Patxika Erramuzpe. Kantaria

«Naturalki sartu ginen giro horretan»

Inurri lana egiteagatik Argizaiola saria eman zioten Durangoko azokakoek abenduan; ikastolen garapenean anitz lan egin du, eta euskal kantagintza berrian ere izana da bide urratzaile.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Angelu
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Patxika, n gabe. Hizki bat da, baina badu bere garrantzia, eta lotua zaio horri Patxika Erramuzpe (Aldude, Nafarroa Beherea, 1943). Françoise zen eta da Alduden; Patxika da, bestalde. Euskal kontzientzia baten adierazle. Patxika izenarekin atera zuen diskoa: Menditarra naiz eta... 1977an grabatutakoa, Euskal Kantagintza Berriaren garaikoa. Zazpiribai eta Ortziken ikusgarrietako kantaldietan grabatu kantuak ziren.

40 urte iragan dira geroztik. Arte horretan, ikastolak sortu dituzte, udalekuak, bilgune. Eta Erramuzpe tartean, xinaurri lanetan. Xinaurri lan horregatik, justuki, Argizaiola saria eman zioten Durangoko azokakoek, abenduan. Angeluko (Lapurdi) Manex Goihenetxe kultur zentroan jarria du saria Erramuzpek. «Ez nuen ikusten etxean!». Saria kolektiboa dela deritzo. «Sinbolikoki», euskara eta euskal kulturaren alde ari den zentroan jartzeak baduela zentzua pentsatu du.

40 urte eta gehiago ere. Denbora pasatu dela ohartzeko doia. Arte horretan, lanbidez sozialean aritu da familiak laguntzen. Haurrak sortzearekin utzi zuen lana, ikastolen sorreran buru-belarri sartzeko. Lau seme alaba, eta bederatzi biloba sortu dira. Bitartean, preso egona da Gexan Alfaro senarra, hamalau hilabetez. Presondegiko errealitate dorpeak oraino markatua du.

Argizaiola saria emanen zizutela jakitean harritu zinela erran izan duzu; egin lana «naturalki» eta «sinpleki» egin zenuela.

Bai, hori garrantzitsua da: naturalki eta normalki. Nihaur harritua naiz orain nola horrelako gauza agertzen den jendaurrean zerbait arraro balitz bezala. Egiteko garaian ez nuen egin ikusia izateko.

Zer da, zuretzat, naturalki eta normalki?

Gauzak jin diren bezala... Ez dakit nondik hasi...

Zuretzat inportanta denetik.

Orduan, euskaratik... Ni Alduden sortua naiz. Han euskaraz mintzo ziren, hizkuntza hor zen, baina ez zen euskal girorik.

«Euskaraz mintzo», baina «ez euskal girorik». Zein da aldea?

Alimaleko diferentzia bada. Euskaraz automatikoki mintzatzen zara, baina ez zara baitezpada euskaldun gisa bizi. Gehiago dena, ni frantses gisa sentitzen nintzen.

Baina euskaraz mintzo zinen.

Bai, aita-amekin beti euskara bakarrik; bai eta Katiximan ere. Baina, gero, arrunt arroztua nuen euskara. Alduden karrikan bizi ginen, eta arrunt sartuak ginen frantses giro batean. Herrian baziren jendarmeak eta guardak. Haen haurrek ez zekiten euskararik. Gure harreman guziak automatikoki frantsesez egin ziren. Uda guztiz ere udatiarrak baziren, eta denak frantsesez aritzen ziren. Jin nintzelarik hirira, hor ere pixka bat ahalkea sentitzen nuen entzuten nuelarik ene ondoan, merkatuan-edo, jendea euskaraz mintzatzen. Barneak inarrosten zizkidan. Euskara aparteko gauza bat zen.

Ez zitzaizun bihotza berotzen.

Ez, ez. Erraten ahal dut ere, memento batez ahalketzen nintzela nire aita-amek ez zekitelako ongi frantsesa. Horretaraino zen... Eta gero, aldiz, hirira jin eta ezagutu nuen zinez euskal giroa. Mendi ibilaldietan eta. Gexan [Alfaro, senarra] hor ezagutu nuen, bai eta Manex Pagola, Martxalin Arbelbide, Joanes Borda, Beñat Sarasola eta bertze anitz lagun ere.

Zerk aldarazi zintuen euskal giro horretara, zek harrarazi zizun kontzientzia?

