Kepa Acero

«Naturarekin eta ingurukoekin harremana izateko modua da surfa»

Surfa, kirol hutsa baino gehiago, bizitzeko filosofia bat da Kepa Acerorentzat. Tokitan dagoen munduko olatu bikain baten gainean surfean aritzea bezain garrantzitsua iruditzen zaio inguruan dituen natura, kultura eta harremanez gozatzea.

IDOIA BERATARBIDE.
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Gaztetan, beste asko bezala hasi zen surfean Kepa Acero (Algorta, 1980); txapelketetan parte hartzen zuenean ere jende andana izaten zuen inguruko olatuetan, baina, azken urteotan, inor gutxi murgildu den uretan sartu du surf ohola. Bost kontinenteetako itsasertzak astindu ditu munduko olatu onenen eta berezienen bila, eta joan den abenduan bukatu zuen bere azken proiektua: Azken Muga.

Munduaren bazterretan ere surf egin daiteke, beraz?

Bai, eta ondo gainera... Munduko bi ertzetan aritu naiz olatuak hartzen, Alaskan eta Patagonian. Nire asmoa olatuen esplorazio bat egitea zen, eta, horretarako, leku hotzetara joan nintzen. Hala ere, Alaskan udan egon nintzen, eta negua iristen ari zenean hego hemisferiora alde egin nuen, Patagoniako udara. Oso esperientzia ona izan da, baina batzuetan oso gogorra ere bai. Bukatu nuenean horregatik nengoen hain pozik, batez ere aurretik sufritu nuenagatik.

Alaskan, mareak igotzerakoan sortzen duen halako tsunami txiki moduko batean surfean aritzeko aukera izan zenuen. Bitxia, ezta?

Oso olatu berezia da. Kostatik 50 kilometrora ateratzen da, eta oso luzea da. Hamar minutu inguru egon zaitezke olatuaren gainean; zoragarria. Hor bakar-bakarrik zaude; oso esperientzia sakona da.

Dena den, Alaska eta Patagonia baino lehen ere izan duzu munduan olatu onak hartzeko aukerarik.

Bai, Bost Olatu Bost Kontinente proiektuarekin ibili nintzen; munduko olatuen bila joan nintzen, eta, tartean,Namibian eta Indonesian egon nintzen. Mundu mailako olatuak perfektuak dira; ezin daitezke hobeak izan, baina ez dira asko... Hala ere, ezkutuan zeuden olatuak nahi nituen nik, iristeko zailak zirenak. Abentura hori bizi nahi nuen, urduritasun hori... Bestela, Mundakakoa bera ere mundu mailako olatua da.

Hain zuzen, Bost Olatu Bost Kontinente proiektua Mundakan bukatu zenuen.

Mundakakoa munduko olaturik onenetakoa da. Hilabeteetan bakarrik ibili ondoren, etxean bukatzeko modu bat izan zen, bizitza osoan surf egin dudanlekuari halako omenaldi bat egiteko modu bat.

Dena den, zure bidaiatzeko modua berezia da... Zure bidaietan olatua baino zerbait gehiago nahi izaten duzu.

Ni surfista profesionala naiz, kirolaria; orduan, nire helburua olatuak aurkitzea da, baina, azkenean, bidaietan oso garrantzitsua da harreman pertsonalak izatea, kulturan integratzea eta esperientzia hori bizitzea. Horrek kirola beste dimentsio batera eramaten du, sakonago bihurtzen du. Horrek balio du niretzat: dimentsio osoak. Azken batean, naturarekin harreman intimoa izateko eta ingurukoekin erlazionatzeko modua da surfa. Bakarrik egoteak ere asko laguntzen du horretan.

Harreman horiek lortzeko, beharrezkoa izango da ezezagunen etxeetako txirrina jotzea, ezta?

Kar-kar. Hainbeste denbora bakarrik igarota jendearekin hitz egiteko beharra ikaragarria izaten da, eta, azkenean, lotsa galtzen duzu! Orduan, bada, harremanak izan nahi dituzunez, txirrinen bat jotzen duzu... Azken finean, babesik gabe zaude, eta familiaren eta lagunen falta asko sumatzen da.

Leku oso basatietan ere egon izan zara.

Zenbait lekutan badakizu arriskuak daudela; hartzak egon daitezke, orkak... Baina han zaude; aurrera egin nahi duzu, eta beldur puntu horrek esperientzia aberastu egiten du. Horrek intentsitatea ematen dio egiten ari zarenari.

Diruz justu xamar ibiltzen zara. Azken batean, abentura eta arriskua gustatzen zaizkizu...

Kontraesana dirudi, baina diru gutxirekin ibiltzeak aberastu egiten du bidaia. Izaten diren bizipenak eta sortzen diren egoerak askoz sakonagoak dira.

Zure bidaietako abenturen berri ia egunero izan daiteke Interneten jartzen dituzun bideotxoen bidez.

Alde batetik, hau nire lana da, eta hori egiten dut. Beste alde batetik, bakarrik bidaiatzen dudanez, bideoekin partekatu nahi izaten dut nire esperientzia. Hala, gainera, jendeak egiten ari zarena ikusten du, eta animatu egiten zaitu... Ez zara horren urruti sentitzen, eta asko eskertzen da.

Zure bideoak oso esanguratsuak izaten dira, asko transmititzen dute.

Bai, umorea, txorakeriak... momentuan sentitzen dudanari buruz egiten ditut, naturalak dira. Bideoan une horretan nagoen bezala agertzen naiz.

Orain baduzu beste proiekturen bat buruan?

Bat ez, bost! Kar-kar-kar. Afrikara joatea dut buruan, baina oraindik forma eman behar diot. Dena dela, aurten beste proiekturen bat egingo dut seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.