Zientzia

NASA: emakumeei neurria hartu ezinean

AEBetako espazio agentzia gizakiak Ilargian jartzeko gai da, baina barregarri geratu da aste honetan, gertaera historiko bat iragarri ostean atzera egin behar izan duelako, emakumezko astronautentzako jantzi baten faltan. Segurtasuna argudiatu dute, baina andreek aspaldi salatu dute jantziekin dagoen arazoa.

NASA: emakumeei neurria hartu ezinean.
Edu Lartzanguren.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gaur egun historikoa izango zela iragarri zuen NASAk joan zen astean. Lehen ere ibili dira emakumezko astronautak espazioan, kanpoko lanean, jantzi soil batekin, baina beti jardun dute gizonezko batek lagunduta. Gaur, lehen aldiz, bakarrik emakumez osaturiko talde bat aritu behar zen Nazioarteko Espazio Estazioaren kanpoan, espazio ibilaldi deituriko horietako batean. Baina ezinezkoa izan da. Nazioarteko Espazio Estazioan ez daude tamaina ertaineko bi jantzi prest espaziora ateratzeko, eta NASAk atzera egin du. Barregarri geratu da agentzia. Baina astronautikan emakumeek jasan duten diskriminazioaren erakusgarria da gertaturikoa?

Anne McClainek eta Christina Koch astronautek elkarrekin egin behar zuten historia gaur. McClain astronautak esan zuen ez egiteko erabakia berak eskatuta hartu zutela asteazkenean, alferrikako arrisku bat ez dela inoiz hartu behar argudiatuta.

McClain M zein L tamainako jantziekin trebatu zen Lurrean, espaziora joan aurretik. Hala azaldu du NASAko espazio bidaietarako eta esploraziorako eledun Stephanie Schierholzek. Baina espazioko mikrograbitateak aldaketak eragiten ditu gorputzean. McClain jantzi ertainarekin aritu zen duela zazpi egun, espazio ibilaldia egiten historiako 13. emakumezkoa bihurtu zenean. «Orduan ikusi zuen astronautak, handia ez ezik, hobeto zetorkiola jantzi ertaina», esan du eledunak. Cristina Kochek ere jantzi ertaina beharko luke, eta hor egon da koska.



Segurtasuna, argudio

Schierholzek esan duenez, estazioan badira bi jantzi ertain, beste bi handi eta bi estra handi. Baina ertainetako bat eta XL neurriko bat ordezkoak dira, eta moldatzeko lana behar dute. «Ertaina espazioan moldatzeko, 12 bat lan ordu behar dira, eta arriskua handitzen da. Jantzia espaziontzi pertsonal bat da, eta ziurtatu behar da ongi funtzionatzen duela espaziora atera aurretik».

Egin beharreko lanen agenda oso beteta dagoela eta, astronautek erabaki dute ez aldatzea. NASAk argi du: errazagoa da astronauta aldatzea, jantzia moldatzea baino.

Segurtasuna eta plangintza argudiatu ditu NASAk, beraz. Arazoa da aspaldi zela jakina hainbat emakumezko astronautak ezin dutela jantzien goiko zatia erabili, tamainarengatik, Linda Godwin astronauta ohiak azaldu duenez. «Horrek diskriminatu egin ditu tamaina txikiagoko astronautak».

Godwin matematikaria eta fisikaria da, eta 1986. urtean bihurtu zen astronauta. Lau aldiz bidaiatu zuen espaziora, Endeavour eta Atlantis transbordadoreetan, eta denera, 38 egun pasatu zituen han. Espazio estazio baten kanpoaldean ibilaldi bat egiten historiako lehen emakumea da, 1996. urtean, hiru orduz aritu baitzen Errusiako Mir espazio estazioan, esperimentuetarako tresnak muntatzen.

Emakume izateagatik diskriminazioa pairatu ote zuen galdetuta, ezetz erantzun du astronauta ohiak. «Nahiz eta ni hasi nintzenean emakumeak oraindik berri samarrak izan, ez dut uste diskriminaziorik egon zenik, langa aurretik apurtu zelako». Beste astronautek adina misio izan zituela adierazi du. «Neure esperientziaz baino ezin dut hitz egin, eta ez naiz esaten ari neureak balio behar duenik emakume guztientzat».