Taldeko giroak, mendiko ateraldietan-eta, baita kantuaren bitartez. Kantuak beti inportantzia izan du gure etxean. Nire aita beti kantuz ari zen. Eta orduan atera ziren lehenbiziko kantu berriak; Manexen kantuak. Gexanek ere idazten zuen, eta Beñat Sarasolak ere anitz aire eman ditu Gexanen kantuei. Eta, horrela, giro horretan, emeki-emeki... Erran beharra dut Gexanekin, lehenbizi bera euskaraz eta ni frantsesez aritzen ginela; berak idazten zuen euskaraz, eta nik erantzuna frantsesez. Eta, gero, aldaketa, ez dakit nola egin den; ez dut esplikatzen ahal. Nola kantua ere nire baitan zen, nire gorputzean, ni ere hasi nintzen aire batzuk sortzen Gexanek idatzietan. Gero, Manexek arrunt bultzatu nau.

Hego Euskal Herrikoekin ere bazenuen harremana.

Bai, bagenuen anitz harreman bestaldeko kantariekin, Ez Dok Amairuekin. Baita mendiko talde batekin ere: Donosti Klub. Nik horrela ere konprenitu dut, emeki-emeki, Euskal Herria ez zela bakarrik hemen, Frantzian, baizik eta bazela ere han. Denek egiten genuela bat euskararen eta euskaltzaletasunaren inguruan. Horrek anitz lagundu nau.

Aldudetik Angelura joan zara bizitzera, eta erran izan duzu denbora behar izan duzula Angelun laketzen hasteko; asteburuero Alduden zinen.

Alduden etxeko ohantzean nintzen, biziki babestuak ginen. Eta gehienbat, erlijioaz. Ene familian dena apez eta serora zen. Eta gu ere giro horretan ginen. Hor ere sartzen zen erlijioaren beldurra. Eta emeki-emeki naiz ohartu sartuak gintuztela giro berezi batean, beldur batean. Baionara jin nintzelarik, beste zerbait bazela ohartu nintzen. Baina egia da familia han nuela, eta denbora eman dudala laketzen Angelun familia han utzia bainuen. Eta Angelun, azkenean, beste familia sortu delarik laketu naiz.

Haurrak handitzen hasi ziren, ikastolak sortu ziren garai berean, eta zu aktibo izan zinen ikastolen sortzean eta garatzean.

Hor hasi zen, zinez. Naturalki eta normalki sartu ginen giro horretan. Dena eraikitzekoa zen. Ama ikastolarentzat ez zen problemarik izan, baina lehen maila ireki zelarik, sentitzen zenuen guraso batzuk uzkur zirela. Esperientziarik ez zen. Gero izugarria izan zen bigarren mailakoa. Guti gelditu ziren bururaino segitzeko. Anitzek ateratzen zituzten haurrak ikastolatik, beldurrarengatik. Gaur egun froga bada baxoraino egiten ahal dela.

Dena eraikitzekoa zen orduan.

Sinetsi behar zen. Sinesten genuen, eta, orduan, automatikoki sartu naiz giro horretan, eta ez diot gehiago galderarik pausatu ene buruari. Beste guraso batzuk ere ezagutu genituen, eta elkarrekin eramaten genituen ikastolak.

Euskal kantagintza berriko bi ikusgarrietan parte hartu zenuen: Zazpiribai, 1972an, eta Ortziken, lau urte berantago. Lehen doi bat aipatu bezala, Manex Pagolak bultzatu zintuen horretan parte hartzera.

Bai ikusgarrirako, baita kantuz hartzera ere. Biak lotuak dira. Garai hartan ez zen emazte anitz. Maite Idirin bazen, baina ez zen oraino hemen kantuz ari. Bestaldean kantatzen zuen. Estitxu [Robles-Arangiz] bestaldean ari zen.

Lourdes Iriondo ere bazen.

Bestaldean ari zen baita. Eta gero, horiek Ez Dok Amairun ziren. Hauekin harremanak sortu ziren. Erabaki baitzen aldi oroz bestaldeko kantariak izatea hemengo kantariekin ikusgarrietan. Zazpiribai ikusgarri hori horrela sortu zen. Harrigarria izan zen. Lehenbizikoa Donibane Garazin eman zen. Garai hartan lehen aldia zen ikusten zela halako ikusgarri bat. Orain, normalak diren gauzak dira, baina orduan lehen kantutik bururaino dena ikusgarri bat zen. Argiak baziren ere.

Zertan zen inportanta ikusgarritasun hori?

Efektu animalia egin zuen. Berria zen.

