UDAN BAI. NATURA

Naturarekiko zaletasuna literaturaren bidez hauspotzeko

'Lua, herriaren arnasa' liburu mardulak natur ondareari egin nahi dio gorazarre. Kalitate bikaineko argazki eta literatur testuak uztartzen ditu.

2007ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Lua hitza ez da existitzen. Lurra, ura eta airea hitzen akronimoa da. Sehaska kantuen oihartzuna dauka hitzak. Galegoz ilargia esan nahi du. Baina horren guztiaren gainetik iradokitzen duen hitza da Lua». Alberto Gartzia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko prentsa aholkulariak hitz horiekin laburbildu du izenburuaren gaineko hausnarketa.

Naturarekiko zaletasuna sustatzeko liburua dela nabarmendu du. Hiru osagai ditu: lurra, ura eta airea. Osagai bakoitza bina idazleren testuek janzten dute, prosaz nahiz poesiaz, eta Joseba del Villaren argazkiek egiten dute gainerakoa. «Idazleak benetako protagonistak dira. Haiena da liburuaren meritua, eta haiena bezainbeste argazkilariarena. Argazkiak ere poesia dira».

Esther Larrañaga Ingurumen sailburuaren Geroa gaur izeneko agurraren ondotik, Andoni Egañaren hitzaurrea dator. Lurrari Toti Martinez de Lezeak eta Patziku Perurenak idatzi diote, urari Edorta Jimenezek eta Miren Agur Meabek, eta aireari Unai Elorriagak eta Itxaro Bordak. Arantxa Urretabizkaiaren gibelsolasak ixten du liburuak marrazten duen zikloa.

Bederatzi hilabete behar izan zuen liburuak jaiotzeko. Ekainaren 5ean, Nazioarteko Ingurumen Egunean ikusi zuen argia. Edizio mugatua izan du, bi mila alekoa, eta udal liburutegi gehienetan aurki daiteke. Liburua «amu» bat dela zehaztu du Gartziak. «Literatura zalea naturara inguratu nahi izan dugu, eta natura zalea, berriz, literaturara». Argazkilariaren begiratuak, diseinatzailearen ikuspuntuak eta lan talde osoaren konpromisoak eman diote arnasa Lua-ri.

Lua, HerrIaren arnasa





Testuak: Andoni Egaña, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Arantxa Urretabizkaia, Patziku Perurena eta Toti Martinez de Lezea.

Argazkiak: Joseba del Villaren artxiboa.

Itzulpenak: Frantsesera (Edurne Alegria) eta ingelesera (Amaia Gabantxo).

Koordinazioa: Karmele Olabarrieta (Kultur Atelier).

Diseinua eta maketazioa: Oihana Pagola (Didart).

Orrialdeak: 152.

Argitaratzailea: IHOBE, Ingurume Jarduketarako Sozietate Publikoa. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila.

Lurra





Ama Lur bizi-iturria

Testua: Toti Martinez de Lezea

Itzulpena: Edurne Alegria

(...) Gure arbasoek ez zizkiguten marmol-lan ederrik utzi, ezta finki landutako bolizko kutxatilarik, miniaturaz margotutako kodizerik, egundoko musika edo literatur lanik, museoak beteko zituzten artelanik ere ez. Irauteko ahalmena utzi ziguten eta gure hizkuntza eta kultura zaindu zituzten, baserri munduan nabarmenki oinarritutako kultura, Lurrean, Ama Lurrean, Lur Aman, Amarin errotutakoa. (...)

Lurra bihotz

Poesia: Patziku Perurena

Eta halare, barre egin zaio maiz

lur muttur bat maiten duenari.

Baina, nora doake, gizajoa,

lur muttur baten minik gabe,

lurrez lur, lur oso ukatuz

noraezean harro doana,

beste lur pittin bat izatera ez bada?

ura





Uraren misterioa

Testua: Edorta Jimenez

(...) Ura hain funtsezkoa izanik, bizi bera izanik, nola ez dugun maite eta, arego, nola gorrotatzen dugun, berau da uraren egungo misterioa. Zeren eta bideetako iturriak desagerraraztea, ibiak euron azalak berun koloreraino satsaz zikintzea eta ubide porlanez janztea, itsasoa olioaren ortzadar-jolasekin maskaratzea eta halako beste makina bat kontu, ura gorrotatzea ez bada, zer da? (...)

II. Uraren denbora

Poesia: Miren Agur Meabe

Hodeia, izotza, xirripa, turrusta, olatua, lainoa, istila.

Uraren hizkuntza.

Sustraia, ihia, goroldioa, iratzea, lorea, nenufarea, alga.

Uraren hizki-mizkia.

Larba, txoria, tximeleta, inurria, otsoa, arraina, gizakia.

Uraren ideia.

Odola, gernua, hazia, amniosa, izerdia, malkoa, adurra.

Uraren hieroglifoa.

aIrea





Airearen bila

Testua: Unai Elorriaga

Jendearen %87,2k sekula ez dio bere buruari galdetu zer den airea. Kanadako unibertsitate batean egin zen ikerketa hori, 1993an. Baina badago beste datu bat: jendearen %87,3k ez daki zelakoa den Kanadako unibertsitate bat. Bitxia da zenbakien antzekotasuna...

Neuk ere ez dakit nolakoa den Kanadako unibertsitate bat. Hala ere, egia da Kanadako unibertsitate horrek niri buruz dioena... Hau da, sekula ez diot nire buruari galdetu zer den airea.

Pentsatzen hasi naiz beraz: zerk osatzen du airea? Oxigenoak behintzat bai. Hori behintzat badakit. Baina hori da, zoritxarrez, aireari buruz dakidan guztia. Horregatik jo dut entziklopediara. Zer da oxigenoa? (...)

Zorion aire

Poesia: Itxaro Borda

(...)

Zorion aire bat

Hedatzen da arpegietan,

Begien hondoan, amodiozko

Hitz ahantzietan,

Izadi osoa

Hats hartze bakunaren

Kemenaz

Gorputzen bailitzan,

Behin eta berriz,

Aldi oroz.

Gu ere airatuko gara,

Hautsaren seinalea kopetan

Aire xoxo baten gisara,

Sahats baten

Azkeneko arratsaldea

Oroituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.