Godwinek azaldu duenez, neurri egokiko jantzia eramatea oso garrantzitsua da espazioan, «norbera bere onenean aritzeko». Berak ez du inoiz jantzi bat moldatu behar izan orbitan, espazio transbordadoreetako misioetan lan hori Lurra utzi aurretik egiten baitzuten. Jantziaren goiko zatiari HUT (Hard Upper Torso) esaten diote, eta ertainaren besoak eta hankak luzatu edo laburtu behar izaten dira. «Denbora behar du horrek, arreta handia, eta presurizazioa probatzea, ziurtatzeko jantzia erabiltzeko moduan dagoela. Ezin da presaka ibili».

Bazterketa salaketak

Jantzien kontua ez da, ordea, emakumezko astronautek salatu duten bazterketa modu bakarra. Gaur emakumezkoek gizonezkoek baino denbora laburragoa pasa dezakete espazioan, NASAren arauengatik. Erradiazio dosiarekin du lotura neurriak. Astronauta batek espazio estazioan Lurrean baino askoz erradiazio gehiago jasotzen du. NASAk emakumezkoei ezartzen dien gehienezko erradiazio muga gizonezkoena baino %20 baxuagoa da. NASAk argudiatzen du kezka dagoela erradiazio horrek umetokiko, obarioetako edo bularretako minbizia garatzeko arriskua handitu dezakeelako. Peggy Whitson astronautak salatu izan duenez, neurri horren eraginez, emakume batek egin ditzakeen misioak gizonezkoek egin ditzaketen erdiak dira.

Genero bazterketa salaketen aurrean, NASAk bere burua defendatu du. Schierholz eledunak adierazi du sexu eta arraza pluraltasuna 1978. urtean sartu zutela astronauta taldeetan. Bakarrik emakumezkoen espazio ibilaldirik oraindik zergatik ez den egin azaltzeko, espazio transbordadorearen programan emakume bat baino gehiagoko misio asko izan direla esan du, baina «misio horietan astronautek hainbat eginkizun izaten zituzten, eta, beraz, ez zen horrenbeste jende trebatu espazioko ibiltari gisa».

NASA beste agentzien aurretik dagoela nabarmendu du Schierholzek. AEBetakoak 38 astronauta ditu lanean, eta beste 11 hautagai zerrendan; horietako 17 emakumezkoak dira eta 32 gizonezkoak. ESAk, gaur, emakumezko astronauta bakarra du lanean (Samantha Cristoforetti), CSA Kanadako Espazio Agentziak eta Errusiako Roscosmosek emakumezko bana daukate. Jaxa Japoniako espazio agentziak ez du bat bera ere.

Noiz ikusiko du gizateriak emakumeak bakarrik, astronauta jantzi soilez, espazioaren hutsean lanean? «Bakarrik emakumezkoek eginiko espazio ibilaldiak ezinbestean gertatuko dira etorkizunean», erantzun du NASAko eledunak. 2013ko astronauta belaunaldiaren erdiak emakumezkoak zirela argudiatu du —McClain eta Koch belaunaldi horretakoak dira—. 2017koa da astronauten azken belaunaldia, eta, horretan, hamaikatik bost emazteak dira.

Denera hamahiru emakumezkok egin dituzte espazio ibilaldiak, 1984. urtetik eginiko 38 saioetan. Horietako hamabi NASAkoak ziren, eta bat Errusiakoa —Svetlana Savitskaia, historiako lehena—. Whitson astronautak hamar egin ditu, eta Suni Williamsek, zazpi. Gaur, Koch bihurtuko da 14.a zerrendan, baina, besteak bezala, gizonezko batek lagunduta.

Arazoak ikusita, ironikoa da NASAk espazio ibilaldia esateko erabiltzen duen akronimoak tradizio judu-kristauaren lehen emakumearen izena izatea: EVA ExtraVehicular Activity.

NASAk azalpen asko aurreztuko zituen aste honetan iragarri izan ez balu horren ongi loturik ez zeukan egun historikoa. Beraz, hurrengo misioaren zain geratu beharko dira astronautak, Bechdelen testa pasatzeko. «Emakumeen ibilaldia lehenago egiterik egongo zen?», galdetu du Godwin astronauta ohiak. «Bai, noski; hori egiteko helburua egonez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.