Navarra TVk bi eztabaidetako bat hautagai abertzalerik gabe egin du

UPN-PP, Unidos Podemos eta PSNrekin egin zuten bart eztabaida, EH Bildu eta Geroa Bai gabe

Javier Esparzaren (UPN) eta Adolfo Araizen (EH Bildu) artean Navarra Televisionen egin zuten eztabaida, iaz. IÑIGO URIZ / ARP.
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Navarra Television kateak lehen hauteskunde eztabaidatik kanpo utzi zituen atzo EH Bildu eta Geroa Bai. UPN-PPko Iñigo Alli, Unidos Podemoseko Ione Belarra eta PSNko Jesus Maria Fernandez izan ziren eztabaidan —hiru talde horiek dira abenduan ordezkaritza lortu zuten bakarrak—. Datorren asteko asteazkenean, berriz, sei hautagairekin egingo dute beste eztabaida bat, eta hor EH Bilduko, Geroa Baiko eta Ciudadanoseko hautagaiak ere izango dira. Vera Villafrancak gidatuko du eztabaida, 21:30ean.

Nafarroako Parlamentuak onartu egin zuen Navarra TVk egindako eztabaiden proposamena, UPNren eta Podemos-Ahal Dugu-ren babesarekin; EH Bilduk eta Geroa Baik aurka bozkatu zuten. EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek Podemos-Ahal Dugu-ren jarrera kritikatu zuen astelehenean: «Abenduan, Podemosek ez zuen ordezkaririk, eta Navarra TVren solasaldian sartzeko eskaera egin zuen, hala behar zuela sinetsita». Araizek nabarmendu du abenduan ordezkaritzarik ez zuten taldeen parte hartzea onartu zela eztabaidetan. «Kuriosoa da orain Podemosen jokabidea», esan du Araizek.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, iazko maiatzean, Geroa Bai boto gehien lortu zutenetatik bigarrena izan zen, eta EH Bildu, hirugarrena. Espainiako Kongresurako abenduko bozetan, berriz, aurreko legealdian zuten diputatua galdu zuten biek; EH Bilduk 34.856 boto lortu zituen, eta Geroa Baik, 30.544.

Nafar Telebistan, berriz, hautagai guztiekin egingo dituzte elkarrizketak eta eztabaidak datozen egunetan. Datorren asteartean, Iñaki Redinek gidatuko du hauteskundeetako eztabaida, UPN-PP, PSN, Unidos Podemos,EH Bildu eta Geroa Baiko hautagaiekin (22:00). Elkarrizketak astelehenetik ostiralera egingo dituzte, 21:15ean, UPN-PPko Iñigo Allirekin hasita. Kontuan izan behar da UPNk duela gutxi uko egin ziola Nafar Telebistako saioetan parte hartzeari. Betoa jarri zion hedabideari, beraz. Baina telebistaren eta alderdiaren arteko elkarrizketen ostean, hasi dira UPNko ordezkariak berriro kate elebidunean parte hartzen.

ETBk datorren astean bi hauteskunde eztabaida emango ditu, ordezkaritza duten hautagai guztiekin. Asteartean, ETB1en, Maddalen Iriartek gidatuta, alderdi eta koalizioetako honako bost ordezkari hauek ariko dira eztabaidan: Nagua Alba (Unidos Podemos), Joseba Agirretxea (EAJ), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP). ETB2k hilaren 23an emango du eztabaida, honako hautagai hauekin: Nagua Alba (Unidos Podemos), Aitor Esteban (EAJ), Oskar Matute (EH Bildu), Patxi Lopez (PSE-EE) eta Alfonso Alonso (PP).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.