Naturatik soinera, soinetik naturara

Organismo bizi batetik garatutako egitura da biomateriala: esaterako, mizelioen zuntzekin ekoitzitako oihala, edo hondakinetatik sortutakoa. 2000. urtetik aurrera hauspoa hartu du teknologia horrek, eta, egun, arropa egiteko erabiltzen da, adibidez. Material jasangarriagoa da, oro har.

5. Amama. Aritz Antolinen saskiak, agar-agarrezkoak. ARITZ ANTOLIN.
amaia igartua aristondo
Gueñes
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Animalia azalarekin ondu ordez, anana hostoekin ondutako larru beganoa; edo laranja azalarekin egindako haria; edo bakterioek ekoitzitako konglomeratuak. Eta etenik gabe luza daiteke zerrenda, bai askotariko hondakinekin taxututako oihalak aitatuz, bai tindatzeko baliabide organikoak aletuz, baita petroliorik gabeko plastiko ugariak gogoratuz. Biomaterialak dira horiek guztiak, eta, definizio adostu orokor bat ez dagoen arren, gako batzuk eman ditu Adele Orcajada Gueñesko (Bizkaia) Basque Biodesign Centerreko zuzendari akademikoak: «Guretzat, biomateriala da organismo bizi batetik garatzen den material bat: bakterioa, alga, onddoa, mizelioa... Biodegradagarria izan daiteke, baina ez du zertan».

Konbutxa oihala. Mizelioarekin bakterio-zelulosa txatalak lortu dituzte, eta horiekin kapa bat taxutu dute. Aritz Loiola / Foku

Hamarkada gutxi dituen teknologia da. Orcajadak azaldu duenez, 2000. urteetan hartu zuen indarra kontzeptuak, batik bat Susan Lee moda diseinatzaileak akuilatuta. Konbutxa edari hartzitua egiteko erabiltzen diren onddoek bakterio zelulosa ekoizten dute, eta hura hutsetik ikertzen hasi zen Lee; oihal bat garatu zuen, larruaren antzekoa, motozaleen tipoko jakak egin zituen material berriarekin, eta mugarri bat ezarri zuen modaren industrian.

Ordutik, ikerketak hauspoa hartu du, eta aplikazioak ere merkaturatzen hasi dira tantaka, urteetako esperimentazioaren ondotik. Are, berriki marka handiak interesa agertzen hasi dira —Zara, kasurako— eta proiektuetako batzuk diruz laguntzen; eta, esaterako, Stella McCartneyk Mylo larrua erabili izan du bere poltsetan, mizelioarekin egindako materiala —onddoek sortzen duten sarea da mizelioa—.

Ohikoak baino jasangarriagoak dira biomaterialak, edo hori da jomuga, behintzat. «Birsortzaileagoak» dira, Orcajadak ñabartu duenez. «Ingurunea ez dute hondatzen, eta, gainera, ingurunea elikatzen dute; nutrienteak itzultzen dizkiote lurrari». Gaur-gaurkoz, modaren industriak askotariko baliabideak ustiatzen ditu, zuzendari akademikoaren hitzetan, eta, hala sintetikoak nola organikoak izan, arrasto ekologikoa uzten dute, orobat; kotoi ekologikoak, esate baterako, ur asko behar du, Orcajadak ohartarazi duenez. Biomateriala, aldiz, ez da hain agresiboa ingurune naturalarekin, ez ekoizpenean, ez materiala erabili bitartean, ezta hura botatzean ere, erabat desegiten baita. «Pentsatzen da nola fabrikatu naturarekin sinbiosian egon dadin: helburua da ekoizpenean energia gutxi erabiltzea, baita toxikoak ez diren materialak ere». Hori hala, erabiltzailearen osasunarentzat ere hobeak direla uste du Orcajadak, egungo tinturak kaltegarriak izan baitaitezke.

Mizelioarekin lortutako konglomeratua, eta, esku artean, konglomeratu zapaldua. Tenperatura isolatzailea da. Aritz Loiola / Foku

Potentziala badago, baina teknologia biribildu behar da. Esate baterako, hondakin begetalekin taxututako larru begano batzuetan, plastikozko estaldura bat ipini beharra dago oraindik ere animalia larruaren ezaugarriak bermatzeko. «Oraindik trantsizioan dago. Bilatzen da bukaerako ukitu horiek ere biodegradagarriak izan daitezen, argizari begetalak erabilita, adibidez». Halaber, ekoizpen bolumena oso txikia da egun, ez da seriean produzitzen, eta, horrenbestez, ohiko materialak baino garestiagoa da. Denbora kontua da hala ere, Orcajadaren aburuz. «Merkeagoa izango da etorkizunean: osagaiak merkeagoak dira, berriztagarria da...».

Larruak eta plastikoak

Argi utzi du zuzendari akademikoak: Basque Biodesign Centerreko ikasle eta ikertzaileak ez dira zientifikoak, diseinatzaileak baizik. Baina, hala ere, badu tokiak laborategiaren traza, hein batean: askotariko prozesuak abiatzen dituzte, askotan ahalegindu eta porrot egiten dute, eta emaitza horiek oinarri hartuta orrazten dute euren metodoa. Ikerketa zientifikora adi daude, hango emaitza batzuk erabilgarriak baitzaizkie; funtsean, zientzia diseinuaren bidez aplikatzen dute, Orcajadaren esanetan.

Mizelioa da zentroko ikerketa bideetako bat. Konbutxa onddo haztegi batekin hasi ziren, eta berehala ugaritu zitzaien. Askotariko substratuekin elikatzen dute, hala nola nekazaritza hondakinekin, janariarekin, oihalekin, paperarekin eta baita plastikoarekin ere, mizelioa hura txikitzeko gai baita. Materialokin sortzen du zelulosa onddoak: mizelio elikatua sikatzen uzten dute moldeetan, eta bakterio-zelulosa piezak ateratzen dituzte; egitura moldera egokitzen da, eta, beraz, «ez da soberakinik sortzen», Orcajadak nabarmendu duenez.

