Naturaren oreka

Ekialdeko eta Mendebaldeko kulturen nahasketa bat eskaintzen du 'Dralion'-ek, Cirque du Soleilen ikuskizunak. Gizakiaren eta naturaren oreka du ardatz, eta naturaren lau elementu nagusiak —sua, ura, airea eta lurra— ditu osagai nagusi. Donostian taularatzen ari dira.

ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Sua, lurra, ura eta haizea harmonian. Naturaren handitasuna erakutsiz. Gizakiarekin orekan, sinbiosian. Halaxe abiatzen da Dralion, Cirque du Soleil konpainia Donostian eskaintzen ari den ikuskizuna. Harmonia eta oreka horren erakusle da, hain zuzen, dralion edo dragoi-lehoia, Mendebaldeko eta Ekialdeko kulturen nahasketaren ikurra. Harekin batera, natura zaintzen dute Azala, Gaya, Oceane, eta Yao jainko-jainkosak. Guztiek magiaz, dantzaz, akrobaziaz eta ilusioz betetako mundu batera eramaten dituzte ikusleak.

1.999an estreinatu zuen ikuskizuna Cirque du Soleilek. Zirkuko karpa batean egiteko sortu zuten, baina, lortutako arrakastaren ostean, areto handietarako egokitu zuten. Hamabost urtez munduko bost kontinenteetan barrena ibili ostean, urtarrilean eskainiko dute azken aldiz. Bihar arte egongo da ikuskizuna Donostian. Baina abuztuan Euskal Herrira itzuliko da, hilaren 17tik 24ra arte Bilbon izango baita.

Herenegun Antonio Elortza belodromoan eskaini zuten aurreneko emanaldiak aho zabalik utzi zituen haur, gazte eta helduak. Txinako akrobazien 3.000 urteko tradizioa eta Cirque du Soleilen estilo berritzailea uztartzen ditu hamar ataletan banatutako ikuskizunak, estetika zaindu eta eder batekin. Atalen ikusgarritasuna eta plastikotasuna handituz doa. Hori bai, hasieran umorea erabiltzen dute amu gisa. Hiru clown-ek aurkezten dute emanaldia. Hortik aurrera hitzek musikari, dantzari eta akrobaziei uzten diete lekua. Ikusleen artean ere hitz gutxi. Lilura, emozioa eta tentsioa agertzen dira haien aurpegietan artisten akrobaziak ikustean. Txaloek baino ez dute hausten giro hori.

Atal guztiak dira ikusgarriak. Baina esanguratsuenetako bat tranpolinarena da. Bertan, akrobatek tranpolin batzuetatik salto egin, eta itzulipurdi ikusgarriak egin ostean, agertokiaren oihalera pegatzen dira, armiarmak balira bezala. Musika azkartuz joan ahala, gainera, saltoen eta akrobazien erritmoa handituz doa, zailtasuna areagotuz. Armiarmak ez, geziak dirudite Hoop Diving ataleko artistek. Afrikako doinuekin, hamar akrobatek egurrezko uztai batzuk igarotzen dituzte. Uztailak elkarren gainean daude, eta batzuk mugitu egiten dira.

Ikusgarritasun hori galdu gabe, beste atal batzuetan estetikak plastikak hartzen dute garrantzia. Hala gertatzen da Pas de Deux izenburua duenean. Bi dantzari, belo itxurako oihal batetik elkar hartuta, akrobazia figura ikusgarriak egiten dituzte, airean. Horren bidetik doa aireko uztaia izeneko zatia. Balleta oinarri, eta uztaia lagun, emakume akrobata batek suan oinarritutako koreografia bat eskaintzen du. Dantzaria eta uztaia bat bihurtzen dira, energia, zehaztasun eta indar askoko mugimenduen bidez.

Dralions eta Banbuko Zutoinak atalek, berriz, mitologia eta tradizioa dituzte oinarri. Banbuko Zutoinak-en kasuan, Txinako akrobazien tradizioa oinarri duten banbuko zutoinak mugitzen dituzte buruarekin artistek, saltoak eta bestelako mugimenduak egiten dituzte bitartean. Dralions-en, berriz, ikuskizunaren benetako protagonista ateratzen dira: dragoi-lehoiak. Txinako dantza tradizionalak dantzatzen dituzte, akrobatek baloi handi baten gainean mugitzen diren bitartean.

Diaboloarekin, sokekin edo aulkiekin egindako saioek osatzen dute ikuskizuna. Atal bakoitzak du bere kolorea, oinarri duten naturaren elementuaren arabera: suaren gorria, lurraren okrea, uraren berdea edo airearen urdina. Agertokiko elementuetan, artistek erabiltzen dituzten tresnetan eta haien jantzietan irudikatzen da hori. Baita atal bakoitzean ageri den jainko-jainkosaren arabera ere. Azala, airearen jainkosa, urdinez doa; Gaya, lurrarena, okrez; Oceane, urarena, berdez; eta, Yao, suarena, gorriz. Yao, jainkoa ez ezik, deabruen gidaria ere bada.

