Zientzia. Txema Pitarke. CIC Nanoguneko zuzendari nagusia

«Nanomedikuntza indartu beharko genuke, agian»

Pitarkek ohiko neurria du nanometroa, milimetroaren milioirena, eta txikitasunaren eragin erraldoia bideratzen eta kudeatzen du. Nanomedikuntzan sakontzea du erronketako bat.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ikertzaile sentitzen da eta, ahal duen neurrian, ikertzen jarraitzen du, grafenoaren plasmoiei eta bi dimentsioko materialen egiturei buruz, esaterako. Hala ere, Txema Pitarke (Bilbo, 1960) kudeatzaile bihurtutako ikertzailea da 2006tik, ideia soila zena gorpuzteko ardura hartu zuenetik: CIC Nanogune, nanozientziari eta nanoteknologiari buruzko goi mailako ikerketa zentroa, Donostian. Harena izan zen EHUn aldi berean euskaraz eta ingelesez aurkeztutako lehen tesia. Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da EHUn. Elhuyar Fundazioko presidente. Paperek harresitutako bulegoko mahaitik gobernatzen du Nanogune.

Nanogunek hamabi urte bete ditu. Zein da bere egoera?

Egoera oso ona da. Aspalditik sendotuta gaude, batez ere zientziaren ikuspegitik. Eta orain dezente sendotzen ari gara industriarekiko harremana.

Oinarrizko ikerketa egiten duzue. Zaila da hori industriara, errealitatera, eramatea?

Beti esaten dut eragina izan behar dugula, neurri batean, oraingo industrian eta, batez ere, etorkizunekoan. Zaila izaten da, etorkizunera begira egiten duguna pixka bat urrun dagoelako gaurko industriak egiten duenetik, Euskal Herrian bereziki. Oso ondo gaude, baina asko dugu egiteko.

Horregatik sortu dituzue enpresak?

Bai, gure teknologia berriak garatu ahal izateko, teknologia horiek garatu ahal izango lituzketen enpresak ez dauden neurrian.

Urtez urteko kudeaketan, zientzia baino buruhauste handiagoa da diru iturri pribatuak lortzea? Ezinbesteko baldintza duzue Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko.

%10eko fakturazio pribatua izan behar dugu gutxienez, eta helburua %30ekoa da. Gutxieneko fakturazio hori lortuko ez bagenu, agian ez ginateke hemen egongo.

Nanozientziak eta nanoteknologiak eragin zuzena dute bizitzako arlo guztietan. Haren eragina gero eta handiagoa izango da?

Bai! Arrazoia oso sinplea da: nanozientzia, azken finean, eskala jakin batean egiten den zientzia da, eta nanoteknologia, eskala horretan egiten den teknologia. Eskala hori eskala oso garrantzitsua da, atomoen eta molekulen eskala baita. Sistema biologiko oinarrizkoenak ere eskala horretan daude: DNAk, adibidez, bi nanometroko diametroa dauka [milimetroaren milioirena da nanometroa]. Dena, unibertsoan dagoen materia guztia, atomoz egina dago, izaki bizidunak ere bai. Ez dago sektorerik nanoteknologiari etekina aterako ez dionik.

Eragin horren adierazle nagusietakoa elektronika kuantikoa izan daiteke, egungo elektronika aldatuko duen paradigma berria. Horretan lanean ari zarete, batez ere spintronikaren arloan, elektroien spinean oinarritua.

Izan ere, gaurko elekronika jada kuantikoa da, transistorean oinarritua baitago. Hori fisika kuantikoaren lehen iraultza teknologikoa izan da. Gero elektroiaren spinean oinarrituriko spintronika dator, hor lanean ari gara buru-belarri, baita beste propietate kuantiko bitxi bezain sinesgaitz batzuetan oinarrituriko teknologia berrian ere. Horri bigarren iraultza kuantikoa esaten zaio.

Orain arteko konputazioa, siliziozko prozesadoreetan oinarritutakoa, muga fisikora iristen ari da.

Mooreren legearen arabera [Gordon Moore, Intelen sortzaileetako bat], bi urtetik behin bikoiztu egingo zen txip batean sar zitekeen transistore kopurua eta, ondorioz, bikoiztu egingo zen prozesadore horien ahalmena eta azkartasuna. Orain arte legea bete da, baina orain arte gauzatu den miniaturizazioak ezin du iraun etengabe eta, beraz, teknologia berriak garatu behar dira. Spintronika da alternatiba horietako bat.

Zuek oso ondo kokatuta zaudete arlo horretan.

Bai, puntaren puntan. Spintronika eta grafenoa dira gure indarguneetako bi. Intel, prozesadoreen munduko ekoizle handia, gurekin elkarlanean ari da, etorkizuneko elektronikaren oinarria izan daitekeena garatzeko. Inteli interesatzen zaio Felix Casanova gure Ikerbasque ikertzaileak egiten duena eta, bereziki, gauza berriak egiteko duen ahalmena.

Zertan ari zarete?

Intelek, spintronika erabiliz, MESO izeneko teknologia garatu nahi du: gaur egungo ordenagailuetan, alde batetik, prozesadoreak daude, hor ariketak egiten dira, eragiketa logikoak; bestetik, memoria dago, hor informazioa gordetzen da; eta gero bien arteko interkonexioak daude, informazioa batetik bestera pasatzeko. Intelek guztia bildu nahi du elementu bakar batean, horretarako spintronika erabiliz. Intelek munduan arlo horretan gehien dakitenekin egon nahi du, eta horregatik daude gurekin eta beste batzuekin.

