Anfibioen eta narrastien izenen bila abiatu ziren, baina mundu ikuskera batekin topo egin zuten. Hernaniko (Gipuzkoa) eta inguruko herri eta auzoetako edadetuei anfibioen eta narrastien izenez galdetu zieten, baina natura begiratzeko eta behatzeko modu bat jaso zuten. Gizakia naturaren parte zen garaikoa, natura gizakiaren parte zen garaikoa. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ezagutza hori guztia grabatu, sailkatu, txukundu, osatu eta liburu batean kaleratu dute: Gure faunari eta florari begira. Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea: euskara, ezagutza, sinesmenak...
Eñaut Agirre Goia filologo hernaniarra da Garabideko lantalde teknikoaren koordinatzailea: «Filologo naturazalea». Iñaki Sanz-Azkue, biologo hernaniarra, Aranzadiko Herpetologia Saileko kide eta ingurumen hezkuntzako proiektuen koordinatzailea: «Biologo euskaltzalea».
2010ean hasi ziren lanean, Hernani inguruan bertako animaliak izendatzeko erabiltzen ziren izenak jasotzeko asmoz. «Konturatu ginen ihes egiten ari zitzaigun altxor bat zegoela, bildu behar genuena, eten bat gertatu zelako transmisioan», azaldu du Agirrek.
Anfibioekin eta narrastiekin hasi ziren, Sanz-Azkueren espezialitatearekin, proba egiteko. Bilketa lana egiten hasi orduko jabetu ziren, ordea, «jendeak inguruan zituen espezie guztiak ezagutzen zituela». Ez bakarrik anfibioak eta narrastiak; gainerakoak ere bai. Ez espezie nagusiak, denak baizik.
Bilketa zabalagoa egitea erabaki zuten, beraz. Izenena. Elkarrizketak egiten hasi eta bideoan grabatzen hasi ziren. Dozena erdi elkarrizketa izan behar zuten, baina azkenean hogeitik gora bihurtu ziren. Agirre eta Sanz-Azkue aurrera eta atzera ibili ziren, testigantzak biltzen. Lau belarri erne, Hernani inguruko hainbat etxetako sukaldetan: bi belarri espezieei buruzko datuei adi; beste biak esandakoari eta esateko moduari. Denbora geldotu zela sentitu zuten gehienetan.
Ikasi zuten, besteak beste, okil handiari okil pintobeltxa, okil txoriya, okil burubeltxa, okil burugorriya eta basaokilla deitzen ziotela; satitsuari xagu muturluzia; tuntun arruntari elur-txoriya edo amabirjin-txoriya. Dozenaka izen berri. Baina ikasi zuten garai batean izokinak non, noiz eta nola ibiltzen ziren; txori bakoitzak nola hegan egiten duen; nola habia; ugaztun guztien gorotzek ez dutela usain berdina...
Bukaeran 24 orduko grabazio bat zuten. Grabazio hori ordubeteko dokumental batean laburbildu zuten: Burbunak eta etsayak: Hernaniko naura eta ahozko ondareari tiraka.
Dokumentaletik paperera
Dokumentala egiteko, Ereñotzuko (Hernani) Auzo Udalaren babesa izan zuten. Eta erakunde horrek berak animatu zituen, 24 orduko grabazioan bildutako materialean oinarrituta, liburu bat egitera, dibulgaziorako eta kontsultarako. Atzo aurkeztu zuten, Donostian. Urumea inguruko ornodunei buruzkoa da: arrainak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak. 150 espezie guztira, fitxetan antolatuta. Liburuak segida izango du, beste bat egingo baitute ornogabeei buruzkoa (intsektuak eta landareak). Dobera Hernaniko Euskara Elkartea eta Aranzadi zientzia elkartea izan dira argitaratzaileak; Ereñotzuko Auzo Udala babeslea.
Mundua, natura, begiratzeko modu bat islatzen du liburuak, eta behaketa horrren bidez ikasitakoa eta transmititutakoa erakusten du. «Euskaldunak nola begiratu izan dion naturari», Agirreren esanetan. «Begiradan, behaketan, oinarritutako jakintza bat da, garai bateko ikasketa modua». Norberak ikasitakoa eta aurreko belaunaldiek transmititutakoa.
Begirada hori ia galdu da. Gaur egun, herritar askorentzat txori guztiak dira txori, eta zuhaitz guztiak zuhaitz. Sanz-Azkuerentzat, gizartea aldatzeak eragin du begirada hori galtzea. Hiru aldaketa nabarmendu ditu. Lehena, presa: «Gaur egun presaka joaten gara ia leku guztietara, eta oso zaila da gelditzea eta natura behatzeko tarte bat hartzea». Bigarrena, lan egiteko eremua, gaur egun oso jende gutxik lan egiten baitu naturan: «Lehen naturan eta naturatik bizi ziren. Eta, horretarako, ingurua irakurtzen ikasi behar izan zuten». Eta, hirugarrena, transmisioaren etena. Burbunak eta etsayak dokumentalean bada herritar bat dioena garai batean baserrietan hiru belaunaldi bizitzen zirela elkarrekin. Elkarri entzuten zioten, elkarrengandik ikasten zuten, eta jakintzaren belaunaldien arteko transmisioari bide ematen zitzaion.
