topatutako giza aztarnarik zaharrenak izan daitezke, 150.000 urte baino gehiago dituzten emakumezko baten hezur hondarrak, eta zantzu arkaikoenak dituztenak: burezurra eta erradioa. «Neandertalena gizarte basatia, atzeratua eta gutxi garatua zela dioen ideia horrekin apurtu nahi dugu», azaldu zuen erakusketaren aurkezpenean Joseba Riosek, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen saileko ikertzaileak —Rios bera eta Asier Gomez Olivencia EHUko Geologia saileko ikertzailea dira erakusketaren komisarioak—.
Andererekin batera, Axlorren (Dima, Bizkaia) aurkitutako neandertalen aztarnak daude ikusgai. Horietako batzuek ehun mila urteko antzinatasuna dute, eta Lezetxikin (Arrasate, Gipuzkoa) berreskuratutako neandertalen hortzen bi erreplika ere badaude. Izan ere, ikusgai jarritako piezak —horietako batzuk, aurreneko aldiz— Arabako eta Gipuzkoako aldundietako ondare arkeologiaren parte dira, eta Nafarroako Gobernuak utzitako piezak ere badaude, Bizkaiko Arkeologia museokoekin batera. Horregatik iragarri du museoko zuzendari Etor Telleriak litekeena dela erakusketa gerora beste museo batzuetara ere lekualdatzea.
Aukera paregabea baita garai hartako klima, landaredia eta fauna ezagutzeko ere. Eta neandertalen biziraupen estrategiak, haien teknologia, kultura eta mundu sinbolikoa. Bisita gidatuak antolatuko dituzte urritik aurrera, eta familientzako tailerrak azaroko igande guztietan. Komisarioek esana: «Neandertalei dagokien guztia etengabe berraztertzen da, aurkikuntza berriei esker. Haien historia harrigarriak interesa sortzen du, ispilu bat baitira, geure buruari begiratzeko balio duena».