Asier Olaizola

«Nahiz eta anaia eta ni kanpoan bizi, beti izango gara goizuetar»

Sagardoaren txinparta bera pilotalekuan islatzen abila da olaizolatar anaien artean zaharrena. Baina galtza zuriak jantzita bainoago, mantal zuria soinean emango ditu hurrengo hilabeteak, Olaizola sagardotegian buru-belarri. Txotx.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Tanto eta txotx, upel eta kantxa. Hala ibiliko da Asier Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1975) sagardotegi garaia bukatu arte. Hori bai, gehienetan sagardotegian egongo dela adierazi du.

Sagardotegi garaia hasi berri da. Nolako sagardoa duzue aurten?

Sagardo polita dago aurten. Oraindik bilakaera eduki behar du, baina sagardo suabea eta edan erraza daukagu.

Krisia nabarituko ote den beldur?

Beldur pixka bat edo dezente, bai. Gauzak dauden bezala, normala da.

Tira, lasai, ohiturak beti dira ohiturak, eta zer esan, tartean bazkari edo afari on bat badago.

Zalantzarik ez. Garbi dago Euskal Herrian zerbaitek tradizioa badauka mahai inguruak duela, baita sagardotegiek ere. Ea hala den, eta ongi lan egiten dugun!

Sagardotegian lan egiteaz gain, sagardozalea ere ba al zara?

Gero eta gehiago. Egia esan, sekula ez naiz izan sagardozalea; baina orain,gauzak ikasi ahala, gero eta gehiago gustatzen zait.

Ondo jatekoa ere bai? Bazkaloste luzeak egiten dituzten horietakoa al zara?

Ondo jatekoa bai, baina ezin naiz mahaian lasai egon.

Pilotalekuan bezain urduria, orduan.

Bai, bai. Oso nerbiosoa naiz, eta ez dut balio mahaian ordu asko egoteko.

Hilabete hauetan non igaroko duzu denbora gehiago, pilotalekuan ala sagardotegian lanean?

Sagardotegian, sagardotegian.

Binakako Txapelketatik kanpo utzi zaituzte aurten. Espero zenuen?

Banekien. Lehengo urtean ez nuen jokatu, eta aurten ere banekien ez nuela jokatuko; ez dut inongo ezustekorik hartu.

Polita doa txapelketa. Asmatu al dute,behingoz, enpresaburuek?

Bai, oraingoz polita dago. Garbi dago badaudela hiru bat bikote oso indartsu, besteengandik nabarmentzen direnak. Baina polita dago txapelketa.

Hamasei bat urte, debuta egin zenuenetik. Gogotsu ala nekatzen hasia?

Gogo berarekin edo gehiagorekin, nik uste. Ikusten dut bukatzen ari dela jada, eta segitzeko gogo handiagorekin.

Nekatuta, agian, kazetariekin egongo zara, antzeko galderekin beti.

Kazetariek deitzea seinale ona da. Inork deitzen ez zaituenean, seinale txarra. Ona da kazetarien deiak jasotzea.

Azkenaldiko final denak kontrakantxatik ikusi dituzu. Nola sentitzen da hori?

Urduritasun dezenterekin, tentsio handiarekin. Baina polita da. Gainera, azken bi urtetan ongi atera dira final gehienak.

Anaiarekin harro? Edo inbidia apur batekin?

Inbidia beti dago, final batean ikusten duzunean; ze, noski, ze polita den final bat jokatzea. Baina, betiere harro, anaia hor ikusteagatik; noski.

Aimar eta zu zarete anaia ezagunenak, baina baduzue beste bat Alaskan hartzei argazkiak ateratzen ibili izan dena.

Bai, bai, argazkilari lanetan ibiltzen da hura.

Baina, Alaskaraino joatea ere... Beste bi anaiei pilotalekuan argazkiak ateratzeaz nazkatuta zegoelako, akaso?

Guri, egia esan, ez dizkigu argazki asko atera. Gehiago ditu animaliekin ateratakoak gurekin ateratakoak baino. Afizio handia dauka animaliekin. Egia esan, ez da batere kirolzalea. Lehen, txikitan, ibiltzen zen pilotan, eta ongi, gainera, baina utzi egin zuen.

Galdera konprometituen garaia. Betiko lehia; nongoa da sagardo hobea Astigarragakoa edo Hernanikoa?

Kar-kar. Nik uste dut bietan dagoela sagardo ona. Egia esan, gaur egun, oro har sagardo ona egiten da sagardotegi gehienetan.

Errazago jarriko dizut, ea bustitzen zaren. Pilotari onenak: Goizuetakoak edo Leitzakoak?

Ezin da orokortu. Garbi dago Leitzan eta Goizuetan pilotari handiak daudela. Herri txikiak izanagatik, pilotari handiak atera dira bietan. Gaur egun,pilotari onena Goizuetan dago: Aimar. Baina Leitzan ere oso onak daude.

Erdi leitzarra zara jada eta...

Kasik, kasik.

Goizuetakoek pentsatuko dute, anaietako bat Hondarribira bizitzera, eta bestea Leitzara.

Bizitzan gertatzen diren gauzak dira. Nahiz eta biak kanpoan bizi, beti goizuetarrak izango gara.

Amaitzeko, zer moduz moldatzen zara guraso lanetan?

Nahiko ongi. Bi edukitzeko, gainera, ongi. Esan beharra dut ere oso haur onak direla biak. Gau guztian lo egitea gauza ederra da!

Jarraituko al dute Olaizolatarren saga?

Polita izango zen, anaiarenak edo gureak jarraitzea. Baina ez dit inongo buruhausterik emango horrek. Atera daitezela pertsona jatorrak, eta, hortik aurrera, beraiei gustatzen zaiena egin dezatela. Pilotariren bat ateratzen bada, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.