Zientzia

Neandertalak joan, neandertalak etorri

Aranbaltzako (Barrika, Bizkaia) Erdi Paleolitoko neandertalak desagertu egin ziren, eta Akitaniatik joandako Chatelperron garaiko neandertalek ordezkatu zituzten. Neandertalen desagertzea hobeto ulertzeko eta osatzeko ikerketa egin du Rios Garaizarrek zuzendutako taldeak.

Aranbaltza II induskatzen, Barrikan. Bi metroko sakonerako zuloa induskatu dute. JOSEBA RIOS GARAIZAR.
jakes goikoetxea
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Neandertalen desagertzeari buruzkoa da arkeologiaren galdera nagusietako bat. Hainbat faktorek eragin zuten, eta tokian tokiko baldintzek eta ezaugarriek era bateko edo besteko prozesuak bultzatu zituzten.

Prozesu orokor horren barruan, gune oso zehatz batean zer gertatu zen argitu du ikertzaile talde zabal batek. Aranbaltza II aztarnategia da gune hori, aire zabaleko aztarnategia, Barrikan (Bizkaia). Haustura, eten edo ordezkatze baten erakusle da: «Badakigu Erdi Paleolitoko neandertalak duela 45.000 urte inguru desagertu zirela Kantauri aldetik; duela 44.000-43.500 urte, berriz, beste neandertal batzuk sartu ziren, Chatelperron teknologiarekin, eta ordezkatu egin zituzten, ziurrenik denbora laburrez». Joseba Rios Garaizarrek laburbildu ditu ikerketaren ondorio nagusiak. Bizkaiko Arkeologia Museoko arkeologoa da, eta berak zuzendu du ikerketa taldea. PLOS One aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Hemeretzi ikertzailek sinatu dute. 2013an hasi ziren Aranbaltza II induskatzen, eta 2016an bukatu zuten. Ia bederatzi urteko lana izan da.

Rios Garaizarrek eta beste zenbait arkeologok urteak daramatzate Kantauri aldeko Erdi Paleolitoko azken neandertalen aztarnak ikertzen. Duela 45.000 urtekoak dira haien arrastoen datazio gazteenak. Zerbait gertatu zen, beraz, duela 45.000 inguru.

Handik mila urte ingurura, beste neandertal batzuk azaldu ziren, eta haien aztarnak aurkitu dituzte Aranbaltza II-n. Etena oso garbia da, Erdi Paleolitoko neandertalen eta duela 44.000-43.500 urtekoen teknologiak, tresnak egiteko moduak —Chatelperron garaikoak—, ez baitu inolako loturarik. «Lotura bakarra da lehengai berdintsuak erabiltzen zituztela: flysch harria erabiltzen jarraitzen zuten, baina lanabesak egiteko modua guztiz ezberdina zen», zehaztu du Rios Garaizarrek. «Horregatik esaten dugu ez dagoela jarraitutasunik batzuen eta besteen artean».

Chatelperron aroko neandertalak oso ezagunak dira haien teknologiagatik, egiten zituzten suharrizko puntengatik batez ere. Chatelperron puntak deitzen zaie. Azken neandertalek garatutako teknologia zen, xaflen bidezko zizelkatzean oinarrituta. Punta arinak ziren, luzexkak eta oso puntadunak, ehizatzeko oso eraginkorrak.

Chatelperron garaiko neandertalak Frantzia erdi-hegoaldean sortu ziren, tokiko eboluzio baten eraginez, eta gero zabaldu ziren hegoaldera. Duela 44.000-40.000 urte inguruko garaia da. Chatelperron neandertalen aztarnategi asko daude Frantzia erdi-hegoaldearen eta Kantauri aldearen arteko «bide naturaletan». Rios Garaizarrek Le Basteko aztarnategia aipatu du, Hiriburun (Lapurdi): «Aranbaltza II-ren ezaugarri oso-oso antzekoak ditu. Aztarnategi bera dirudi, bi leku ezberdinetan. Ziurrenik handik joan ziren Aranbaltzara».

Puntak egitera bideratuta

Arkeologoaren iritziz, Chatelperron neandertalen teknologia ez zen aurrekoak baino garatuagoa edo sofistikatuagoa, ezberdina baizik. Erdi Paleolitoan ere erabili izan zituzten suharriak lantzeko haien teknikak. «Baina orduan gertatu zen ia hori bakarrik egiten zutela», azaldu du Rios Garaizarrek. «Aranbaltza II-n ikusi dugu dena oso bideratuta zutela Chatelperron puntak egitera, eta oso estandarizatuta zeuzkaten: forma nahiko antzekoa dute».

Rios Garaizarrek ñabardura bat egin nahi izan du: lantzak egiteko orduan zaila ez zela puntak egitea, makilak egitea baizik. Makilari zulo bat egin behar zitzaion, punta sartzeko modukoa, eta punta puskatuz gero beste bat sartzeko egokia izan behar zuen. Horregatik zen garrantzitsua puntak antzekoak izatea.

