BERRIA saria

Natura eta gizakia oreka bila

Aralarko mendigunean, gizakiak eta naturak elkar aberastu dute mende luzez. Azken urteetan, ordea, parke naturaleko interesak dibertsifikatu eta ugaritu egin dira. Horrek gizakien arteko konfrontazioa ekarri du, eta mendia bigarren planoan geratu da.

Azken urteetan, zenbait gatazka sortu dira Aralarren; pisten auzia da aipagarriena. AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Familiatik datorkio artzaintzarako bokazioa Ixiar Altunari. Artzainak zituen bi osaba, eta, erretiratzean, erreleboa hartu die, anaiarekin batera. Altunak 26 urte ditu, eta Amezketan (Gipuzkoa) bizi da. Udan, ardiak Aralarrera igotzen dituzte, Latosa txabolara. 600 buru inguruko artaldea dute, eta esnea eta arkumeak saltzen dituzte.

 

«Bai» segurua erantzun du etorkizunean artzaintzan jarraituko ote duen galdetuta. Segundo batzuen buruan, baina, ahotsak dar-dar egin dio eta gehitu du: «Uzten diguten bitartean». Kostuen igoerak kinka larrian jarri du jada kolokan zegoen ofizioa: «Kostuak igo dira, eta produktua ez». Hori da sektorea galbidera daramana, artzainaren ustez: «Duen balioa ez ematea».

Iritzi berekoa da Uxue Artola abeltzaina: «Ez da kontuan hartzen abereak Aralarren estentsiboki hazi ditugula. Ez dira ukuiluan hazitakoen parekoak, baina merkatuarentzat bai». Artola Andoaingoa da jaiotzez (Gipuzkoa), baina Amezketan bizi da. Afizioz, zenbait abelburu zituen. Ama izan ostean, ordea, lanik gabe geratu, eta «afizioa, ofizio» bihurtzea erabaki zuen. Txerriekin eta behorrekin jarraitzeko asmoa du, baina, Altunak bezala, ñabardura bat gehitu du: «Egoera asko okertzen ez den bitartean».

Ikusi gehiago:Balio anitzeko mendigunea

Abeltzainek dituzten zailtasunen artean aipatu dute irisgarritasuna. Azken urteetan, polemikaren oihartzunak Aralarko mugak zeharkatu ditu. 2016an piztu zen gatazka, Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, pistak eraikitzeko proiektu bat onartu zuenean. Egun, abeltzainek pista gehiago eskatzen dituzte; azken udal agintaldiko mankomunitatea, ordea, ez da aldeko agertu.

Altunak ez du pistarik txabolara heltzeko: «Asko kostatzen da mandoa trastez kargatuta eramatea». Uxue Artolak pista amaitzen den inguruan askatzen ditu behorrak, baina abereren batek mina hartzen duenean izaten da arazoa: «Zer egin behar dut? Sufritu ez dezan, buruko bat eman eta putreek jan dezaten utzi?».

Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Diputazioko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak uste du pistek eragiten duten urradura begi bistakoa dela; gehitu du, ordea, ez dela «oso zaila» asmatzea pistak egin ezean zer gertatuko den: «Erraztasunak jartzea ez da nahikoa sektorearen etorkizuna bermatzeko. Nahikoa ez, baina beharrezkoa bai».

Aralarren, ordea, gizakia eta natura elkarrekin bizi dira, eta, oreka horretan, batzuek balantzaren alde batean jartzen dute pisua, eta gainerakoek bestean. Horregatik, pistak eraikitzeko planek ezinegona sortu dute ingurumena zaintzen diharduten zenbaitengan.

Ikusi gehiago:Aralarko patriarka

2002an, Aranzadi zientzia elkarteak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Aralarren pistak eraikitzeko proiektu baten harira. Orduan azaldu zutenez, pistak eraikitzeak kalte egingo lieke faunari eta akuiferoei; baita gizartearentzat dituen balioei ere. Azkenean, legebiltzarrak atzera bota zuen proiektua.

Landarlan Ingurumen Elkarteak ere ez ditu begi onez ikusten pistak. Edurne Huesa elkarteko kidearen arabera, pisten arazorik handiena lurzoruaren higadura da, nahiz eta legeetan ez zaion «hainbesteko baliorik» ematen.

Aralar aipatzeak ezinegona sortzen du: «Jendea borborka jartzen da», ohartarazi du Artola abeltzainak. Gehitu du Aralarko gatazkak «joko politikoaren parte» direla. Bat dator Fede Zabala Aralar Bizirik plataformako kide eta mankomunitateko kide ohia. Haren ustez, azkenaldian sortu da lehia: «Mankomunitatean adostasuna zegoen. Duela lauzpabost urtetik, ordea, politikariek beren joko zelai bihurtu eta lokaztu egin dute Aralar. Elkarri eraso egiteko erabili dute».

Eragile guztiei egin zaizkie kritikak: politikariei, mendia joko zelai bihurtzeagatik; ingurumen taldeei, abeltzainak kontuan ez hartzeagatik; aldundiari, abeltzainei soilik begiratzeagatik; Mankomunitateari, utzikeriagatik; abeltzainen elkarteei, politika erasokorrengatik... Baina, finean, guztiek helburu bera dute: oreka. Inork ez du Aralar artzainik gabe ikusi nahi, eta, balio naturalik gabe, artzaintzak ere jai du.

Negua joan da, eta artzainak eta ardiak itzuli dira Aralarrera. Mendiak, urteroko legez, ongietorria eman dio gizakiari, eta abeltzainek mendia zaintzen jarraituko dute. Jendearen artean eztabaida nagusi den honetan, naturaren eta gizakiaren arteko akordioak bere hartan irauten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.