Hautagai izatea bada nahikoa sari, eta zorioneko dira Albaola Itsas Kultur Faktorian. Izan ere, National Geographic aldizkariak +Historia saria irabazteko hautagaien artean sartu du Albaola. «Bere lan ereduak erabat irauli ditu itsas ondarearen kudeaketa eta sozializazioa», azaldu dute sariketaren antolatzaileek. «Haiek iritsi arte ia ezezaguna zen altxor kultural hau». Abuztuaren 23tik dago aukera botoa emateko, eta urriaren 10era arte egongo da zabalik; Albaolaren eta National Geographicen webguneetan eman daiteke botoa, eta baita esteka honetan klikatuta ere: https://i.mtr.cool/dwmrnuhwkf. Albaolak botoa emateko dei egin die herritarrei. «Gure itsas kultura munduari ezagutarazten jarrai dezagun».
Kultura eta ondarea sustatzeko eta zabaltzeko lana saritzen du +Historiak, eta Albaolak «zorroztasun zientifikoa, benetakotasuna eta kalitatea oinarri dituen kontakizun historikoa» eskaintzen dituela adierazi dute antolatzaileek. Herri museo onenaren arloan sartu dute Albaola —sei kategoria daude sariketan—. Azken urteotako lana aintzat hartuta, San Juan baleontzia eraikitzeko lana goratu du National Geographic aldizkariak, eta baita Albaolaren «eredu berritzailea» ere.
Ez da aldizkari horrek Albaolari keinu bat egin dion lehen aldia. 1985ean ere, San Juan baleontzia ardatz hartuta, aldizkariaren azalera eraman zuten Pasaian (Gipuzkoa) egiten duten lana; 2018ko abuztuan, erreportaje zabal bat egin zuten aldizkarian Albaolaren inguruan, eta 2020an Viajes National Geographic aldizkariak ere tokia egin zion.