Zientzia fikziozko paisaia bat da, baina Donostiako lur azpian dago. Bi langile burka zuri moduko jantziekin estalita daude burutik oinetara, kristal bikoitzez babesturiko laborategi batean. Nanoguneko Gela Zuria da. Ia 300 metro koadroko areto ultragarbi bat da. Sartzeko eta ateratzeko zeremonia zorrotza betetzen dabiltza ikertzaileak. «Oso ezerosoa izan daiteke horra sartzea. Ni ez naiz sartzen», esan du Jose Maria Pitarke fisikariak. Donostian nanoteknologia ikertzen eta garatzen dabilen zentroaren zuzendaria da. Hamar urte bete ditu zentroak. Pitarke gidari dabil, nanoaren labirintoa erakusten.
«Fronte guztietan aurrera egin dugu. Lehen erronka hona ikertzaile nagusiak ekartzea izan zen», adierazi du. Teknologia gizarteari transferitzea izan da Nanogunearen bigarren erronka. «Puntako ikerketa egiteko jaio ginen, baina industriarekin konektatu behar genuela pentsatuz». Balantzea hau da: bost enpresa sortu dira Nanogunetik, hamalau patente erregistratu dituzte, eta horietako bederatzi ustiatzen dabiltza gaur; 39 doktore tesi osatu dituzte ikertzaileek, eta beste 34 egiten ari dira orain; 800 zientzia artikulu argitaratu dituzte, besteak beste Nature eta Science aldizkarietan, eta artikulu horiek 17.000 aldiz aipatu dituzte munduko beste ikertzaileek.
Gailuak nanoeskalan eraikitzeko, garbitasun handia behar da, hauts pinporta batek traba egin baitezake. Gela Zurian, hauts kantitate maximo oso zorrotzak daude. Laborategietako batean ezin dira mikroi erditik gorako 100 partikula baino gehiago egon oin kuboko (0,03 metro kubo).
Gela Zuritik aterata, beste laborategiko ate gaineko argiaren koloreari begiratu dio Pitarkek, sartu aurretik berde dagoela ziurtatzeko. Ia gela osoa betetzen duen mikroskopio elektroniko bat dago han, atomoak ikusteko gai dena. Izan ere, ezinbestekoa da atomoak ikustea nanoeskalan lan egiteko. Grafeno materialak, adibidez, atomo baten lodiera du.
Nanoteknologia atomoen eta molekulen eskalan materialak sortzea eta manipulatzea da. Normalean, 100 nanometro baino txikiagoak diren egiturekin egiten du lan nanoteknologiak. Konparatzeko, halako analogiak erabiltzen dituzte: giza ile bat 80.000-100.000 nanometro lodi da; gizaki baten azkazala nanometro bat hazten da segundo batean.
Nanogunetik enpresak sortu behar izan dituzte, nanoteknologia gauza berria delako eta horretarako industriarik ez zegoelako. Baina Pitarkek argi ohartarazi du: «Nanoteknologiak industria guztietan izango du eragina, printzipioz guztietan aplika daitekeelako. Ez dago nanoteknologiatik onurarik aterako ez duen alorrik; guztiz horizontala izango da». Garraioan, erregaietan, elektronikan, kosmetikan, margoetan... Batez ere, medikuntzan izango duen garrantzia nabarmendu du Pitarkek. Donostian ibilitako ikertzaile bat, esaterako, Nanogunen garaturiko patente bat erabiltzen ari da Danimarkan, odol tanta batetik hainbat gaitz antzemateko gailu «merke» bat ekoizteko. Alzheimer gaitza diagnostikatzeko gailuetan ere lanean aritu dira Nanogunen, nahiz eta oraindik ez duten horretaz ezer patentatu.
Laborategiko haragia
Nanogunen hamabost laborategi daude denera, eta Pitarkek horien ateak zabaltzen jarraitzen du, bata bestearen atzetik. Gailuak nanoeskalak fabrikatzeko ioi kainoi bat erakutsi du. «Ioiak botatzen ditu metraileta batek bezala, eta lagina nahi bezala mozten du. Horrela egiten ditugu nanogailuak».