Zirkuaren atzealdea

Ikuskizunaren atzean pertsona askoren ahalegina dago. Ehun bat pertsonak egiten dute lan. Horietatik 54 dira artistak. Gainontzekoek bestelako lanak egiten dituzte: teknikoa, logistikoa, komunikaziokoak, sukalde eta garbiketakoak... Denek dute beren egitekoa.

Saioen aurretik, artistek entsegu eta entrenamendu saio luzeak egiten dituzte. Bakarka zein taldean. Horretarako, agertokiaz gain, gimnasio moduko bat dute. Agertokia muntatzeaz arduratzen direnak egokitzen dute hori, saioa egingo den lekuaren arabera. Arropa garbitu, lisatu eta konpontzeko gunea ere badute. Zazpi garbigailu eta hiru lehorgailu dituzte bertan. Geratu gabe aritzen dira egun osoan. Azken gunea jantokiak eta sukaldeak osatzen dute. Artistek zorrotz zaindu behar dute jaten dutena, eta propio egokitutako dietak dituzte.

Etxetik kanpo hainbeste denbora emanda, familia eta zaintza hori asko eskertzen dela azaldu dute Facundo Gimenez eta Josue Anuar konpainiako artistek. Gimenez ikuskizunean dauden hiru clown-etako bat da, eta Anuar, abeslari nagusia. Gimenez argentinarra da. 29 urte besterik ez du. Baina ondo ezagutzen du zirkuaren mundua. 9 urterekin hasi zen clown moduan, gurasoek zirku batean egiten baitzuten lan. 2006. urtean sartu zen konpainian, Mexikon egindako entzunaldi baten ostean. «Ehun bat pertsona aurkeztu ginen clown rola jokatzeko, eta ni aukeratu ninduten. Ezin nuen sinistu».

Dralion ikuskizunean ikusleek gehien estimatzen dutena akrobaziak izan arren, Gimenezek gogorarazi du eurek abiatzen dutela emanaldia eta gakoa direla ikusleen lehen arreta hori lortzeko. Hala definitu du jokatzen duten rola. «Arlote modukoak gara. Ero samar gaude. Baina konplizitate handia dago gure artean. Anaia modukoak gara. Ezezaguna den dialekto bat hitz egiten dugu. Italiarra, frantsesa, portugesa eta gaztelania nahasten ditugu». Familiaren eta lagunen falta sumatzen duela onartu du, eta gogorra dela etengabe bidaiatzen aritzea. «Baina, aldi berean, zure artea mundu osoan erakusteko aukera duzu, eta hori gauza handia da». Nabarmendu du jendeari barre egiteko garrantzitsua dela norbera fisikoki eta psikikoki ondo egotea. «Agertokira igotzean beti sentitzen dut ilusioa, emozioa. Horrekin batera, agertokitik kanpoko kezka eta arazo guztiak baztertzen saiatzen naiz. Egiten ari naizenean murgiltzen naiz». Ikuskizuna urtarrilean amaituko da, baina konpainian jarraitu nahiko luke. «Baina orain ez nago horretan pentsatzen. Nire kideen antzera, geratzen diren emanaldi guztiez ahalik eta gehiena gozatu nahi dut. Ondoren, ikusiko dugu. Argi dudana da clown-a nire bizitza dela».

Etorkizunak ere ez du kezkatzen Arnua. Hark ere baditu ametsak. Disko bat grabatu nahiko luke, berak sortutako kantuekin. Dena den, benetako ametsa duela bi urtetik betetzen ari dira: Cirque du Soleilen lan egitea. «Dralion ikusi nuenean, neure buruari esan nion: hor lan egingo dut. Hala, Internetez bideo eta bestelako material batzuk bidali nizkien, nire kantu eta emanaldiekin. Urtebeteren buruan, hartu egin ninduten». Bi urte hauetako esperientzia «ikaragarria» izan dela dio. «Nire prestaketa klasikoa da. Besteak beste, opera abesten dut. Baina estilo guztietara egokitzen naiz. Jazza, bluesa.. denetik abes dezaket. Harrigarria bada ere, salsa abestea da gehien gustatzen zaidana».

Estilo guztietara egokitzeko gaitasun horretan sakontzen lagundu dio Dralion-en parte hartzeak. «Pertsonaia nagusietako bat taularatzeko aukera ere eman dit. Oso pertsonaia berezia da, gainera. Arimaren indarra irudikatzen dut, perfekzioa. Naturako lau elementuak nahierara menderatzen ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.