Guztia bateratuz gero, prozesadoreetan denbora eta energia aurreztuko litzateke, ezta?

Bai. Etorkizuneko konputagailuen edo elektronikaren balizko oinarri bat da. Ez dakigu izango den. Horixe da etorkizuneko industria, ez dakiguna, baina bideak esploratu behar dira, eta horixe da Intel gurekin esploratzen ari den bide bat.

Nanozientziaren eta nanoteknologiaren garapen arlo nagusietako bat medikuntza da. Zer egiten ari da?

Gaur egun honela zerrendatzen dituzte nanoteknologiak merkatuan izango dituen eragin eremu nagusiak: lehenengoa elektronika, bigarrena energia eta hirugarrena biomedikuntza.

Sentsoreak egiteko erabiltzen da, diagnostikorako...

Eta terapiarako. Botiken garraio kontrolaturako, adibidez. Helburua hauxe da: botika jakin bat gorputzeko toki jakin batera eramatea helburu jakin batekin. Minbizia sendatzeko, esaterako, albo ondoriorik gabe. Horretan asko aurreratu da.

Nanoguneren erronken artean, biomedikuntza izan daiteke hazteko eremuetako bat?

Bai. Baditugu ikerketa lerro batzuk nanomedikuntzan; baina eremu hori indartu beharko genuke, agian. Oraintxe berton, hain zuzen, enpresa berri bat sortzen ari gara, nanomedikuntzaren arloan, jaioberrien parametro fisiologikoak etengabe monitorizatzeko, denbora errealean eta inbasiorik gabe. Patentea daukagu eta patente hori enpresa berriaren bitartez ustiatuko dugu. Alzheimerra atzemateko metodoekin lanean ari gara, nanobiosentsoreekin ere bai, entzimak garatzen ditugu, hainbat lerrotan ari gara medikuntzako aplikazioen bila.

Nanomedikuntzan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura bidea motzagoa izan daiteke fisikari gehiago lotutako eremuetan baino?

Neurri batean bai. Gure inguruan sortzen ari diren enpresa bioteknologikoei begira, nanobio arloan zenbait aukera izan ditzakegu.

Nanogunek, hasieratik, grafenoaren aldeko apustua egin zuen, Graphenearen sorrerarekin, adibidez. Sekulako potentziala du: gogorra, malgua, eroalea, arina... da aldi berean. Material iraultzailetzat jo da, baina espero bezala garatu da?

Bai. Zientzialari gehienon espektatibak betetzen ari da. Material bakarrean era guztietako propietateak biltzen dira, eta guztietan da onena: gogortasuna, malgutasuna, arintasuna, irazgaiztasuna, mugikortasun elektrikoa, eroankortasun ona du, oso gardena da... Horrez gain, grafenoarekin mundu berri bat zabaldu da, bi dimentsioko materialena. Atomo geruza bakarra du, eta grafenoa da isolatu zen bi dimentsioko lehen materiala. Karbono atomoak dira, hexagonoetan ordenatuta. Ordutik bi dimentsioko beste material batzuk sortu dira, eta material ezberdinak konbinatuz heteroegiturak sortzen ditugu, bilatzen dugun propietatearen arabera.

Grafenoa merkatura iritsi da: erraketetan, oinetakoen zoletan... Ez du iraultzarik eragin.

Gauzatxoak badaude, materialen arloan batez ere, baina hor ez dago oraindik paradigma berria. Benetako merkaturatzea ez da gertatu. Uste nuen grafenozko pantailak lehenago ikusiko genituela, ordenagailuetan-eta. Baina oraindik ez dira iritsi merkatura. Grafenoak badu potentziala paradigma aldaketa eragiteko, elektronikan agian, baina hori epe laburrean ez da gertatuko.

Hamar ikerketa taldeko eta hamabi ikertzaileko egitura egonkor bat duzue. Haien inguruan, ikertzaile gazteak etengabe aldatzen.Ez al da oztopo gazteek ibilbidea egonkortzeko?

Halakoxea da ikertzailearen ibilbidea. Behin tesia eginez gero, batzuek ibilbide akademikoari ekingo diote beste leku batean, eta beste batzuk industriara joango dira. Herrialde aurreratuenetan halaxe egiten da.

Goi mailako ikertzaileekin lan egiten duzu. Egoak kudeatzea egokitzen zaizu?

Denetarik dago, baina egoak badaude. Zientzialarien izaerak oso ezberdinak izaten dira, baina badira denok dauzkagun ezaugarriak: jakin-min handia, ezagutzaren mugak zeharkatzen lehenak izateko anbizioa, eta nazioartean gure kideen aintzatespena lortu nahi izatea. Eta, gehienetan, ego handiarekin, bai.

Ikerketak argitaratzea da onespena lortzeko modu bat. Argitalpen sistemak ikertzaileen lana baldintzatzen du?

Bai, nahikotxo. Munduan, nire ustez, gehiegi argitaratzen dugu. Argitaratu behar dugu, noski, erakutsi behar dugu zer egiten dugun, baina lehentasunak izan behar du ongi argitaratzea. Badago borroka bat ea nork argitaratzen duen gehien ospe handiko aldizkarietan. Eta borroka horrek prozedura biziatzen du, nonbait. Artikuluetan etorkizunerako balizko aplikazio batzuk salduz gero, errazagoa izaten da, batzuetan, ospe handiko aldizkarietan argitaratzea. Eta, horrela, dinamika arriskutsu batean sar gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.