ATZEKOZ AURRERA. Andoni Bastarrika. Eskultorea

«Natura maisu gogorra da, eta gauzak ondo egiten erakusten dizu»

Bere eskuez, makilatxo baten eta luma baten laguntzaz, bizia sortzen du Andoni Bastarrikak, hondar masa bat animalia «ia erreal» bat bihurtzeko. «Dohain bat» dauka, eta munduarekin partekatu nahi du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Azpeitia
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Bizia sortzen duen mago bat da Andoni Bastarrika (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970), bere eskuekin, eta makilatxo baten eta luma baten laguntzaz, hondarrezko animaliak sortzeko gai baita. «Zarauzko [Gipuzkoa] malekoian hondarrarekin egindako animaliak ikustean, jendeak badaki ez direla benetakoak, baina ilusio bat sortzen dute, magiarekin gertatzen den bezala». Autodidakta den arren, natura du maisu.

Eskultorea zara. Zergatik aukeratu zenuen hondarra material gisa?

Duela zortzi urte hasi zen dena. Haurrekin hondartzan jolasean nenbilela, sirena bat irudikatu nuen hondarrarekin, eta zerbait aurkitu nuen nire barruan, erraztasun bat. Dohain bat dudala igarri nuen, eta garatuz joan naiz. Nire prozesuan, maisua natura da. Oso maisu gogorra da, eta sentibera izan behar duzu berarekin. Gauzak ondo egiten irakasten dizu: gaizki eginda badaude, erori egiten dira. Niri asko balio izan dit.

Dohain bat duzu, beraz?

Dohain bat daukat, jende ugariri gustatuko zaiola badakidana, baina jende horrengana iristea da zaila. Zuk zure barruan zerbait aurkitu baduzu, zuk zerbait egiteko gaitasuna baduzu, hori garatu egin behar duzu. Zure zeregina hori munduarekin partekatzea da. Momentu larriak pasa ditzakezu, baina ikasketaren parte da. Ni unean-unean bizi naiz.

Zein da zure inspirazio iturria?

Nik egiten dudan lana ez da asko pentsatutakoa, ustekabean etortzen zait, eta, askotan, neu harritzen naiz egiten ditudan lanekin. Beraz, ez daukat azalpenik. Asko gustatzen zaizkit animaliak, espresioa, gizakien gorputza, aurpegiak, mugimendua... Bizia asko gustatzen zait. Animaliak eta gizakiak beti biluzik egiten ditut, etorri diren bezala: ezer gabe etortzen gara, eta ezer gabe goaz.

Burutik eskuetara joaten zaizu sormena, ala argazki edo irudi bat izaten duzu eredu?

Argazki bat eramaten dut, erreferentzia batzuk beharrezkoak direlako xehetasunak eta bolumenak zehazteko. Hala ere, ez dut inoiz argazkiko berdina egiten: espresioak nik ateratzen dizkiot animalia bizia hartzen ari denean. Lehenengo, bizia eman behar zaio, eta mugimenduak ematen dio. Espresioa ateratzea izaten da zailena, baina, gero, pausorik politena dator: igurtzi eta igurtzi bizia ematea, lumaren eta makilatxoaren laguntzarekin. Kolorea emateko, harri hautsa erabiltzen dut, eta, kontrasteak egiteko, hondar mota desberdinak. Hasieran, jendeak ez du bizirik ikusten, baina nik ikusten dut.

Nola lortzen duzu errealismora iristea eskuekin, makilatxo batekin eta luma batekin ?

Errealismorako bide hau ere pixkanaka aurkitu dut. Orain ari naiz konturatzen urteetan benetan zer egin nahi izan dudan eta zer gustatzen zaidan: orain hasi naiz ulertzen. Hasieran, nire dohaina aurkitu nuen; konektatzen nuen gauza horrekin, eta hor aritu nintzen gauzak egiten, ez dakit zertarako. Baina gero eta gehiago ikusten dut. Gainera, guztiz autodidakta naiz: egiten ditudan lan denak eta erabiltzen ditudan tresna guztiak neu ari naiz asmatzen, nire asmakuntzei bizia emateko. Nik bizia sortzen dut, eta horri errealismoa deitzen diote. Umeek beren begi inozenteekin begiratzen didate: «Hau nola egin duzu?», galdetzen didate, harrituta. Guztiz sinestezina da haientzat.

Zein da etsai okerragoa, eguzkia ala marea altua?

Zarautzen, malekoian egiten ditudanez eskulturak, harri gainean, marea ez da arazo bat, baina, hondartzetan egiten ditudanean, marearen arabera ibiltzen naiz. Bestalde, eguzki zalea naiz, baina ez dit laguntzen, eskultura, izozkia bezala, forma galduz joaten delako.

Uda amaitu baino lehen, beste zer lan dituzu buruan?

Lan oso garrantzitsu bat egingo dut laster, uda osoan buruan eduki dudana, baina egiteko momentu egokia aurkitu ez dudana: zezen bat, tamaina errealean. Eguraldiak laguntzen baldin badit, Zarauzko euskal jaietan egingo dut, igande honetan, irailaren 9an. Hondar koloreko zezen bat izango da, eta begi hondoak hondar zuriarekin egingo dizkiot.

Eta, uda amaitzean, zer?

Ia sei hilabetez aritzen naiz hondarrezko eskulturak egiten. Udaberrian sartzean hasten naiz, uztailean eta abuztuan izaten dut lan gehien, eta urriraino luzatzen da. Aurtengo neguan, lan errealistak egingo ditut egurrarekin. Aurreko urtean hasi nintzen material hau erabiltzen, eta uste dut jendeari gustatuko zaiola. Erakusketaren bat egitea ere buruan dut. Izan ere, egurra ez da hondarra bezain suntsikorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.