ATZEKOZ AURRERA. Irati Jimenez. Literatura animalistan aditua

«Naturaren eta iragan galduaren sinbolotzat erabili dira animaliak»

Gizakiak ez diren animalien irudikapenari erreparatzen dio literatura animalistak. Jimenezen arabera, sinbolo hutsa ziren lehen, baina, animalien eskubideen eskutik, haien bizipenez ere mintzo dira egileak.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Genero jakin bat baino gehiago, obrak aztertu, ulertu eta interpretatzeko modu bat da literatura animalista. Eta modu bat da, orobat, animalia eskubideez mintzatzeko, eta behatzeko animaliak nola izan diren ulertuak eta irudikatuak. Hori dena da Irati Jimenez literatur adituarentzat (Barakaldo, Bizkaia, 1994). Literatura animalistaren inguruko ikastaro bat emango du Barakaldoko Libreramente liburu dendan, hilero, datorren urteko urtarrilera bitarte. Zapatuan izan zen aurreneko saioa.

Literatura unibertsalean, ohikoa izan al da pertsonaia batzuk animaliak izatea?

Bai. Lehen, sinbolikoki asko erabiltzen ziren, gizakien sentimenduak agertzeko, edo naturaren eta iragan galduaren sinbolo gisa. XIX. mendetik aurrera, modu serioagoan hasi zen hitz egiten animalien eskubideez, eta eragina izan zuen animalien irudikapenean: sinbolotzat erabiltzen ziren, baina aintzat hartzen zuten nolakoa zen animalia bera, bizitza errealean.

Animaliengan ardaztutako lanetan, gehiegi jotzen da pertsonifikaziora?

Segun; asko jorratzen dut kontu hori ikastaroetan. Eztabaida ixteko, parte hartzaileei galdetzen diet ea uste duten gizakia ez den animalia hori gehiegi antropomorfizatua dagoen, ea gehiago den gizakia animalia baino. Azken finean, autore guztiak gizakiak dira; normala da horretara jotzea. Zapatuko lanean [Ana Sewellen Black Beauty, 1877koa], zaldi baten bizitza kontatzen da bere ikuspegitik, eta batzuetan ahaztu egiten da animalia dela, asko hitz egiten baitu garai viktoriarreko esklabotzaz.

Zeren arabera aukeratu dituzu ikastaroko liburuak?

Garai viktoriarretik XX. mendeko lehen erdira arteko liburuak dira, animalien irudikapenaren eboluzioa islatzeko. Eta saio bakoitzean gai jakin bat landu nahi dut: lehenean, animalien eskubideak; H.G. Wellsen The Island of Doctor Moureau liburuarekin [1895], animalien esperimentazioaz hitz egingo dugu; natura ulertuko dugu iraultza industrialetik ihes egiteko modu gisa Jack Londonen Basabizitzaren deia-rekin [1903; Josu Zabaletak euskaratu zuen 1979an]; Virginia Woolfen Flush-ek [1933] etxeko animaliak ditu hizpide, zeintzuk kapitalismoaren ondorio bat izan baitziren, animalia beste jabetza bat bihurtu baitzuen; eta William Faulknerren A Bear Hunt-ekin [1934], ehizaz mintzatuko gara.

Zer harreman dute animaliok gizakiekin?

Gai horiek guztiak daude erlazionatuta gizakiokin, gugatik izan baitute bizitza bat edo beste, bizi kalitate bat edo beste. Harremana beti da jabetzazkoa eta hierarkikoa, baina obra batzuk ahalegindu egiten dira horiapurtzen, edo ukabilkada bat izaten.

Nola eboluzionatu du animaliekiko ikuspuntuak?

Aldatu egiten da irudikapena; ez bakarrik eboluzio kronologikoagatik, baita gaiaren arabera ere. Sewellen liburua errealistagoa da: xehetasun pila bat ematen ditu. Wellsena gehiago zentratzen da animaliatasunean: eleberriko izakiak artifizialki sortu dituzte, baina gizakiak ez diren animaliatzat dauzkate; hau da, zerbait negatiboa dira, eta gizakia baino zerbait okerragoa.

Eboluzioaren gakoetako bat izan daiteke irakurleak gizakia ez den animaliarekiko sor dezakeen identifikazioa?

Bai, momentuko beharraren arabera. Sewellenean, errealitatea erakutsi beharra zegoen, jendea ez baitzen jabetzen zer sufritzen zuten zaldiek eskulan gisa erabiliak izatean; haiei ahotsa emateko modu bat izan zen. Faulknerren narrazioan, erro naturaletara itzultzeko grina dago, hain azkar doan mundu kapitalista honetan. Hain justu, animalia bat ehizatzean, sentimendu primitibo horretara itzultzen da: natura bere egingo du, natura baita bere tokia; eta ehizatzean konektatzen du barne sentimendu horrekin.

Animalia bakoitza sinbolo jakin bati lotuta al dago?

Historian, animaliek esanahi jakin batzuk izan dituzte: adibidez, sugea izaki maltzurra izan da. Ezaugarri horiek, batik bat, folkloretik etorri dira, ipuin tradizionaletatik... Hartzari eta lehoiari dagokienez, esanahia aldatu egin da erlijioaren arabera. Hartzak esanahi bat zuen mundu paganoan, eta, garaiaren arabera, txarra zelako ideiak hauspoa hartu zuen.

Zapatuan izan zen ikastaroaren lehen saioa. Nola joan zen?

Harrera oso ona izan zuen. Beste gai batzuetan —arrazismoarekin lotuta, esaterako—, jendeak oso argi dauka literaturak zenbateko garrantzia izan dezakeen. Inoiz ez zuten hausnartu zein garrantzitsua izan daitekeen baita animalismorako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.