Nazioarteko paella dastaketa

Aixerrotako 69. Paella Lehiaketa egingo dute gaur Getxon, egun osoko egitaraua atonduta.

Joan den urteko paella dastaketa, Getxon. GETXOKO UDALA
Joan den urteko paella dastaketa, Getxon. GETXOKO UDALA
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Aurten ere iritsi da paella usaina Getxora (Bizkaia), gaur egingo baitute Itsas Argia elkarteak antolatutako Aixerrotako Paella Lehiaketaren 69. aldia. 1956an jokatu zuten lehendabizikoz, Irurena elkarteak hala izendatuta. Orduan Aizkorriko zelaietan egin zuten, baita hurrengo hamabiak ere. Azken urteotan, nazioarteko sukaldariak etorri dira hemengoekin batera kozinatzera, eta, hala, gero eta jende gehiago joaten da paellak dastatzera. 

Itsas Argia elkarteak, gainerako urteetan bezala, tona bat egur eta 300 kilo arroz banatuko ditu Algortako zelaietan (Getxo), eta parte hartzaileak aurretiaz esleitutako lursailetan arituko dira kozinatzen. Sukaldea muntatzea, elikagaiak prestatzea eta sua piztea talde bakoitzaren lana izanen da. 

Aurten, uztailaren 13an muntatu zituzten tutuak, eta bihar desmuntatuko dituzte, 09:00etan. Toldoak ere bihar arratsaldean itzuli beharko dituzte, 19:00etatik 21:00etara bitarte. Ezinbertzekoa izanen da toldoak hartutako egoera berean itzultzea, eta emandako tiketa erakustea. Muntatze eta desmuntatze lanetan laguntzen duten kuadrillek lehentasuna izanen dute toldoen zozketan. Toldo bakoitzeko, dena den, arduradun adierazpen bat sinatu beharko da, eta, bertan eskatzen denez, partaide guztiek ezagutu —eta bete— beharko dute segurtasun araudia. Su-itzalgailuak eskura egonen dira, suterik balego ere. Egunean bertan ezin izanen da izotz eskaerarik egin. 

Eguneko plana

Getxon paella prestatu edo dastatu nahi dutenek 10:00etan eman beharko dute izena, eta, 12:00etan, txalaparta deiaren bidez, hasiera emanen zaie eguneko prestaketa lanei. Kozinatzen hasi aitzinetik, aurreskua eta haurren dantza jaialdia emanen dute, eta 13:30ean izanen da paella aurkezpena. Ikuskizunak bukatu ondotik, sariak banatuko dituzte: epaimahaiak mahaiz mahai dastatuko ditu platerak. Paella bera gustuz ona izateaz gain, sormena epaituko dute: Aixerrotako paellek estilo eta izaera propioa dute, eta ez dira tradizionalak izaten. Parte hartzeko, beraz, irudimena landu beharko da sukaldea bertze. 

18:30ean, sukaldeko lanak alde batera utzita, erromeria izanen da: Garilak 26. Aixerrotako landetara 08:00etatik 09:30era autoz sartzeko aukera egonen da; hartara, kuadrilla bakoitzak erabiliko duen materiala egokitutako lekuraino eraman ahal izanen du. 09:30etik aurrera, baina, landetara ezinen da inolako autorik sartu. 

Itsas Argia elkarteak, nazioarteko paella txapelketaz gain, urte osorako ekitaldiak antolatzen ditu: San Joan gaua, kalejira erraldoia, kantu poteoa, kantu jira, dantza emanaldiak eta mendi irteerak, bertzeak bertze.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.