Praktikan, ordea, bidea ez da hain zuzena. Izan ere, biomaterialen prozesua ez dago sistematizatuta: urrats berak eginda, biomaterial batek garapen ezberdina eduki dezake, inguruko ezaugarriek baldintzatzen baitute —tenperaturak, esaterako—; beti ez da geratzen testura, kolore edota gogortasun berarekin. Hala gertatzen da konbutxa oihalekin: leunagoak ateratzen dira batzuetan, eta itsaskorragoak zenbaitetan. Bi garapen bide horiek identifikatu dituzte zentroan, eta ikertzen hasi dira aurreikusi ahal izateko noiz hartuko duen bata edo bestea. Bi produktuak aprobetxatzen dituzte, dena den: muki tankerakoa birrindu eta itsasgarria egiten dute, eta haritsua oihal bezala erabiltzen dute: gutxi-asko 10x10 zentimetroko txatalak ekoitzi, eta haiekin manta antzeko bat egin dute, zatiak urarekin itsatsiz.

Biomaterialak euskarritzat darabiltzate grabatuak egiteko. Aritz Loiola / Foku

Bioplastikoak ere ekoizten dituzte Basque Biodesign Centerren. Gelatina edo agar-agar alga oinarri, plastikoen testura eta distira bereko materialak lortzen dituzte, eta kolorgeak dira, halaber, baina askotariko osagaiez bete daitezke. Bioplastikorik oinarrizkoena da, Orcajadak azaldu duenez; bereziki, gelatinaz egindakoa. Agar-agar-ak, ordea, zorrotzagoa izatea eskatzen du. «Lehortzean, uzkurtu egiten da; bolumena galtzen du, eta hautsi egin ohi da».

Askotariko aplikazioak

Konbutxa oihala edota bioplastikoa oinarrizko mihiseak baino ez dira, nolanahi ere; hots, haietan esku har daiteke. Biomaterialak tinda daitezke, esaterako; bakterioekin ahalegindu dira hori egiten. «Bakterioek kolorea dute. Zeta zati bat ipini genuen petri plaka batean, bakterio batzuekin, eta, telan mugitu ahala, kolore morea utzi dute», azaldu du Orcajadak. «Literalki, bakterioekin batera diseinatu dugu». Bioplastikoz ondutako jaka bat, aldiz, izkira tintarekin pintatu dute.

Tinta tradizionalak txertatzen ahalegintzen dira, era berean. Irati Retolaza grabatzaile eta zentroko irakasleak horretan egiten du lan, hain zuzen: biomaterial ezberdinak erabiltzen ditu grabatuetarako euskarri gisa, papera erabili beharrean. «Batzuk porotsuagoak dira, eta tinta hobeto xurgatzen dute; beste batzuek egotzi egiten dute, eta bestelako marrazkiak sortzen dira». Gelatinaz egindako bioplastikoak izan dira orain arteko eraginkorrenak, azaldu duenez: euskarri erregularra da, eta, hortaz, torkuluan sartzeko egokiagoa. Hurrengo urratserako, biomaterial gogorragoak erabili nahi ditu irudia euskarrian erreproduzitzeko molde gisa, adierazi duenez.

Bestalde, ardi latxaren ilea du ikerketa gai Eduardo Loreto diseinatzaileak: aztertzen ari da ea zergatik arbuiatu izan den, eta nola erabil daitekeen arropa ez diren produktuak egiteko. «Ikertu dudanagatik, ez da euskal arazoa soilik». Munduko beste leku batzuetan bota egiten omen da bertoko ardien ilea. Olatz Pereda artistak, halaber, tokiko baliabide bat hautatu du bere proiekturako: gertuko buztinarekin, oihal bat ekoitzi nahi du, jatorrizkoen ezaugarri bertsuekin: josi ahal dena, edo laserrarekin ebaki... Hamabost errezeta probatu zituen aurreko lanean, eta horietako batzuekin latexaren antzeko materiala erdietsi zuen.

Aritz Antolinen saskiak, agar-agarrezkoak. Aritz Antolin

Ikasle eta ikerlariek garatutakoez gain, ordea, zentroan ikusgai daude munduan garatutako hainbat biomaterial. Askotarikoak dira ereduak. Giza ilearekin egindako soka mataza bat dago, arkitekturako behin-behineko egiturak egiteko erabiltzen dena; giza txizarekin sortutako esmalteak ere badaude; eta mizelioarekin egindako konglomeratuak bildu dituzte orobat, tenperatura eta soinu isolatzaileak direnak.

Baina zentrotik kanpo ere badago biodiseinuarentzako tokia. Hain justu, teknika hori erabili du Aritz Antolin arkitekto eta diseinatzaileak saski batzuk sortzeko. Bioplastikoz ondu ditu, eta agar-agarra erabili du, zehazki. Sestaokoa (Bizkaia) da Antolin; euskal emakumearen historia miatu zuen, eta ondorioztatu zuen andreek toki gutxi zutela lehen etxetik kanpo, salbuespen batekin: itsas eremua. Senarrak hainbat hilabetetarako joaten ziren arrantzan, eta euren lehorreko beharrak emakumeek egin behar izaten zituzten. Hori oinarri, Amama proiektua abiatu zuen, hiru saskitako sorta. Agar-agar eta alginato algak hautatu ditu egiturarako, eta espirulina tindaketarako, zero kilometroko osagaiak baitira denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.