Euskarari beste leku bat ematen zion?

Bai, eta kantuari ere. Ikusgarri bat. Orain badira zernahi, teknika mailan eta, baina orduan gauza izugarria izan zen. Eta gero, Ortziken egin zen. Orduan hor zen Maite Idirin. Artean jin zen hona bizitzera. Nik hor utzi nuen kantua. Erabaki nuen ez nintzela gehiago ariko.

Zergatik?

Hiru haur nituen orduko, eta ikastolak hor. Laster errana da hori, baina anitz gauza bazen egiteko. Behar zen dena segitu eta eraman. Anitz, anitz bilkura bazen. Biziki hartuak ginen, eta, gainera, ikastola bakoitzak bazuen bere bulegoa, bere bilkurekin. Garai batez bagenuen haur bat ama ikastolan, bertze bat lehen mailan eta bertzea bigarren mailan. Eta Gexan Seaskan. Eta dena bilkuren bitartez eginak. Egin ahala egiten genuen denetan parte hartzeko. Horren barnean sartua zarelarik, ez duzu pentsatzen zergatik ari zaren eta nola.

Kantura berriz itzuli zinen. 1983an, zure senarrak haurrentzako ipuinak argitaratu zituen,eta, horien lagun, Kantuz kantu kasetea grabatu zenuten.

Horiek denak anitz baliatuak izan dira ikastoletan eta udalekuetan. Anitz ibili ginen. Muntaketa ttipi bat egin genuen diapositibekin. Eta horiek denak ahantziak bezala ziren. Orain, gure haur ttipientzat atera ditugu ipuin horiek, eta izugarri maite dituzte! Eta berrargitaratu dira; lehen aldikoz, disko konpaktu formatuan. Orain berriz hasiko gara kantuz!

Garai hartan hori egin zenuten ez baitzen materialik?

Hori ere naturalki egin da; ez da egin pentsatuz. Andereñoak galdegin zion Gexani zergatik ez zituen argitaratzen kontatzen zituen ipuinak, eta horrela hasi zen. Orain, anitz gauza bada. Kantariek bozak landuak dituzte, musika ederrak badituzte. Eta, orduan, ene baitan pentsatu dut gauza zahar horiek... eta, azkenean, ohartzen zara horiek ere badutela beren lekua! Kar-kar.

Ez dela beti hamaika argi eta mikrofono beharrik ohartzeko doia, agian?

Horretarako badira beste batzuk.

Garaian zerk egin zuen Pagolak konbentzitu zintuela?

Egia erran, ez dakit xuxen zergatik. Ez zen erraza izan. Ez nuen sinesten ene baitan. Eta hura ez zen gelditzen: erratetik kantu politak nituela, boz ederra...

Nola aritzen zinen kantuen eta melodien asmatzen?

Egia erran, nihaurrek ez dakit nola. Giro horretan sarturik, hartu nituen Gexanen kantu batzuk, eta hasi nintzen. Ez dira oraingo kantariek kantatzen duten bezala. Oraingoek badute estilo bat eta kantatzeko molde berezi bat. Baina ohartuko zara ere, zuk nahi baldin badituzu haien kantuak kantatu, ez dela hain erraza. Aldiz, nik idatziak arrunt klasikoak dira: errepika, kopla, errepika, kopla. Herrikoiak dira.

Aipatu duzularik, konfiantza eskas hori emaztea izateagatik zenuela pentsatzen duzu?

Ez baitezpada. Gehiago erran nezake Aldudetik. Molde batean bezala sartua ninduten. Ez duzu denborarik pentsatzeko. Horrela hazia izan zara. Horrela zen. Ez zenion galderarik egiten zeure buruari. Gure haurrak orain usatzen dira ttipi-ttipitik erraten zer pentsatzen duten, zein den beren nahia. Guri ez digute sekula galdatu.

Eta molde horrek zioen ezin zela kantatu taula gain batean?

Ez, ez nuen nire baitan konfiantzarik. Ez nintzen existitzen. Besteen baitarik nintzen existitzen. Orain bizi naiz ni naizelako.

Eta euskal giroan nonbait konfiantza hori aurkitu duzula erran daiteke?

Bai. Eta froga orain, Gexanek atera duen liburua. Liburua presentatzeko, bere kantuak kantatzeko ideia ukan du. Guk taldekoak jin dira, bere kantu batzuen kantatzeko, eta ni Mikel Erramuzperekin aritu naiz. 40 urteren buruan! Eta goxoan ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.