Suharriarekin puntak egiteko lantegia zen Aranbaltza II. Lantegi bat. Puntak, puntak egin ahal izateko suharri nukleoak eta puntak egitean sortutako harri ezpalak, xaflak... aurkitu dituzte. 5.686 aztarna litiko, milimetro bat baino handiagoak.

Barrikako flyscharekin egindako puntak topatu dituzte Labeko koban (Arrasate, Gipuzkoa), eta baita Morinen ere (Kantabria, Espainia). «Oso ondo ezagutzen zuten non agertzen zen suharria», nabarmendu du Rios Garaizarrek. «Ziurrenik haien artean transmititzen zen jakituria zen, mila urte horietan». Uste dute neandertalak Barrikara joaten zirela suharri bila eta tresnak egitera, eta gero beste leku batzuetara eramaten zituztela. «Suharri hori asko mugitzen zen».

Kanpotik eramandako bat ere topatu dute Aranbaltza II-n: Salieseko harriarekin (Okzitania) egindako punta bat. «Nahiko normala da: Erdi Paleolitoan mugitu egiten ziren», Rios Garaizarren arabera. «Horrek erakusten du Aranbaltzako Chatelperron aldiko neandertalak han ere ibili zirela». 200 bat kilometro daude Barrika eta Hiriburu artean.

Aranbantza II-n ikusi dutenez, beraz, Erdi Paleolitoko neandertalak desagertu egin ziren, eta Chatelperron teknologia zuten beste batzuek ordezkatu zituzten. Zer gertatu zen Erdi Paleolitoko neandertalekin? Desagertu egin ziren? Beste lekuren batera joan ziren?

Rios Garaizarren erantzuna: ikertzen jarraitu behar dutela. Arkeologoak uste du garai hartan izandako hoztea ez dela arrazoi nahikoa desagertzea azaltzeko. «Ideia batzuk baditugu», jarraitu du. Ikusi izan dute Erdi Paleolitoko azken neandertalak aurrekoak baino gehiago mugitzen zirela, lurralde handiagoak ustiatzen zituztela.

Klima hozteak eragin zezakeen paisaia aldatzea, landareak gutxitzea, eta animaliek ere mugitu behar izatea, janari bila. «Agian lekua ez zen hain oparoa baliabide aldetik, hau da, ez zeuden hainbeste animalia eta landare, eta zailagoa zen suharriak, egurra eta janaria lortzea. Badirudi krisi demografiko batean sartuta zeudela». Hipotesi bat da, etorkizunean frogatu beharrekoa. Horretarako, orduko klima, paisaia, animaliak... ikertu behar dira. Zenbait talde horretan ari dira.

Aranbaltza II-ko ikerketak arrastoak eman ditzake beste leku batzuetan ere neandertalen desagertze prozesua nolakoa izan zen jakiteko. Aranbaltza II aztarnategi jakin bat da. Haren azterketa osoa eta zehatza egin dute. «Baina buruan izan dugu Aranbaltza II-n ateratako datuekin historia orokorrago bat kontatu nahi dugula. Zehatz-mehatz ikertu dugu, eta hasi gara interpretazioa egiten».

Erantzunak, proposamenak

Arkeologia egiteko modu bat da, deskribapen hutsetik harago joaten dena. «Erantzunak eman behar ditugu», uste du Rios Garaizarrek. «Egoerak proposatzen ditugu, narratibak ere egon behar du, diskurtso koherente batek. Gizakiaren historia ulertzen saiatzen gara. Batzuetan baita probokatzaileak izanda ere». Gero, ebidentzia berriak hipotesi horiek hankaz gora jarriz gero, aldez aurretik pentsatutakoa aldatzen dute edo hipotesi edo proposamen berriak egiten dituzte.

Ikerketan Kantauri aldean neandertalekin gertatu zenaren proposamen bat egin dute. Ikusi eta frogatu behar da, ordea, beste leku batzuetan ere hala gertatu zela. Rios Garaizarrek uste du frogatuko dela: Katalunian, Frantzia iparraldean...

Ez leku guztietan, jakina: «Neandertalen demografia eta historia konplexua izan zen, eta ezin dugu pentsatu prozesua bakarra izan zela Europa osoan. Prozesu ezberdinak gertatuko ziren, eta horiek guztiek osatzen dute puzzle konplikatu hau». Iberiar penintsulako zenbait aztarnategitan, Burgosen esaterako (Espainia), Erdi Paleolitoko aztarnategiak topatu dituzte Chatelperron garaian. «Jarraitutasuna egon zen populazioen artean».

Erantzun berriek galdera berriak sortzen dituzte. Rios Garaizarrek hainbat ditu buruan, baina bat nabarmendu du: «Nola desagertu ziren Chatelperron garaiko neandertal horiek?». Alegia, nola ordezkatu zituzten gizaki modernoek, Homo sapiens-ek? Horretarako, Chatelperron garaiko aztarnategi gehiago behar dituzte. Urbasatik eta Trebiñutik eramandako puntak topatu dituzte Labeko koban. «Horrek esan nahi du neandertalak egon zirela Urbasan eta Trebiñun, suharriak lantzen eta puntak egiten». Erantzun berriak, galdera berriak eta lan berriak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.