ATZEKOZ AURRERA

Natura eta hiria, berbetan

Mikel Lertxundiren zazpi lan ipini ditu Bilbon Loraldiak. Harriz, burdinaz eta zurez egin ditu, eta naturaren ordezkari dira. Komunikatzera etorri dira. Artearekin izan dute lehen hizketa.

Ikusleak Arriagako eskulturak barrutik ezagutzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zura, burdina eta harria. Naturak emandako hiru elementu. Tamaina handikoak, eta barrua hustua dutela. Hiru etxe, ate eta guzti. Etxeak. Hala du izena hirurek osatutako multzoak. Natura, hiriari berbetan, Bilboko Arriaga plazaren erdian. Mikel Lertxundi eskultore bizkaitarraren lana da. Beste sei daude Bilbon: Erribera kalean, Isozaki Atean, Abandoko Errepublikaren parkean, Euskadi plazan, Azkuna zentroaren kanpoko aldean eta Ertzilla kalean. Hilabetez egongo dira bilbotarrekin eta bisitariekin komunikazioan, Loraldia jaialdiaren egunetan. Atzo eguerdian ekin zioten berbaldiari. Eta lehen hitzak arteari esan zizkioten: musikari, bertsoari eta dantzari. Edo, zuzenago: Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Oihana Bartra bertsolaria eta Garazi Etxaburu dantzaria hiru piezako eskulturarekin komunikatu ziren, euren diziplinak tresna modura erabilita. Elkarketak du izena erakusketak.

«Mikel Lertxundi berritxuarra/eta bere obra biba/ orain artean irten izan da/ horrekin mundu erdira/gaur berriz Bilbon daukagu lana/ ze polita den begira/ lehengoz kale erakusketa/euskal artisten neurrira/ orain arte Bilbon soilik kanpoko/ batzuek zuten kabida/ ta zorionez gaurko egunean/ arteak ireki dira». Bartraren lehen bertsoak ireki zuen ikuskizuna. Lertxundik aitortu zuen bere lana Bilboko kaleetan erakutsi ahal izatea umetako amets baten parekoa dela. «Ez da hain erraza izan hau lortzea, baina pozik nago. Tamaina honetako eskulturek, plaza publikoan ez bada, ez dute beste aukerarik publikoarekin egoteko. Eta lortu dut».

Umetako Bilbo gogoan

Non eta Bilbon, Lertxundiren ume sasoiko hiri handian, industriaren ikurrean. Gogoratu zuen izeko-osaba batzuk zituela Bizkaiko hiriburuan, eta haienera joaten zirela. «Burdin usaineko Bilbo zen hura. Etxera bueltan opariak eroaten genituen, olgetan egiteko jostailuak: itsasontzi bat, tranbia bat eta koloretako arkatzak, Bilbon ikusitakoa marrazteko». Industria eman zion Bilbok Lertxundiri, burdinarekiko miresmena. Eta Lertxundik natura ekarri dio bueltan: bilbotarrak naturara gerturatu nahi ditu. «Pozik egongo naiz Bilbok merezi duen neurrikoa baldin bada nire obra».

«Burdina mugitzen den/ a zelako zalantza/ egurrarekin berriz/ badugu esperantza/ harria altxatzen dugu/ euskaldunok gorantza/ hiru elementu ezberdin/ ta elkarrekin antza/ gaur batuko zaizkigu, noski/ elkarrenganantza/ gurekin eta guretzat/ egingo dute dantza». Harrizko piezatik hasi zuen dantza Etxaburuk. Ikusminez begiratu zuen. Laztandu zuen. Atetik so egin zuen barrura. Burdinazkoan barrura sartu zen. Eta zurezkoan eserita entzun zuen tarte batez Benitezek jotako bigarren pieza.

Harriak ura zuen ezkutuan barruan; burdinak, sua; eta zurak,haizea. Ikuskizuna bukatutakoan, ikusleek eskulturetara sartzeko aukera izan zuten. «Esan dutenean, zentzu metaforikoan ari zirela pentsatu dut. Baina ez, egia da. Artista hauek nahi dutena egiten dakite», azaldu zuen Iñaki Goienetxea bilbotarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.