Ezagutza, ihesi
Irakurlea begirada horretaz jabetzea bada liburuaren helburuetako bat, Sanz-Azkueren arabera: «Liburu hau ikusten edo irakurtzen duena konturatzea zenbat gauza ari zaizkion ihes egiten inguruan». Baita hausnarketa bat egitea ere,natura begiratzeko moduaz eta naturaz dakienaz.
Ez da ohiko liburua, ezagutza zientifikoa —kasu honetan biologiari dagokiona— herri jakinduriarekin uztartzen baitu.
Ez da ohiko liburua, animalia espezieei buruzkoa izanda ere gizakiek animalia horiekin izan duten harremanean oinarritzen baita, ez da espezieen katalogo hutsa.
Sanz-Azkuek Unai Pascual BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentrokoko ikertzailea aipatu du. Pascualek eta beste ikertzaileek duela gutxi argitaratutako artikulu bat. «Diotena da aintzat hartu behar direla naturak gizartearekin dituen harreman balioak», azaldu du. «Gutxi landu den adar bat da». Haien liburua harreman balio horien erakusle dela uste du: gizartearekin, hizkuntzarekin...
Liburua ez da herritarrek esandakoaren laburbilduma. Haiek animalei buruz esandakotik abiatuta espeziez espezie osatutako dibulgazio lana baizik. Oinarri zientifikoa du, eta hainbat adituk gainbegiratu dute atal bakoitza. Espezie horiei buruzko kondairak eta istorioak ere sartu dituzte.
Hernani inguruan animalia espezie horiei nola deitzen dieten jaso dute, herritarrek esandako moduan; baina baita Euskal Herriko beste izendapen batzuekin alderatu ere. Edota euskal literaturako aipamenekin osatu.
Agirre arduratu da lan horretaz. Fitxa bakoitza egiteko, kontsultatu egin ditu liburu zientifiko bat, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta Orotariko Euskal Hiztegia. Horrela, tokiko ikuspegiaz gain, Euskal Herriko ikuspegia ere eman diote liburuaren edukiari.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasean animalia espezierik ezagunenak behintzat topatu ditu, eta ikusi ahal izan du Euskal Herriko beste toki batzuetan zer esaten zuten espeziei horiei buruz. «Konturatzen zara askotan bat egiten dutela Hernani inguruan esaten denak beste leku batzuetakoarekin», zehaztu du. «Espezie bakoitzarekin badago halako jakintza konpartitu bat, eta horrek erakusten du, neurri handi batean, kultura bat bera izan garela, hasi Bizkaitik eta Zuberoara». Horregatik, bi egileek uste dute liburuaz gozatuko dutela ez bakarrik Hernani inguruko herritarrek, baizik eta Euskal Herri guztikoek.
Ekosistema bat
Naturari buruzko liburu bat da, baina euskarazko ahozko ondarean oinarritua eta euskararen bidez jasoa. Ekosistema bereko bi elementutzat hartzen dituzte Agirrek eta Sanz-Azkuek: «Askotan begiratu izan ditugu natura edo euskara elementu bakanak izango balira bezala, baina liburu honetan garbi dago euskarak eduki duela iturri bat, natura, eta sortu duela ahozkotasun bat, naturatik etorria».
Horrez gain, euskarak «gordailu» gisa balio duela nabarmendu du, naturako elementu horiek transmititzeko: toponimia, bertsoak, ipuinak, esamoldeak... «Bi hari daude, baina hari mataza beraren barruan, eta une honetan banaezinak dira», biologoaren iritziz. «Pertsona horien nortasunaren parte dira bai natura, bai euskara. Antzeko zerbait gertatzen da indigenekin».
Mundua ikusteko sekulako jauzia nabaritu du Agirrek: «Guk geure burua naturatik kanpo ikusten dugu, baina haiek naturaren barruan daude. Hizkuntzarekin berdin gertatzen da. Haientzat haien inguruak ez du logikarik euskararik gabe. Euskaraz hitz egiten dute haien parte delako».
Hernaniarrek gertuko animaliak ezagutzea eta haiei buruzko herri jakinduria jasotzea da liburuaren helburuetako bat. «Gertukoa ezagutzeak gertukoa maitatzea baitakar, zeure sentitzea eta babestea», Agirreren arabera. «Agian badakigu gepardoa eta lehoinabarra bereizten, baina ez dakigu Hernanin zenbat zapo eta igel dauden. Transmisioaren hutsune hori oso nabaria da gaur egun».
Natura irakurtzen dutenak, irakurgai
Hernani inguruko ornodunei buruzko herri jakituria liburu batean bildu dute Eñaut Agirre Goia filologoak eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak. Euskara eta natura uztartuta, desagertzen ari den mundu ikuskera bat jaso dute 150 espezieri buruzko fitxetan, transmisioan gertatzen ari den etena leuntzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu