Streaming plataformak

NASA+ streaming plataforma sortu dute

Urte amaiera aldera estreinatuko du NASA agentziak; guztiz doakoa izango da. Misioen zuzenekoak, saioak eta beste hainbeste eskainiko dituzte.

'Orion' ontzia, Artemis I misioaren ostean. MARIO TAMA / POOL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 2a
14:25
Entzun

Bost, lau, hiru, bi, bat, zero... Ez, ez da suziri baten atzerako kontua; apika, film klasiko baten hasierarena izan liteke. Kasu honetan, bai bata, bai bestea. NASA espazio agentziak streamingplataforma bat estreinatzea aurreikusi du urte amaiera alderako: NASA+. Eskaintza guztia eraldatzeko asmotan daude, agentziaren webguneak eta aplikazioa berrituz; halaber, edukiak kontsumitzeko aurkeztu berri duten plataforma sortuz. Motorrak berotzen hasi dira dagoeneko: webgunearen beta bertsioa kaleratu dute.

NASA+ izango du izena streamingzerbitzuak; izan ere, egun arte baino gehiago plazaratu nahi dute. «Espazio gehiago. Suziri gehiago. Zientzia gehiago. Misio gehiago. NASA gehiago». Erabiltzaileek ez dute beharko harpidetzarik bideoak-eta ikusteko, eta iragarkirik ere ez da egongo. Espazio agentziaren webgunearen, sakelakorako NASA aplikazioaren eta hainbat zerbitzuren bidez —Roku, Apple TV, Fire TV— egongo da hara sartzeko modua.

Oraindik deskubritzeko dago zein izango den plataformaren eskaintza zabala, zuzenekoez edo bide informatiboez gain. Badira printzak, ordea: exoplaneten ikerketak, unean uneko misioak eta programak, Lurraren klima, eguzki sistema... Hainbat saio ere izango ditu, baina ez dute zehaztapen handirik egin.

Ilargiratzea, hurbil

Programa horietako bat da Artemis, eta gizakia ilargira itzultzea du helburu. Joan den urte amaieran egin zuten lehen urratsa, Artemis I misioarekin. Bidaiaririk gabeko Orion ontziak 26 eguneko bidaia egin zuen Lurretik Ilargira, eta berriz Lurrera buelta.

Ikusi gehiago:Rho Ophiuchi hodei multzoa, 'James Webb'-en miratik

2024ko azaroan emango diote segida, Artemis IIrekin. Lau astronautak parte hartuko dute, baina ez dira ilargiratuko. Gregory Wisman izango da komandantea, eta harekin joango dira Christina Hammock Koch, misioko lehen emakumea, eta Victor Glover, lehen beltza. Jeremy Hansen kanadarra ere izango da. 2025erako dute aurreikusia Artemis programa amaitzea, Artemis III misioarekin. Joan den martxoan aurkeztu zituzten hartako astronautek eramango dituzten jantziak. Ziur aski NASA+ bidez ikusi ahalko dira biak ala biak. Plataformaren aurkezpen bideoan bertan entzun daiteke emakume bat hau esanez: «Goazen!».

Vogager 2, noraezean

Hainbat programa eta misioren informazioa eskainiko dute NASA+ aplikazioan. Azken egunetan, ordea,bada espazioan noraezean ibili den zunda bat, Voyager 2 deiturikoa. Duela bi aste, apurtxo bat desbideratu zen haren antena. Lurretik 20.000 milioi kilometrora dago zunda, eta apurtxo bat asko da halako distantzietan; nahikoa, behintzat, seinalerik ez jasotzeko.

Voyager 2-ren «taupadak» jaso berri dituzte. Seinaleak ahulegiak dira, ordea, informazioa bidaltzeko eta jasotzeko. Ordenak bidaltzen saiatzea besterik ez dute, halako batean ontzia berriro orientatzeko esperantzaz —behintzat, haren ibilbidea ez da aldatu—.

Ahalegin horiek porrot egiten badute, urriaren 15era arte itxaron beharko dute. Egun horretan, maniobra automatiko bat programatua zuten, Voyager 2 Eguzkirantz begira jartzeko. Horrela kontaktua berreskuratu ahal izatea espero dute, aurretik lortzen ez badute.

Ikusi gehiago:Erantzun bat materia eta energia ilunei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.