Ospatzeko eguna ez ezik, berritasunak aurkeztekoa ere izango da. Izan ere, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat, Sexu identitatea eta aniztasuna izeneko bost ikus-entzunezko sortu dituzte, eta festa baliatuko dute horietako lehena aurkezteko. Gainerakoak otsailean argitaratuko dituzte, ostiral bakoitzean bana.
Aitziber Garmendia, Kepa Errasti eta Garazi Urkola dira protagonistak. Ama baten, aita baten eta alabaren azalean sartuko dira hurrenez hurren, eta eguneroko bizitzako egoerak antzeztuko dituzte, umorez, hainbat hausnarketa proposatzeko. Bea Server Naizen elkarteko bozeramaileak azaldu du hainbat gai landu dituztela: «Bitxia da, zeren transexualitatea aipatu gabe horri buruz hitz egiten baitugu, baina gauza askoz ere gehiagoz ere bai».
Ikus-entzunezkoez gain, Naizen-en kamisetaren diseinu berria ere erakutsiko dute gaurko ekitaldian. Eman begi lelopean, diseinu lehiaketa izan dute martxan azken hilabeteetan, eta gaur aurkeztuko dute kamiseta berriaren itxura;Yogurina Borovak emango dio saria irabazleari.
Era berean, Bizipoza elkartearekin batera ondutako bideoklipa sareratzeko eguna ere izango da gaurkoa. Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri aretoan egingo dute CD-DVD berriaren aurkezpena, eta Naizen da hartu dituen elkarteetako bat. Beraz, festan ere aurkeztuko dute Kai Nakaik eta ETSko Iñigo Etxezarretak abestutako kantua. Elkarteko hainbat gaztek parte hartu dute bideoklipean.
Maialen Arzallus eta German Urteaga bertsolarien saioaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute familiek. Arratsaldean, festa publiko orokorrari irekia egongo da, eta Pontx pailazoaren, Yogurina Borovaren eta Kai Etxanizen emanaldiak izango dira.
Urteko balorazioa
Serverren arabera, urte «gogorra» izan da 2022a, Espainiako trans legea dela eta: «Gezur asko zabaldu dira, eta lortutakoak kolokan ikusi ditugu. Orain arte egiten genituen hitzaldiak gure errealitatea zabaltzeko ziren, eta, aurten, indarrak jarri behar izan ditugu gezurrak ezeztatzen».
Hori dela eta, hurrengo urterako helburutzat jarri dute unibertsitateko ikasleak sentsibilizatzea, hezkuntzan eta adin txikikoekin harremana daukaten unibertsitate gradu guztietan transexualitatea jorratzeko. Unitate didaktikoak martxan dituzte dagoeneko, eta, pixkanaka, materiala sortuz joan nahi dute, haur transexualen errealitatea geroz eta ezagunagoa izan dadin.