Laborategian dituzten mikroskopio batzuk milioi bana euro kosta daitezke. Nanogunek urtean sei milioi euroko aurrekontua du. Euren teknologia salduta dirua lortzen ari dira.
Horren adibidea da Pitarkek erakutsi duen 3D inprimagailua: proteinekin eginiko nanozuntzak ehuntzen ditu. Novaspider jarri diote izena, eta mundu osora saltzen ari dira. Alzheimerra tratatzeko zelula amak hazteko oinarri gisa erabili nahi dituzte armiarma mekanikoak eginiko ehunak.
Hurrengo laborategia lantegi bat da: besteak beste, spintronika egiten dute han, hau da, elektroiaren ezaugarri kuantikoekin lan egiten dituzten gailuak. Intel txip ekoizle erraldoiarekin ituna dauka Nanogunek. Ikerketa egiten dute Donostian horren inguruan, eta ikerketa hori Intelek ordaintzen du, «interesatzen zaiolako egiten duguna».
Dardaren kontrako sototik aterata, goiko pisuko laborategietan, Nanogunen hobekien gordetako sekretua dago. Zentroak jasotako Biotech Foods enpresan haragi etiko deitzen dutenarekin lanean ari dira. Laborategian sorturiko zerrikia —agian laborategikia deitu beharko litzatekeena— 2021erako saltzen hasi nahi dute.
«Etorkizuna hortik dator, zalantzarik gabe, nahiz eta Euskal Herrian zaila izango den, guk txuleta ikusi nahi dugulako», azaldu du Pitarkek. Nanogune parte hartzen ari da enpresa horretan, eta adibide ona da, fisikariaren arabera, ikusteko Nanogunek nola sortzen eta zabaltzen duen industria sarea inguruan.
Baina zerikusirik ba al du nanoteknologiak laborategiko okelarekin? Ehunen ingeniaritza da; azken batean, animalien zeluletatik abiatzen da, eta horretan nanozientziari esker lorturiko ezagutza erabiltzen da. Espioitza industriala benetako kezka dela esan du Pitarkek, eta ez du atea zabaldu nahi izan. Kontuz, bioarriskua mezua ingelesez duen txartela du ateak. Arriskuarengatik baino gehiago, begiluzeak uxatzeko.
Nanopartikulek ekar ditzaketen arriskuen inguruan ere lan egin behar dela uste du Pitarkek. «Material berria bada, egin behar da». Nanoteknologiak ingurumen arazoak konpontzen lagunduko duela uste du. «Garapen jasangarrian aurrera egiteko ahalmena emango digu». Izan ere, prozesu industrialak eraginkorragoak izaten lagunduko du. «Nanoteknologiak gehiago ematen du gutxiagorekin».
Hamar urte «ez dira ezer» ikerketa zentro baterako, Pitarkeren arabera. «Zenbat urte ditu Cambridgeko Unibertsitateak?». Edonola ere, beti dago aukera hamar urtean gauza garrantzitsuak egiteko, eta beste toki batzuetan erabiliko direnak egiteko. «Horixe da gure kasua».
Zer emango du Nanogunek datozen hamar urteetan? Zentroa «egonkortuta» dagoela esan du zuzendariak, eta ez dutela gehiegi hazteko asmorik. Orain arte ere «modu neurtuan» hazi dela uste du. «Jendea aldatzea nahi dugu: hemengo gehienak kanpoan nahi ditugu, eta berriak etortzea». Gaur, 110 langile dira, 25 herrialdetakoak. Horietako hamabi ikertzaile iraunkorrak dira; gainerako ikertzaileak aldatuz joatea nahi du Pitarkek. Ez dio beldurrik talentua galtzeari. «Etorriko da berria; aldaketa nahi dugu. Puntako ikerketa horrela egiten da: fluxua behar dugu; positiboa den bitartean, ondo gabiltza».
Nanoak ez du hazi nahi
Donostiako Nanogune ikerketa zentroak hamar urte bete zituen asteazkenean. Gazte izan arren, nanoteknologiaren alorrean izena lortu du munduan, 800 artikulu argitaratzea, hamalau patente erregistratzea eta horietako bederatzi ustiatzea. Bost enpresa sortu ditu, eta laborategiko haragia ikertzen ari dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu