Nazioarteko folka

Bidasoa Folk jaialdia egingo dute gaurtik igandera Txingudiko badian. Nazioarteko taldeak ariko dira, Kurdistangoak eta Irlandakoak tartean

2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bidasoa Folk jaialdia egingo dute Irunen, Hondarribian (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Gaurtik igandera arte, doako zazpi kontzertu izango dira eskualdean: munduko musika garaikideaz gozatzeko hiru egun izango dira.

Musikak «mugarik ez» daukanez, nazioarteko talde ezberdinak gonbidatu dituzte antolatzaileek. Euren kantak plazaratzeko aukera edukiko dute Kurdistango, Irlandako, Portugalgo eta Espainiako hainbat musikarik. Folkaren bidez, badiak duen «kulturarteko aberastasunaz» ohartaraztea da jaialdiko antolatzaileen helburua. Hamaseigarrena izango da aurtengoa.

Hondarribian emango diete hasiera hiru eguneko kontzertuei, Arma plazan. 2012an Lapurdin sortutako Hinka taldeak kontzertua joko du, 20:30ean. Horren ostean, 21:00etan, Altan talde irlandarraren txanda izango da: azken hamabi urteetan, munduko musika tradizionaleko talderik ospetsuenetakoa da.

Portugalgo folka, indartsu

Bihar, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian egingo dituzte musika emanaldiak. Portugalgo Aqui Ha Baile taldeak eskainiko du lehena, 19:00etan. Horren ostean, Frank Lasuen eta Jose Luis Canal musikariaren txanda izango da, 20:30ean. Joao Afonso portugaldarrarena izango da eguneko azken kontzertua.

Igandean, jaialdiaren azken egunean, bi kontzertu egingo dituzte Irungo Urdanibia plazan. Kurdistango Gani Mirzok eta haren taldeak euren herrialdeko doinuak flamenkoarekin nahastuko dituzte, 20:00etan. Kanarietako (Espainia) musika tradizionala eskainiko du, azkenik, Benito Cabrerak, 21:00etan hasita.

Bidasoa Folk jaialdia

Gaurtik igandera, Hondarribian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.