Kevinth Cardona (Cali, Kolonbia, 2001) orain dela hogei urte etorri zen Euskal Herrira, Kolonbiatik, eta gaur egun Ondarroan (Bizkaia) bizi da. Herriko Aurrera Kukaña Taldeak antolatutako Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketako txapelduna izan zen joan den astean. Ondarroako nasapuntakoa da Euskal Herriko bereziena: 14,80 metro luze da —Euskal Herriko luzeena—. Gainera, mastak gora egiten du 30 gradu, ibilbidea zailduz. Ondarroakoa dominatzea lortu zuen Cardonak, eta orain nazioartean erakutsi nahi du nasapuntako gainean ibiltzeko daukan talentua: «Nire helburua [Azerbaijanera] bertaratu eta irabaztea da».
Astebete pasatu da Euskal Herriko I. Nasapuntako Txapelketatik. Lehenengoa antolatu, egin, eta irabazi. Dena atera zitzaizun ondo.
Oso pozik nago, lehenengoa egitea eta lehenengoa irabaztea zen helburua. Ikurrina altxatu nuenean izugarrizko poza sentitu nuen. Bete nuen nire helburua, eta lortu nuen ikurrina altxatzea. Beraz, oso harro eta pozik nago lortutakoaz.
Kostaldeko Herriko jaietan egiten dira txapelketak, baina zuek Euskal Herria batu zenuten Ondarroan. Behar zuen Euskal Herriak horrelako txapelketa bat?
Profesionalizatu nahi genuen, eta guztiok elkartzeko zerbait egin. Umetatik ibili naiz ni masta gainean beste lagun batzuekin batera; beraz, batzea erabaki genuen zerbait berezia egiteko. Orain dela sei hilabete hitz egiten hasi, eta txapelketa antolatzea erabaki genuen, eta ondo atera da.
Iritsi zen egun handia, eta igo zineten nasapuntakora. Igo bai, baina badirudi ezinezkoa dela ez jaustea...
Norberak erabakiko du zein teknika erabili, edozein teknika ona izan daitekeelako oztopoak gainditzeko eta jokoa irabazteko. Hala ere, gorputza albo batera biratzea da gomendagarria, eta hanka bat bestearen gainetik pasatzea. Hankak zuzen eramanda, kolpe ederra jotzeko arriskua izan dezakezu.
Kolpe mingarririk egon al zen?
Kolpe batzuk bai, baina ez zen ezer larririk gertatu.
Zein da masta gainera igo eta aurrera egitearen jatorria?
Nik uste dut piraten garaikoa izango dela, gaizki portatzen zena nasapuntakotik behera botatzen baitzuten. Filmetan ikus daiteke nola egiten zuten, eta nik pentsatu nahi dut hortik datorrela.
Gainera, ez da Euskal Herrira mugatzen den zerbait.
Maltan egiten da, Italian, Ameriketako hainbat herrialdetan... Aurten, gainera, Red Bullek nazioarteko txapelketa bat antolatu du Azerbaijanen.
Eta joateko asmoa daukazu, ezta?
Uztailaren 21ean da, eta izena emana dut: nire helburua bertaratu eta irabaztea da. Bidelagun bila nabil bertara joan eta nasapuntakoa etxera ekartzeko.
Mundu osoko jendearekin lehiatu beharko zara. Ba al du ezberdintasunik Euskal Herrian egiten den txapelketarekin?
Txikiagoa da nasapuntakoa. 10 metro inguru ditu, baina 30 graduko inklinazioa. Ez dakit oso ondo nola funtzionatuko duen. Ni joango naiz, izena emango dut, eta ea zer gertatzen den. Esango dizut itzultzen naizenean.
Federatuta ez dagoen kirol bat da. Ba al duzue horretarako asmorik?
Kirol bat da: korrika egin behar da, oreka mantendu, eta nekatuta amaitzen duzu. Nasapuntako kirola nazioartera zabaldu nahi dugu; beraz, kirola federatzea da helburua. Aurrera Kukaña Taldekook espero dugu datozen edizioetan beste herrialde batzuetako jendea ere gerturatzea gugana, eta Euskal Herriko txapelketetan lehiatzeko aukera izatea.
Datorren urtean beste bat antolatu nahi duzue?
Bai, datorren urtean bigarrena antolatuko dugu. Beste diru sarrera batzuk bilatu nahi ditugu, guztia askoz harrigarriagoa izan dadin. Mugak gainditu nahi ditugu, eta lortuko dugulakoan nago.
Eta, beste behin, Ondarroan egingo duzue hurrengoa?
Baietz uste dut; horrelako nasapuntakorik ez dago beste inon. Eta jende asko kabitzen da portuaren inguruan ikuskizunaz gozatzeko.
LOTSABAKO
Erreferenterik?
Ricardo Exposito; txapelketan omendu genuen, plaka batekin.Hurrengo helburua?
Nazioarteko nasapuntakoen gainean ibiltzea.