Penaz gelditu nintzen, Pello, joan zen larunbatean irratian entzun nizunean «eguraldi iragarpen supermerkatutik» baja ematea erabaki duzula.
Aspertuta omen zaude dagoen saltsa horretaz eta minduta, besteak beste unibertsitatean firmak biltzen ibili direlako telebistan ager ez zaitezen, «tenporak ez baitira zientifikoak». Nire pena haserre bihurtu zen gaur egungo zientzia edo zientzialari batzuen harrokeria horrekin.
Gaurko zientzia ezer bada, azken bost mende hauetan Natura obserbatzetik sortu den jakinduria da, arlo guztietan: fisika, kimika, matematika, biologia, astronomia… Obserbazio hori barneratu, landu, hipotesiak proposatu, egiaztatzen saiatu… baina izan al da aurkikuntza garrantzitsurik intuiziorik gabe? Bide horretatik harrituta naukazu: metodo zehatzaz aztertu duzu eguraldiaren gaia eta —tenporak direla eta— jakinduri iturrietara bideratu gaituzu, eta uztartu egin dituzu gaurko teknika aurreratuenak eta naturaren obserbazioa (frantziskotar jator bati dagokion lez). Intuizioa hor azaldu zen. Ikerketa zientifikoaren eredu bikaina.
Fisika kuantikoak denbora eta espazioaren linealtasuna gainditu duen honetan, to hori! Pello tenporekin gauza berbera frogatzen. Zorionak!
Gaurko zientzia arruntak eta unibertsitateak (letra txikiz biak), berriz, epe motzeko interes eta etekinen menpe, natura bortxatuz, neurri handi batean begiak itxi dituzte naturaren aurrean —edo, behintzat, hipermiopeen mikroskopioak jantzi dituzte— eta gero eta gutxiago ikusten dute, sarri, begi bistan dagoena.
Hara hor, adibidez, nekazaritzan izan dituen emaitza zientifiko gorenak: landaketa hidroponikoa eta transgenikoak! Nora garamatza zientzia honek? Zergatik ez ditugu behingoz baztertzen horrelako astakeriak (barka, harrokeriak) eta begi-bistakoa onartu. Nekazaritzan, esate baterako, onena: bertakoa, garaikoa eta ekologikoa dela eta horren alde apustua egin ikerketetan ere, naturaren legeak ondo ezagutu eta haien arabera lan eginez.
Ez al da garaia Unibertsitateak bere ateak parez pare zabaltzeko jakinduria guztiari, betaurrekoekin eta gabe ikusitakoari, arrazoinamenduz eta intuizioz jasotakoari? Batak bestea osatuz jakinduria Unibertsala sortzeko. Ez al da hori, hain zuzen, Unibertsitatea?
Gizaki eta gizartearen etorkizunak naturan du bere oinarria, ezagutuz maitatu eta maitasunez obserbatuz garatuko dugun Zientziak emango digu jakinduria eta iraunkortasunaren giltza.
Ea oporrek ere ematen diguten, atsedenaz gain, horretarako beta.
Zuk, Pello, aspalditik duzu horren berri. Mila esker erakusteagatik, eta maisu nahi zaitugu aurrerantzean ere—baita denok ordaindutako Unibertsitatean—, eta zuk agindutako mutualdia izan bedi oporraldia ere indarberritzeko.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Natura ez omen da zientifikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu